Artikulu hau erretxina fosilari buruzkoa da; Irakeko Anbar edo Al-Anbar probintziari buruzkoa beste hau da: «Al-Anbar probintzia».

Anbara[1] zuhaitzen erretxina fosildua da; gogorra, horia eta gardena da. Oso preziatua izan da Neolitotik, bere kolore eta edertasun organiko naturalagatik. Sendagai modura erabiltzen da medikuntza eredu batzuetan, eta baita lurringintzan eta bitxigintzan ere. Egitura kimikoa zein, bost anbar mota daude. Jatorriz arbola-erretxina itsaskorra denez, batzuetan barnean animalien edo landareen materialak ageri dira.

Armiarma bat anbar zati baten barruan harrapatua

Anbar hitza arabieratik dator, eta «itsasoan flotatzen duena» esan nahi du.[2]

Ezaugarriak

aldatu

Material organikoa da, zuhaitzen barru-barrutik sortzen dena. Argi-izpiek zeharka dezakete eta, orduan, haren ezti-koloreak distira berezia hartzen du. Igurtziz gero, papera erakartzeko ahalmena du; propietate horregatik, grezieraz elektron esaten diote. Berotuz gero, erre egiten da.[2]

Jatorria

aldatu

Harrikatzak eta petrolioak bezalaxe, anbarak jatorri biologikoa du, zuhaitzen erretxinatik baitator. Zaurituz gero, erretxina jariatzen dute koniferoek. Azaletik hurbil, erretxina erretxin-hodietan egoten da. Jariatzen den arte likidoa bada ere, atmosferarekin kontaktuan solidotzen joaten da. Usainduna eta lingirdatsua da, eta erreka likatsuak zurtoinaren kanpoaldean aurkitzen duen edozer harrapatzen du, bai intsektuak eta onddoak, bai hostoak, haziak eta polen-aleak. Gainera, prozesuak betikotu egiten ditu: erretxina jariatu zenean inurri-talde bat hostoak mozten eta garraiatzen ari bazen, horixe ikusten da anbarean.[2]

Izan ere, anbara erretxinaren fosilizazioaren ondorioz sortzen da. Denboraren poderioz, erretxina oxidatuz joaten da, eta osagai organikoen polimerizazioz anbara sortzen da. Baina hori gertatzeko milioika urte behar dira. Aurkitu izan den anbar gehiena Tertziario eta Kuaternario garaietakoa da, hau da, 66 milioi urtetik honakoa; baina bada zaharragorik ere. Bestalde, tenperatura- eta presio-baldintza bereziak behar ditu sortzeko eta irauteko.

Euskal Herriko anbara, eltxoak eta ADN berreskurapena

aldatu

Hain zuzen ere, Euskal Herrian topatu den anbara oso zaharra da, eta inklusioekin aurkitu da, gainera. Hori da Araban dauden aztarnategien ezaugarririk harrigarrienetakoa: sortu zenetik —duela 110 milioi urte baino gehiago— gertaera geologikoek gaur arte iraunarazi diote, ikusgarri jarri eta egoera ezin hobean mantendu.[2]

Urizaharreko eta Gatzaga Buradongoa dira Arabako aztarnategi horiek, eta bertako anbarean hainbat inklusio aurkitu dira. Intsektuen artean, adibidez, euliak (ezagutzen diren zaharrenak) eta eltxoak, hala nola Jurassic Park-eko fikzioan dinosauroen ADN-a berreskuratzeko topatzen dituzten anbar piezetakoak. Michael Crichton idazlearen fikzio hori, ordea, gauza-ezina da zientziaren arabera[3]: anbaretan gordetako izakien forma zehatz gordetzen den arren, ez da haien ADN katerik berreskuratzeko modurik, are gutxiago eltxo batek beste izaki baten odola xurgatu eta bere tutuetan aurkitzekorik.

Ikus halaber:

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Anbar hitz amaierako "r" biguna da. Hortaz, anbarezko bitxia esan eta idazten da (Euskaltzaindiaren hiztegi batua)
  2. a b c d Txintxurreta Agirre, Arantxa. «Anbara: eztizko malko lehorrak» Elhuyar Zientzia eta Teknika, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  3. (Gaztelaniaz) «Imposible recuperar DNA del ámbar» Genes, genomas y otras genialidades (Noiz kontsultatua: 2021-01-26).

Kanpo estekak

aldatu
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy