Content-Length: 206181 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Mol

Mol - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Mol

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

2019ra arte, 12 gramo karbono-12n neurtutako atomo kopuruak zehazten zuen molaren balioa. Gaur egungo balioa zehatza da, baina oso gutxi urruntzen da aurreko definiziotik.

Mola (unitate-sinboloa: mol) substantzia-kantitatearen unitatea da SI sisteman.[1] Substantzia-kantitatea (magnitude-sinboloa: n) substantzia jakin baten lagin batean dauden gauzaki elementalen kopurua da. Definizioz, mol batek zehazki 6,02214076×10^23 gauzaki elemental ditu eta balio honi Avogadroren zenbakia deritzo.[2] Lehen, mola karbono-12aren 12 gramotan dagoen atomo kopurua zen,[3] 2019an birdefinitu zen arte. Substantziaren arabera, gauzaki elementala atomo, molekula, ioi, ioi-talde edo elektroia bezalako partikula azpiatomiko bat izan daiteke. Adibidez, 10 ur molekulek (konposatu kimikoa) eta 10 merkurio atomok (elementu kimikoa), gauzaki elementalen kantitate bera dute, nahiz eta substantzia ezberdinak izan.

Mola kimikan asko erabiltzen da erreaktibo eta produktu kantitateak adierazteko erreakzio kimikoetan. Adibidez, 2 H2 + O2 → 2 H2O ekuazio kimikotik uler daiteke 2 mol hidrogenok (H2) eta 1 mol oxigenok (O2) erreakzionatzen dutela 2 mol ur (H2O) eratzeko. Kontzentrazio molarra ere sarri erabiltzen da, solutu-kantitatea disoluzio bolumenarekiko (mol/L).

Erlazionatutako kontzeptuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masa molarra (magnitude-sinboloa: M) substantzia baten masaren eta kantitatearen arteko erlazioa da. Hau da, substantzia baten mol baten masa da. SIko unitateak kg/mol dira,[4] baina ia beti g/mol bezala adierazten da.

Substantzia baten masa molekularrekin (magnitude-sinboloa: Mr) erlazionatuta dago; balio bera duena baina unitate desberdina (u). Masa molekularra substantzia baten gauzaki elemental bakar baten masa da, masa molarra aldiz 6,02214076×10^23 gauzaki elementalen masa da. Adibidez, sodioaren kasuan:[5]

Mr(Na) = 22,990 u
M(Na) = 22,990 g/mol

Sodioaren isotopo egonkor bakarra 23Na denez[5] naturan bere atomo guztiek masa bera dute eta ondorioz lagin baten masa molarra beti izango da 22,990 g/mol. Elementu askok ordea isotopo egonkor bat baino gehiago dute eta bakoitzaren ugaritasuna iturriaren araberakoa da. Kasu horietan masa molarra batazbesteko haztatu baten bidez kalkulatzen da, lagin bateko isotopo bakoitzaren masa molar eta ugaritasuna kontuan hartuta.

Sodio kloruroan (NaCl) adibidez, kloroak bi isotopo egonkor ditu, ondorengo masa isotipiko eta ugaritasun naturalekin:[5]

Mr(35Cl) = 34,969 u (% 75,78)
Mr(37Cl) = 36,966 u (% 24,22)

Hortaz, konposatua eratzeko bi konbinazio daude, bakoitzaren masa molekularra atomoen masen batura izanik. Kloroaren ugaritasunak baldintzatzen du osorik konbinazio bakoitzaren ugaritasuna, sodioaren isotopo egonkor bakarra dagoelako.

Mr(Na35Cl) = 22,990 u + 34,969 u = 57,959 u (% 75,78)
Mr(Na37Cl) = 22,990 u + 36,966 u = 59,956 u (% 24,22)

Masa molarra jakiteko unitateak g/mol-era aldatu besterik ez da egin behar. Hau da, Na35Cl konposatuaren lagin puru baten masa molarra 57,959 g/mol izango litzateke, baina naturan bere ugaritasuna txikiagoa denez batazbestekoa egin behar da. Kloro isotopoen ugaritasuna kontuan hartuz gero, sodio kloruroaren batazbesteko masa molarra da:

M(NaCl) = (57,959 g/mol)(% 75,78) + (59,956 g/mol)(% 24,22) = 58,44 g/mol

Hala ere, elementu batzuetan isotopo egonkor bakar baten ugaritasuna % 99 baino handiagoa da. Honen eredu dira hidrogenoa (1H), helioa (4He), karbonoa (12C), nitrogenoa (14N), oxigenoa (16O), argona (40Ar), banadioa (51V), lantanoa (139La), tantaloa (181Ta) eta uranioa (238U).[5][6] Elementu hauen edo beraien konposatuetan isotopo ugarienez egindako lagin baten eta lagin natural baten masa molarren ezberdintasuna oso txikia da. Adibidez, ez dago ezberdintasun handirik soilik 1H eta 16O dituen uraren (18,011 g/mol) eta ur lagin arrunt baten (18,015 g/mol) artean.[7]

Masa molarra erabilgarria substantzia-kantiatea jakiteko, beharrezko datua erreakzio kimikoetan. Adibidez, 250 g uretan dagoen kantitatea da:

Kontzentrazio molarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzentrazio molarra edo molaritatea (magnitude-sinboloa: c) da solutu baten substantzia-kantitatea moletan disoluzioaren bolumenarekiko.[4][8]

SIko unitate estandarra mol/m3 den arren, egoera gehienetan praktikoagoa izaten da kontzentrazio molarra mol/L bezala adieraztea, baita ere molar deitua (unitate-sinboloa: M).[4] Adibidez, 0,1 M sodio kloruro disoluzio akuoso batek solutuaren 0,1 mol ditu disoluzioaren litro bakoitzeko.

Molalitatea (magnitude-sinboloa: b) solutu baten substantzia-kantitatea da moletan disoluzioaren masarekiko. SIko unitateak mol/kg dira.[9]

Frakzio molarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frakzio molarra (magnitude-sinboloa: x) substantzia baten mol kopurua da nahasketan dauden mol kopuru totalaren artean. Adimentsionala da; ez du unitaterik.[10]

Adibidez, 20,0 g sodio kloruro (58,44 g/mol) 100 g uretan (18,015 g/mol) disolbatu ezkero, solutuaren frakzio molarra da:

Gas nahasketa batean, gas bakoitzaren presio partziala frakzio molarrarekiko proportzionala da.

Bolumen molarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolumen molarra (magnitude-sinboloa: Vm) substantzia baten bolumenaren eta kantitatearen arteko erlazioa da, edo mol batek okupatzen duen espazioa. SIko unitatea m3/mol da, baina L/mol ere erabiltzen da.[11]

Gas ideal baten bolumen molarra 22,4 L da egoera estandarretan (101 325 Pa, 273 K).[12] Solido eta likidoetan, bolumen molarra ia konstantea da eta substantziaren araberakoa.

Erlazionatutako unitateak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SIko beste unitateak bezala, molak azpimultiploak eta multiploak ere baditu. Hala ere, hauetatik gehienak oso gutxi erabiltzen dira.

Molaren multiploak SIn
Azpimultiploak Multiploak
Balioa Sinboloa Izena Balioa Sinboloa Izena
10−1 mol dmol dezimol 101 mol damol dekamol
10−2 mol cmol zentimol 102 mol hmol hektomol
10−3 mol mmol milimol 103 mol kmol kilomol
10−6 mol μmol mikromol 106 mol Mmol megamol
10−9 mol nmol nanomol 109 mol Gmol gigamol
10−12 mol pmol pikomol 1012 mol Tmol teramol
10−15 mol fmol femtomol 1015 mol Pmol petamol
10−18 mol amol attomol 1018 mol Emol examol
10−21 mol zmol zeptomol 1021 mol Zmol zettamol
10−24 mol ymol yoktomol 1024 mol Ymol yottamol
10−27 mol rmol rontomol 1027 mol Rmol ronnamol
10−30 mol qmol quectomol 1030 mol Qmol quettamol

Gauzaki elementalen kopurua beti denez zenbaki oso bat, substantzia batean zehazki eduki daitekeen unitate txikiena femtomola da. Adibidez, elementu baten femtomol bat zehazki 602214076 atomo dira. Aldiz, attomol bat zehazki 602214,076 atomo izango lirateke, zentzurik ez duena zenbaki osoa ez delako.

Molaren unitate eratorri bakarra katala da, jarduera katalitikoa definitzeko erabilia, eta bere balioa mol bat segundoko da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) IUPAC - mole (M03980). .
  2. (Ingelesez) SI Units – Amount of Substance. NIST.
  3. (Ingelesez) Redefining the Mole. NIST.
  4. a b c (Ingelesez) Thompson, Taylor; Taylor, Barry N. (2008). Guide for the Use of the International System of Units (SI). , 27 or..
  5. a b c d (Ingelesez) Table of Isotopic Masses and Natural Abundances. University of Alberta.
  6. (Ingelesez) Herzog, Gregory F.. (2022). Isotope. Britannica.
  7. (Ingelesez) Water. PubChem.
  8. (Ingelesez) 13.6: Specifying Solution Concentration - Molarity. .
  9. Ambler, Thompson; Taylor, Barry N. (2008). Guide for the Use of the International System of Units (SI). National Institute of Standards and Technology, 28 or..
  10. (Ingelesez) Thompson, Ambler; Taylor, Barry N. (2008). Guide for the Use of the International System of Units (SI). National Institute of Standards and Technology, 25 or..
  11. (Ingelesez) Thompson, Ambler; Taylor, Barry N. (2008). Guide for the Use of the International System of Units (SI). National Institute of Standards and Technology, 26 or..
  12. (Ingelesez) 11.5: Applications of the Ideal Gas Law- Molar Volume, Density and Molar Mass of a Gas. Chemistry LibreTexts.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Mol

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy