Content-Length: 112756 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Eremutar

Eremutar - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Eremutar

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Onofre IV. mendean Egiptoko basamortuan bizi izan zen eremutarra.

Eremutarra, ermitaua edo eremita kristau monje bakarti bat da, beste batzuen konpainiatik urrun egotea nahi duena arrazoi erlijiosoak direla-eta.

Eremutarra, III. mendetik V. mendera arte, jazarpenetik ihes egiteko edo askatasun osoz kontenplaziozko eta penitentziazko bizitza jarraitzeko, Tebaidako basamortuetan eta inguruko eskualdeetan, eta, jarraian, toki bakartietara erretiratu ziren kristau guztiei eman zitzaien izena da. Esaten denez, lehen eremutarra, Paulo, Egiptoarra izan zen, basamortuan 90 urtez bizi izan zena, 250etik 340 arte, eta, honen ondoren, San Palemon, Anton Abadea, Jeronimo Estridongoa, San Pakomio, San Makario, San Simeon Estilita eta abar aipatzen dira.

Jatorrian, eremutarra, misio bezala, santuren bati eskainitako ermita baten zaintza eta babesa hartzen zuen fraide bat zen, eta, orokorrean, inor bizi ez zen eta askorik bisitatzen ez zen tokiren batean. Eremutarraren erretiroa, bere espirituzko bizitza eta bere emate kristauaren zatitzat hartzen zen. Elezahar batzuen arabera, eremutar hauetako batzuk, euren gogoz giltzaperatzen ziren ermiten goialdean zegoen gela batean. Gela hauek, ateak edo bertan sartu edo bertatik irteteko beste edozein baliabide gabekoak ziren. Gela hauek zuten bakarra, leiho txiki bat zen, nondik argi apur bat sartzen zen eta jendeak, txirrika bat erabiliz, janaria eta edaria igotzen zion.

Eremutar izena, ordena erlijioso batzuei ere eman zaie, San Paulo, San Jeronimo edo San Augustinenak kasu. Kartusiar eta kamaldularrek ere, bizitza eremutarra daramate.

Eremita izena latinezko eremīta hitzetik dator; eta hori, grezierazko ἐρημίτης edo ἔρημος hitzetik («basamortua»).

Çarıklı Kilise kobazuloak.

Turkiako Kapadozia eskualdea arras aberatsa da eremutarren kobazulo eta antzinako labar-monasterioei dagokienez, munduko ingurune zabalenetarikoa mota honetakoa barne hartzen duelarik. IV. mendean lehenengo eremitak joan ziren ingurune honetara, eta gaur egun Göreme eremuan haitz kontzentrazio handiena dago, eskualdean zehar beste hainbat sakabanatuta badago ere. Tokalı, Elmalı, Barbara, Yilanlı, Karanlık eta Çarıklı elizak nabarmentzekoak dira Göremen, XI. mendekoak direnak eta haitzen barruan egindakoak daudenak.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araban ere labar-multzo ikusgarria dago, Europan nabarmentzekoa, Gaubea, Trebiñu eta Bernedo inguruetan batez ere. Trebiñun Lañuko Las Gobas eta Santorkariako kobazuloak eta Bernedon Markizko Larreako kobak eta Urartekoak aipagarriak dira.

  • "Eremitak eta nekazariak. Euskal Herriko hegoaldeko koba artifizialak". Agustin Azkarate. "Nora" aldizkaria, 16. zk. 2009ko maiatza.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Eremutar

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy