Georgikak
Georgikak | |
---|---|
Georgikak III. Liburua, Artzaina animaliekin, Vatikano. | |
Datuak | |
Idazlea | Virgilio |
Generoa | didactic poetry (en) |
Jatorrizko izenburua | Georgica |
Herrialdea | Erromatar Inperioa |
Georgikak (K. a. 29an argitaratuak) Virgilioren olerki bat da, idatzi zituenen artean bigarren garrantzitsuena, asmo bezala nekazari lanei buruz glosatu eta informatzea duena, landa bizitzaren goraipamen bat ordezkatzeaz gain.
Olerkia lau liburutan banatua dago, izaera didaktikoa du eta 2.188 hexametroz osatua dago. Bere jatorria Hesiodoren Lanak eta egunak lanean du. Virgiliok, lan hau, bereziki bere ongile izan ziren Augusto enperadorea eta Gaio Zilnio Mezenasi eskaini zien (azken hau liburu bakoitzaren hasieran aipatzen delarik). Lanak, nekazaritza arloan egiten diren lanen ilustrazio bezala balio du (uzta bilketa, ereitea...), urtaroen funtzionamenduaren azalpen bezala eta ezaugarri klimatikoena.
Landa bizitzari buruzko gai hauetaz gain, lanean, gai nagusi honekin, itxuraz behintzat, inolako lotura zuzenik ez duten beste zati batzuk ere badaude, Julio Zesarren hilketaren ondoren gertatu ziren gertakarien kontakizuna esate baterako, edo, erleen bizitzaren kasuan Augustoren gobernua goraipatzeko balio duten analogiak eginez.
Georgikak ohiko erreferentzia izango dira pizkundeko literaturan Beatus Ille izeneko gaia jorratzerakoan.
Jorratutako gaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]I. Liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nekazaritza: lurra, metodoak, nekazaritzaren jatorria.
- Nekazari lana: tresnak, ereiterako garaiak
- Iragarpen meteorologikoak
- Eguzkia gerraren iragarle:
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Georgikoak | |
Liburu osoa: Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak |
« | Nor ausart liteke eguzkiari gezurtia esaten? askotan hark gogorarazten digu gainean daudela baita asaldura itsuak ere, eta azpikeria eta gudu ezkutuak antolatzen direla. Hark ere Erroma erruki zuen Cesarren heriotzagatik, bere buru aratza herdoil ilunez estali zuenean eta gizaldi dongeak gau betiraun baten beldur izan zirenean. Garai hartan lurrak eta itsasoaren lauak eta zakur asturugaitzekoek eta zantzu gaiztoko txoriek seinaleak ematen bazituzten ere. Zenbat aldiz ikusi genuen Etna, labeak lehertuta, bere olatuekin ziklopeen lurretara gainez egiten eta sugarrezko biribilak eta harri urtuak iraultzen! Arma-hotsa zeru guztian entzun zuen Germaniak; ohigabeko astinketez ikaratu ziren Alpeak. Ahots handi bat ere aditu zuen askok oihan ixiletatik, eta gauaren ilunbean mamu era miragarrian zurbilak ikusi ziren eta (esanezina!) abereek hitz egin zuten; ibaiak gelditu egiten dira eta lurrak ireki eta marfil tristeak negar egiten du tenpluetan eta brontzeak izerditu egiten dira. Gainez egin zuen ibaien erregeak, Eridano, bere zurrunbilo zentzugabean basoak biratuz, eta saldoak eraman zituen landa guztietatik ukuiluekin batera. Eta, garai berean, etengabe, edo errai mehatxagarriak ageri ziren barrunbe tristeetan, edo odola zerien putzuei, eta hiri altuek, gauaz, orroka ziren otsoei erantzuten zieten. Inoiz ez zen zeru garbitik tximista gehiago erori ezta ere hainbestetan piztu asturugaitzeko kometak. Izan ere, berriz ikusi zituen Philliposek erromatar ahoak elkarren aurka gezi berdintsuekin borrokatzen; ez zitzaien merezi gabea iruditu goikoei Emathia eta Hemoko landa zabalak bi bider joritzea gure odolez. Dudarik gabe, helduko da garaia zeinetan nekazariak, bazter haietan golde okerraz lurra jorratzen, herdoil latzak jandako azkonak aurkituko baitituen edo eskuare pisuez kasko hutsak topatu eta lurrean zulatu hilobietan hezur handiak mirestu. | » |
—[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
II. Liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Landatutako zuhaitzak eta fruta arbolak: espezieak eta behar dituzten lurrak eta zaintzak.
- Mahatsondoa eta olibondoaren landaketa (espezifikoki)
III. Liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Behi eta zaldi abeltzaintza
- Ardi eta ahuntz abeltzaintza
- Zakurren hazkuntza eta zaintza
- Abereen izurriak
IV. Liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erlezaintza
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bilbao Telletxea, Gidor.. (2002). Latin-literaturarako sarbidea : idazleak eta idazlanak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380351..