Content-Length: 130801 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Huntz_arrunt

Huntz arrunt - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Huntz arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Huntz arrunt
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaApiales
FamiliaAraliaceae
GeneroaHedera
Espeziea Hedera helix
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakivy leaf (en) Itzuli
Habitatzuhaitz, amildegi, lur behereak eta pareta

Huntz arrunta (Hedera helix) Hedera generoko espezie botaniko bat da, jatorriz Europan, Afrikako iparraldean, eta Asiako baso hezetan —Indiatik Japoniaraino—.

Euskal Herrian dagoen familiaren nahiz generoaren ordezkari bakarra da, eta oso ugaria da leku heze eta ospeletan.

Landare bizikorra da, betiberdea eta zurkara, herrestaria nahiz igokaria. Euskarririk izanez gero, hormetan, harkaitzetan nahiz zuhaitzetan gora hazten da eta 25-30 metrotaraino igo daiteke dituen zurezko sustrai arrotzei esker. Euskarririk ezean, berriz, lur gainean zabaltzen da.

Sendagarri bezala oso erabilia izan da, nahiz eta pozoitsua izan.

hosto gingildun gazteak zurtoin igokarietan

Hostoak iraunkorrak, bakunak eta txandakatuak dira, apur bat larrukarak, gainaldean berde ilun distiratsua eta azpialdean berde-urdinxka, 5 eta 10cm arteko diametroa izaten dute. Bi hosto mota egoten dira landare berean: palmatu gingildunak goranzko zurtoinetan, eta gingilik gabeko erronbo-formakoak lore-zurtoin emankorretan, azken hauek eguzkitara jarrita egoten dira, normalean zuhaitzen adaburuan edo euskarriaren goialdean kokatuta.

Kimu gazteak eta helduak ere ezberdinak izaten dira elkarren artean, horrela, kimu gazteak argalak eta malguak dira eta sustrai arrotzak dituzte igo eta eusteko. Helduak, ostera, lodiak eta sustraigabeak dira, adar itxurakoak.

Loreak txikiak, aktinomorfoak eta erregularrak dira, berde kolorekoak, eta 3–5 cmko diametroa duten ginbail globularretan elkartuta egoten dira. Udazkenaren amaieran banaka sortzen dira.

Kalizak bost sepalo ditu, obulutegiari soldatuak, eta korolak bost petalo aske. Androzeoak bost lorezil aske ditu, petaloekin txandakatuta eta obarioak gainaldean duen diskoan txertatuta. Ginezeoa inferoa da, eta obulutegiak, bost karpelo konkreszentez eratuta dagoenak, bost lorexaki aske eta bost lokulu ditu eta horietako bakoitzean obulu bat.

Nektar ugari dute, eta hau oso elikagai iturri berantiar garrantzitsua izaten da erleentzat eta beste intsektu batzuentzat. Polinizazioa anemogamoa da.

Fruituak baia beltzak dira, txikiak, ilar baten tamainakoak. 2-5 hazi izaten dituzte eta neguaren amaieran edo hurrengo udaberrian heltzen dira. Hegazti askorentzat elikagai garrantzitsuak dira. Gizakiarentzat, ordea, pozoitsuak dira. Fruitu horiek jaten dituzten hegaztiek haziak barreiatzen dituzte.

Hostoak lepidoptera bezalako beldarrek jaten dituzte, esate baterako Phlogophora meticulosa, Noctua janthina, Odontopera bidentata, Euplexia lucipara, Idaea seriata (huntza besterik ez du jaten), Ourapteryx sambucaria, Peribatodes rhomboidaria.

Landatutako barietate baten hostoak

Asko landatzen da huntza apaingarri gisa, bai bere bizimodu basatiaren erakargarritasunagatik bai bere hosto betiberdeagatik. Azken urteotan hosto koloreaniztunak eta hosto-forma ezohikoak dituzten espezieak erabiltzen ari dira. Oso erabilgarriak dira hormak eta ezpondak estali eta babesteko.

Asko eztabaidatu da ea huntzak zuhaitzak eta hormak kaltetzen dituenentz. Zuhaitzei buruz, Europan dagoen iritziaren arabera, zuhaitzei ez die kalte handirik eragiten, nahiz eta biek elkarrekin lehian egon lurra, elikagaiak eta ura lortzearren, eta huntz kantitate handiko zuhaitzek haizeak eragindako hausturak izan ditzakete.

Hormei dagokionez, badirudi morterozko horma batean huntzaren sustraiak ez direla sartzen eta, beraz, ez dute horma kaltetzen. Baina, mortero galera duten hormetan benetako sustraiak gara ditzakete eta ahuldutako morteroan sartu, horma hondatuz. Dena dela, huntzak erauztea korapilatsua izan daiteke eta hormari huntzak berak baino kalte handiagoa eragin. Egun porlanez eta area gutxiz egindako morteroak sendoagoak dira lehen areaz eta kareaz bakarrik egiten zirenak baino.

Huntza purgante eraginkorra da, zauriak sendatzeko hostoak erabiltzen ziren. Hostoaren sustantzia aktibo bat saponina mota bat da, batez ere alfa eta beta saponinak.

Saponinei esker Hedera helixek akzio espasmolitikoa eta espektorantea du. Saponinek urdaileko epitelioan erreakzio batzuk eragiten dituela onartu da, eta bide batez, bronkioetako glandula mukosoak aktibatzen ditu nerbio-seinaleen bidez mukia ezeztatzeko.

Bestalde, animalietan eta in vitron egindako ikerketek huntza-aterakinetan dauden soponosidoek espasmo muskularrak eragozten dituztela frogatu da bronkio-aldean, batez ere alfa hederina.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Huntz_arrunt

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy