Content-Length: 125209 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Adiskidetasun

Adiskidetasun - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Adiskidetasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Adiskidetasunak poza dakar.

Adiskidetasuna bi pertsona edo gehiagoren arteko atxikimenduzko erlazio mota bat da, elkarren begirune eta konfiantzan oinarritu eta bestearen ongizatea bilatzen duena. Maitasun mota bat da baina, oro har, bereizi egiten dira adiskide edo lagun diren pertsonen arteko harremanak eta familiako maitasunezko loturak nahiz amodiozko harremanetatik. Sexuarekin loturik ez dagoen harremana da, gainera: gizonezkoen, emakumezkoen nahiz emakumezko eta gizonezkoen arteko adiskide harremanak izan daitezke. Aldi berean, gizarte arlo guztietan azaltzen den harremana da, lanpostuan nahiz aisian, gaztaroan nahiz zahatzaroan, erakunde edo egitura jakin bati lotu gabe. Horrek guztiak zaildu egiten du adiskidetasunaren azterketa eta horregatik adiskidetasuna "gizarte harreman estrukturalen antitesia" dela aipatu da[1].


Adiskidetasuna funtsezkoa da elkarbizitzarako: hari esker, lehiaren ordez elkarri laguntzeko harremanak sortu, liskarrak saihestu eta izaera eta interes ezberdinak dituzten pertsonak biltzen dira. Horrez gain, poza adiskidetasunaren osagai garrantzitsua dela esaten da. Zibilizazioaren ezaugarri da, haren bidez taldeak osatzen direlako; horrela, tradizio anitzetan adiskidetasuna jainkoen oparia dela aipatzen da. Kasu batzuetan, ordea, adiskidetasuna ez da pertsonen artekoa, gizaki eta animalien artean baizik; adibidez, txakur batekin, gizakiaren lagunik onena omen.

Adiskidetasunak pertsonaren bizitza bete eta aberastu egiten duela irizten bada ere, arazo etikoak planteatu ere egiten ditu: adiskideari lagundu behar zaiola zuzentzat jotzen da, baina zer egin adiskideari laguntzeak zuzenak ez diren erabakiak hartzea dakarrenean?

Adiskidetasunaren printzipio eta oinarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adiskidetasun harreman dinamikoa da, historian zehar eta kultura batetik bestera (eta baita kultura baten baitan) aniztasun handia erakutsi duena. Nolanahi ere, adiskidetasunean konstante izaten diren printzipio zenbait badaude.

Lehenik eta behin, adiskidetasuna harreman aske eta borondatezkoa da, kultura zenbaitetan adiskidetasuna belaunaldi batetik bestera jaraunsten bada ere, obligazioak sortuz [2].

Maitasunarekin batera aztertu bada ere, adiskidetasunak ezaugarri bereziak ditu. Hain zuzen, beste maitasun mota bat den amodioa alde bateko sentimendua soilik izan daiteke, maite den pertsonak norbera maite duen edo ez kontuan hartu gabe; adiskidetasuna, berriz, harreman bat da, elkarrekin onartu eta osatzen dena. Horrela, maitemina dagoela esaten da, norberak sentitzen duen maitasuna maitatuarengandik maitasunez erantzuten ez denean; adiskidetasunean, berriz, beti dago elkarren onarpena.

Amodiozko eta adiskidetasunezko harremanak bereizteko beste irizpide bat sexualitatea dela baieztatzen da. Sexu-gogoa eta grina amodioaren ezaugarri dira; adiskidetasunezko harremanetan, aitzitik, grina baztertu eta lasaitasuna eta begirunea nagusitu behar dira[3]. Amodioan gorputz-batasuna bilatzen den bitartean, adiskidetasunean identifikazio psikologikoa bilatzen da[4].

Antzinako greziarrek agape, eros eta filia bereizten zituzten. Agape izeneko sentimenduak norabide bakarreko atxikimendu edo maitasuna adierazten du: Jainkoarenganako edo naturarekiko atxikimendua, esaterako. Eros izenekoa, berriz, sexu-grinarekin lotzen da. Filia zen egun adiskidetasunarekin pareka daitekeen sentimendua, nahiz eta familiarekiko eta aberriarekiko atxikimenduak ere biltzen zituen.

Beste alde batetik, Aristotelesek hiru adiskidetasun mota daudela adierazi zuen: interesagatik, plazerarengatik eta ongiarengatik; baina adiskidetasun garrantzitsuena ongiarena dela nabarmendu zuen. Beraz, adiskidetasuna maila zenbait dituen kontzeptua ere bada, moralak kalifikatu egiten dituena askotan: gehienetan interesa edo plazerik gabeko adiskidetasuna hobesten da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Cucó Giner, Josepa. (1995). La amistad: perspectiva antropológica. , 20 or..
  2. (Gaztelaniaz) Cucó Giner, Josepa. op. cit.. , 27 or..
  3. (Gaztelaniaz) Marías, Julián. (1992). La educación sentimental. , 268 or..
  4. (Ingelesez) Friendship, Stanford Encyclopedia of Philosophy.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: adiskide .








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Adiskidetasun

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy