Arkeologia

azatarna materialen bidez gizarteen historia ikertzen duen zientzia edo jakintzagaia

Arkeologia, grezieratik eratorria (archaios zaharra, logos zientzia edo ezagutza), metodologia arkeologikoaren bidez antzinako zibilizazioak edo gertuagoko garaitakoak ikertzen dituen zientzia da. Gizakiek utzitako aztarnetan (tresna, arma, eraikitako egiturak, arrasto botanikoak...) oinarritzen da horretarako. Indusketa metodologien bitartez lortzen dira objektuak, aurkitu diren testuingurua ere kontuan hartuta (geruzak, estratuak, etab.) eta, ondoren, sailkatu eta ikertu egiten dira, jakintza historikoa lortzeraino.

Indusketa arkeologiko batean egiten diren hainbat pausoren inguruko bideoa.

Hasieran, arkeologia Antzinaroari lotuta egoten zen; Greziako, Erromako eta Egiptoko aurkikuntza ikusgarriei hain zuzen. Baina Europan, Historiaurrea ikertzeko modu bakanetarikoa izanik, nahitaezkoa da garai horietarako. Bestalde, egun, gizarteen edozein garaitara aplika daiteke. Zientzia honetan aritzen direnak arkeologoak dira.

Estatu batuetan antropologia eta arkeologia estuki lotuta daude eta unibertsitateetako departamentuetan horrela islatzen da[1].

Ikerketa arkeologikoa

aldatu

Ikerketa arkeologikoan, datuen eskuratzea eta dokumentatzea parte garrantzitsua da. Hau lurra arakatu, uraren azpian edota eraikinetan egin daiteke. Bakoitzak bere metodologia behar du.

Indusketa da ezagunena, baina horrekin hasi aurretik azterketa geologikoa, topografikoa eta historikoa egin ohi da; beraz, ikertzen dira arroken eta zoruen ezaugarriak, altitudeak, eta abar, eta induskatu nahi den gunearen aipamenak dokumentuetan, horretarako, artxibategi historikoetara jo behar delarik. Gainera, askotan prospekzioak egiten dira, lur azalekoa edo lur barrukoa. Lur azaleko prospekzioen artean, argazkiak, Lidar sistemak eta bertatik bertara egiten diren ikuskatzeak daude. Lur barruan prospektatzeko hainbat teknologia elektro-magnetiko erabil daiteke.

Lurreko indusketaren metodologia

aldatu
 
Lur azpian zegoen Amaiurko eskailerak azaleratu zituzten arkeologoek
Indusketetan aurkitutako materialei kontserbazio-teknikak aplikatu behar zaizkie.

Bi indusketa nagusi bereizten dira: ikerketazkoa eta urgentziazkoa. Azken kasu horretan, leku batean herri-lanak egin behar direnean egiten da, motzagoa izaten da, intentsiboa eta enpresa profesionalek eginda. Ikerketak, ordea, luzerako planifikatzen dira eta ikerketa proiektu baten barruan egiten dira.

Induskatu nahi den eremua mugatu behar da, ez baita beti aztarnak izan daitezken lur eremu osoa altxatzen. Zorua zedarritzen da soken bidez, azalera karratuak definitzaileko eta azalera horiek bere koordenatu geografiko eta sakontasunaren bidez definitzen dira. Horretarako, indusketa azal osoaren 0 puntu bat definitzen da eta horren koordenatu topografiko zehatzak hartzen dira.

Honela, aurkitzen diren objektuak edo egitura zatiak koordenaden bidez koka daitezke aztarnategiaren barruan. Objektua ohikoa dela erabakitzen bada, agertu den azalera eta geruzaren bidez identifikatuko da, berezia bada, ordea, koordenatu egingo da; hau da, bere koordenatu topografikoak hartuko dira.

Geruzak ere definitu behar dira. Geruza arkeologikoek geologiaren estratuetan dute oinarria. Hau da, geruza arkeologiko batek lur edo zoru mota batek edo egitura zehatz batek osatzen du. Lurra edo harriak atera ahala, beherantz egiten dugu indusketan. Sakonera horrek definitzen ditu askotan garaiak, ez beti, ordea, eta horregatik, geruzen "mapa" moduko bat egin ohi da. Hainbat mapa mota egin daiteke baina gaur egun Harris matrizea da gehien erabiltzen dena. Arkeologoek, egutegi batean erregistratzen dute.

Lortzen diren objektuak bere koordenatu eta ezaugarriekin gordetzen dira eta biltegian gordetzen dira, ondoren laborategira eraman eta hainbat metodo erabiliz aztertzeko. Pieza bakoitzean kode bat marrazten da bakoitza identifikatzeko.

Aztarnategi bat osorik induskatzeak urteak eman dezake eta induskatzen den urte bakoitzerako "kanpaina" hitza erabili ohi da.

Arkeologia eta Espeleologia

aldatu

Arkeologia karstaren zientzia garrantzitsuenetako bat da, espeleologiaren baitan kobazuloetako aztarnak ikertzen duelarik.[2]

Arkeologia esperimentala

aldatu

Azken urteetan gero eta hedatuago dago Arkeologia esperimentala. Modalitate honetan, garai bateko teknikak erabiltzen dira artefaktuak[oh 1], materialak, bizilekuak eta bestelako produktuak lortzeko. Honela kultura ezberdinetan sakon dezakegu eta datu berriak lortu. Bidaiak ere egin izan dira horien bideragarritasuna frogatzeko. Bestetik, dibulgazio eta hezkuntzarako ere erabiltzen da, prozesu batzuk hobeto ulertarazteko.

Arkeologiaren sozializazioa eta zabalkundea

aldatu

Arkeologiaren aurkikuntzen zabalkundea aldizkari espezializatuetan eta kongresuetan, eta hedabide orokorretan egin ohi da lehenik eta behin, eta askotan, aztarnategiko web gunean. Liburuak eta museoetako erakusketak ere oinarrizkoak dira. Aztarnategia bera atondu daiteke bisitak jasotzeko (aztarnategi bisitagarria), orduan, "balorean jarri" dela esaten da eta ohikoa da zati batzuk berreraikitzea.

Arkeologia Euskal Herrian

aldatu

Aztarnategi eta monumentu arkeologikoen zerrenda ikusteko ikusi hemen: Kategoria:Euskal Herriko aztarnategi arkeologikoak

Euskal herrik arkeologoen zerrendak hemen: Euskal Herriko arkeologia

Euskal Herrian, bertako Historiaurrearen ezagutzan aitzindari izan ziren T. Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta E. Eguren. "Hiru troglodita tristeak" ("Los tres tristes trogloditas") ezizenaz ezagunak, 1916tik elkarrekin lanean aritu ziren, Europa mailan onenetakoa izan zen diziplinarteko lan-taldea osatuz. Gaur egun, ordea, ez dago arkeologia ikasketa programarik Euskal Herriko unibertsitateetan, eta bestako arkeologoak, beraz, kanpora joaten dira formatzera.

Profesionalak eta auzolana

aldatu

Beste herrialde askotan bezala, hein handi batean boluntarioei esker egiten dira urtero indusketak, eta udako sasoira mugatzen dira gehienak, ikerketa mota honetara bideratzen den inbertsio publiko zein pribatua ez baita nahikoa indusketak jarraian egiteko denbora luzean, eta beraz, ohikoa da aztarnategi bat urtetan industen aritzea, urte bakoitzean epe motz batean. Auzolana bultzatu ohi da proiektu handietan, eta tokiko administrazioa eta inguruko herritarrek parte hartzen dute.[3] [4]

Ipar Euskal Herrian, Eusko Arkeologia - Groupe de recherches archéologiques du Pays Basque taldea aritzen da ikerketak eta difusioa bultzatzen[5].

Unibertsitateek, zenbait enpresa eta zenbait elkartek egiten dituzte Euskal Herrian prospekzioak, indusketak edota laborategi-azterketak. EHU, Nafarroako Unibertsitatea, Suhar Arkeologia, Aditu Arkeologia, Aranzadi Zientzia elkartea, Quark arkeologia, Lurmen SL., Gestion de paisajes culturales, Ondare Babesa, besteak beste.

Dibulgazioa

aldatu

Euskal Herriko ondare arkeologikoa ezagutzeko museotan eta aztarnategitan ezagutu daiteke bertatik bertara. museo batzuk arkeologian monografikoak dira eta beste batzuk, horri zuzendutako atal bat dute. Aztarnategi gehienak udan bisita daitezke indusketa arkeologikoa egiten den bitartean eta beste batzuk egokitu dira bisitagarri izateko urte osoan. Gutxi batzuk, museo txiki bat izaten dute gertu bertan aurkitutako objektuak eta informazioa erakusteko. Euskal lurraldeetan soilik bi probintziek dute arkeologi-museo monografikoak: Bizkaiko Arkeologi museoa[6] eta Arabako Arkeologia museoa. Oiasso Erromatar Museoa Irunen dagoen erromatar garaia du ardatz. Besteetan areto batzuk dedikatzen diote: San Telmo museoa Gipuzkoan eta Euskal museoa Lapurdin. Baionako Euskal Museoan etnografia museoa izanik ere, Historiaurreari eskainitako gune bat du. Beste museo txikiagoak batzuk hauek dira: Ekainberri, Santakriz Eslaba, Iruña-Veleia, Amaiurko gaztelua, Las Eretas, besteak beste.

Aldizkariak ere argitaratzen dira: Kobieko Antropologia kultural seriea[7], Aranzadik publikatzen duen Munibe aldizkariaren Antropologia eta Arkeologia seriea[8], Arkeogazte[9], EHUk editatzen duen Veleia[10], Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Nafarroako Trabajos de Arqueología Navarra[11], eta abar. EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeak Historiaurreari buruzko albisteen bloga elikatzen du artikulu profesionalekin.[12]

Oharrak

aldatu
  1. Artefaktua izena erabiltzen da ingelesezko arkeologian indusketetan topatu eta gizakiak egin dituen objektuak aipatzeko.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «What is the difference between archaeology and anthropology?» Ancient Odysseys 2022-05-19.
  2. Union Internationale de Spéléologie. «UIS Commissions and Working Groups» https://www.uis-speleo.org/ (Noiz kontsultatua: 2018ko abuztuaren 8a).
  3. Azurmendi, Eneko. (2017). «Murugain proiektua, bertatik bertara - Aramaio» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  4. «En julio comienza la IX Campaña de Excavaciones Arqueológicas en el Yacimiento de Elexazar en Amurrio centrada en la excavación total del espacio central | HAUXE DA AMURRIO» www.hauxeda.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  5. (Frantsesez) «Beñat Chassevent» EKE (Noiz kontsultatua: 2023-08-15).
  6. «Arkeologi museoa» www.bizkaikoa.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  7. «Sailak - - Bizkaia.Eus» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  8. (Gaztelaniaz) Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » Munibe Antropologia-Arkeologia. (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  9. «Arkeogazte» Arkeogazte (Arkeogazte elkartea) (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  10. (Gaztelaniaz)(Ingelesez) «Veleia» www.ehu.eus (Euskal Herriko Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).
  11. Trabajos de Arqueología Navarra. Nafarroako Gobernua.
  12. (Gaztelaniaz) «HOME» historiaurrea (Noiz kontsultatua: 2020-07-11).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy