James Dean
James Dean | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | James Byron Dean |
Jaiotza | Marion, 1931ko otsailaren 8a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Cholame (en) Fairmount New York Marion Santa Monica |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Cholame (en) , 1955eko irailaren 30a (24 urte) |
Hobiratze lekua | Park Cemetery (en) Park Cemetery (en) |
Heriotza modua | : auto istripua |
Familia | |
Aita | Winton Dean |
Ama | Mildred Marie Wilson |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Hezkuntza | |
Heziketa | UCLAren antzerki, filme eta telebista eskola Kaliforniako Unibertsitatea Los Angelesen : drama Santa Monica College (en) : Pre-law (en) Fairmount Public School (en) |
Hizkuntzak | frantsesa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | zinema aktorea, telebista-aktorea, antzerki aktorea, automobil-pilotua eta aktorea |
Altuera | 171 zentimetro |
Enplegatzailea(k) | Warner Bros. |
Jasotako sariak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Adiskideen Erlijiozko Elkartea |
jamesdean.com | |
| |
James Dean (Marion, 1931ko otsailaren 8an jaioa James Byron Dean izenarekin - Cholame, 1955ko irailaren 30a) Estatu Batuetako aktorea izan zen. East of Eden, Rebel Without a Cause eta Giant pelikulak egin zituen eta auto istripu batean hil zen oraindik gaztea zela, mito bat sortuz.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marion hirian jaioa (Indianan), bikote baten seme bakarra zen. Bera txikia zela, gurasoak Kaliforniara lekualdatu ziren, Santa Monicara. Hortik gutxira, James txikiak 9 urte zituenean, bere ama hil zen, eta aitak -semea zaintzeko ardura bereganatu nahi ez zuena- osaba-izeba batzuekin bizitzera bidali zuen, Indianara. Amaren heriotza goiztiarrak eragin handia izan zuen Deanen bizitzan, eta sakon markatu zuen.
Nerabezaroan kirolari amorratua bilakatu zen (saskibaloian, bereziki, nabarmenduz) eta antzerkian ere jardun zuen, hainbat antzezlanetan parte hartuz. 18 urterekin Indiana utzi eta Kaliforniara mugitu zen unibertsitate-ikasketak egiteko, bere aitarekin (berriz ezkonduta zena) biziz.
Hortik gutxira, baina, unibertsitatea utzi eta antzerkian murgiltzea erabaki zuen, bere aitaren iritziaren aurka. Hori izan zen antzezle profesional gisa bere ibilbidearen abiapuntua.
Karrera profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950ean agerpen labur batzuk zineman eta telebistan egin zituen, antzerkiko lanak egiten jarraitzen zuen bitartean. 1950en New Yorkera joan eta bertako Actors Studio ospetsuan ikasi zuen, Broadway-en lan garrantzitsu baten (See the Jaguar) protagonista papera ere antzeztuz.
Telebistako saio batzuetan agertu ondoren, arrakasta handia lortu zuen Broadway-en, The inmoralist (1953an) antzezlanarekin. Lan honek Hollywood-eko ateak irekiko zizkion hilabete batzuk geroago.
Elia Kazan zine zuzendariak Dean ikusi zuen Broadway-en The inmoralist antzeztuz, eta hasi nahi zuen pelikulan (East of Eden) gazte atsekabetu protagonistaren papera oso ongi zetorkiola pentsatu zuen.
Dean gazteak ez zion muzin egin Kazanen eskaerari, eta East of Eden (1954an filmatua) izan zen protagonismo handia eman zion bere lehenengo pelikula (lehenago beste agerpen motz batzuk izan zituen beste pelikula batzuetan). Pelikula horretan, Deanek gazte atsekabetu, arbuaiatu eta bakartiaren papera modu bikainean antzeztu zuen, eta antzezpen horregatik Oscar Sariarentzat izendatua izan zen.
1955ean Nicholas Ray zuzendariak beste paper garrantzitsu bat eskaini zion Rebel Without a Cause pelikulan. Film honetan, Dean gazte inkonformista eta errebelde baten azalean sartzen zen. Pelikulak oso harrera ona izan zuen, gazteen artean bereziki, eta James Dean -bere larruzko jaka eta praka bakeroekin- gazte-ikono bat bihurtu zen, garai hartako nerabeek jazteko orduan ere imitatu zutena.
Rebel Without a Cause bukatu eta gutxira bere azken pelikulan parte hartu zuen: Giant (1956), bera hil eta gero estreinatu zena. East of Eden eta Rebel Without a Cause filmen ostean, Deanek nerabe errebelde bat bezala sailkatua izatea saihestu nahi izan zuen, eta pelikula berrian petrolioa aurkitu eta aberats bihurtzen den Texasko arrantxo bateko peoi bat antzeztu zuen. Pelikula honegatik bigarren aldiz izendatua izan zen, hil ondoren, Oscar Sarientzat, 1957an. Pelikula amaitu eta bi astetara heriotzarekin egin zuen topo ustekabean, zorigaiztoko auto istripu batean.
Heriotza eta mitoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Azkar bizi, gazte hil eta hilotz ederra utzi" leloa hitzez hitz bete zuen James Deanek. Auto lasterketekiko zaletasun handia izanik, horietako batzuetan parte hartu zuen. East of Eden pelikula bukatutakoan, 1955ean, Palm Springs-eko rally batean inskribatu eta bigarren tokian geratu zen.
Abiadurarekiko zuen grina ezaguna bilakatu zen, eta Giant pelikularen ekoizleek debekatu egin zioten auto-lasterketetan parte hartzea pelikula horretan lan egiten ari zen bitartean.
Geroago, ordea, bere Porshe Spyder 550 berriarekin, Salinas herrian jokatu behar zen auto-lasterketa batera zihoanean, kotxeak aurrez aurre talka egin zuen beste auto batekin, eta bertan hil zen.
Haren heriotza goiztiarrak, bere jarrera sutsuak Koreako gerraren aurka, eta, batez ere, gurasoekin gatazkan dauden gazte errebeldeen bere antzezpen bikainek XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetako gazteen ikur nagusietako bat bihurtu zuten.
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fixed Bayonets (1951)
- Sailor Beware (1952)
- Has Anybody Seen My Gal? (1952)
- Trouble Along the Way (1953)
- Rebel Without a Cause (1955)
- East of Eden (1955)
- Giant (1956)