Content-Length: 160198 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Babarrun

Babarrun - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Babarrun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Babarrun
Arabako babarrun nabarraren landarea eta lorea.
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFabales
FamiliaFabaceae
LeinuaPhaseoleae
GeneroaPhaseolus
Espeziea Phaseolus vulgaris
Linnaeus, 1753
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakleka, baba zuria, common bean (en) Itzuli eta Phaseoli fructus (sine semine) (en) Itzuli
Genomaren kokapenaplants.ensembl.org…
Phaseolus vulgaris”

Babarruna[1] (Phaseolus vulgaris) lekale mota bat da, lekatik ateratako ale lehor marroixka edo zuri kolorekoak direnak. Beste izen batzuk ere baditu eskualdearen arabera: banabar Lekunberrin[2], ilarra[3] nafarreraz eta iparraldeko euskaraz edo indaba[4] bizkaieraz.

Babarrun landarea belar urterokoa da, modu independentean Mesoamerikan eta Andeetan etxekotu zena, eta gaur egun mundu osoan lantzen da bere alea jateko, bai lehor, babarrun modura, bai freskoan leka modura. Inoiz hostoa ere jaten da, eta haren lastoa etxabereen bazka modura erabiltzen da. Babarrunak, kuiak, eta artoak Amerikako jatorrizko nekazaritzaren oinarria osatu zuten mende luzez.

Ikuspuntu botanikotik, babarruna dikotiledoneoa da. Lekaduna denez, nitrogenoa finkatzen du errizobioekin sortutako elkarteen bidez.

Babarrunen merkataritza ekoizpena mundu osoan dago hedaturik. Brasil eta India dira babarrun lehor gehien ekoizten dituztenak, eta Txina leka gehien ekoizten duena.

Deskribapena eta ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Phaseolus vulgaris oso espezie aldakorra da. Aldaera zuhaixkarek 20-60 cm garai izan daitezkeen zuhaixkak osatzen dituzte, eta aldaera igokariek 2-3 metro luze diren zurtoinak osatzen dituzte. Beste aldaera batzuk garaiera txikiko belarrak dira. Aldaera guztiek hosto txandakatu berde edo moreak dituzte, ertz leuneko hiru hostoxka obaletan bananduak, bakoitza 6-15 zentimetro luze eta 3-11 zentimetro zabal dela. Loreak zuriak, arrosak edo moreak dira; 1 cm luze, eta 8-20 luze eta 1-1,5 cm zabal diren lekak ekoizten ditu. Lekak berdeak, horiak, beltzak edo moreak dira, eta bakoitzak 4-6 ale gordetzen ditu. Babarrunak leunak, lodiak, giltzurrun formakoak eta 1,5 cm luze dira, kolore askotakoak izan daitezke eta sarritan bi kolore edo gehiagoz osatutako kolore nabarra dute.

Babarrun lehorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arabako babarrun nabarrak.

Babarrun lehorrek almidoi, proteina eta zuntz asko dute, eta dieta burdina, potasio, selenio, molibdeno, tiamina, B6 bitamina eta azido folikoz hornitzeko iturri bikaina dira.

Babarrun lehorrak betiko gorde daitezke toki lehor eta freskoan gordetzen badira, baina denbora igaro ahala elikadura balioa eta zaporea galtzen dute eta egoste denbora luzatu egiten da. Ia beti uretan egosita prestatzen dira, askotan hainbat orduz uretan beratu ondoren. Beratzea ez da derrigorrezkoa, baina egoste denbora laburtzen du eta ahoan homogeneoagoak den platera sortzen da. Bestalde, beratzeko erabili den ura botatzeak digeritzeko zailak diren eta haizeak sortzen dituzten azukreak kentzen ditu. Hala ere, babarrunak sarritan jaten dituztenek ez dituzte haizeak izaten, hesteetako mikrobioak babarrunetara moldatzen baitira.

Babarrunak beratzeko modurik ohikoena, Euskal Herrian, gauez babarrunak urez betetako eltze batean uztea da. Beste modu batzuk ere badaude, esaterako babarrunak hiru minutuz egostea, ondoren 2-4 orduz uztea, ura kentzea eta beti bezala prestatzea. Egosteko denbora ordubetetik lau ordura artekoa izan daiteke, baina presio bidezko janari prestaketak asko laburtzen du denbora hori.

Babarrunak jateko beste modu bat freskoan da, leka modura. Kasu horretan, almidoi eta proteina gutxiago dauka eta A bitamina eta C bitamina gehiago. Lekak prestatzeko, normalean egosi, lurrunean prestatu edo frijitu egiten dira.

Babarruna Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian sona gehien dituzten babarrunak Tolosako babarruna eta Gernikako babarruna dira, baita Arabako babarrun nabarrak Araba aldean ere. Urriaren bigarren igandean babarrun nabarraren festa ospatzen da Arabako Pobesen.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Babarrun». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-23.)
  2. Banarra erabiltzen da Lekunberrin (La alimentación en Lekunberri. Kristina Azkarate eta Ramon Inbuluzketa.)
  3. «Ilar». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-12-20.)
  4. «Indaba». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-04-23.)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Babarrun

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy