Edukira joan

Aurpegi-nerbio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aurpegiko nerbioa» orritik birbideratua)
Aurpegi-nerbio
Xehetasunak
Arteriapetrosal branch of middle meningeal artery (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latineznervus facialis
MeSHA08.800.050.600.149, A08.800.800.060.275 eta A08.800.800.120.250 A08.800.050.050.275, A08.800.050.600.149, A08.800.800.060.275 eta A08.800.800.120.250
TAA14.2.01.099
FMA50868
Terminologia anatomikoa

Aurpegi nerbioa[1], nerbio faziala edo zazpigarren nerbio kraniala[2] nerbio kranial misto bat da, zuntz motor eta sentsitiboz osatua. Ugaztunetan agertzen da nerbio hau, gizakiak barne, eta VII. bikote kraniala osatzen du. Bikote kraniala den aldetik, bi zuntz ematen ditu, aurpegiaren alde bakoitzetik jaisten direnak. Enbor entzefalikoan kokatzen den erraboil-zubietako ildotik ateratzen da nerbioa eta aurpegiko giharreria mimikoa inerbatzen du, baita dastamena mihiaren aurrealdeko bi herenetan. Horrez gain, buru eta iduneko zenbait gongoil nerbioso inerbatzeko gongoil aurreko zuntz parasinpatikoak daramatza barruan.

Nerbioa entzefalo enborreko zubitik hezur tenporalaren kanal fazialera abiatzen da eta zulo estilomastoideoaren bidez irteten da garezurretik.

Aurpegi nerbioa eta nerbio bitartekaria elkarrekin doazenez, nervus intermediofacialis izenez ezagutzen dira.

Aurpegi nerbioaren ibilbidea 6 zatitan banatu daiteke.

  1. Atal intrakraneala
  2. Barne belarriko atala (entzefalo enborreko zubitik barne belarriko zulora)
  3. Atal laberintikoa (barne belarriko zulotik gongoil genikulatura)
  4. Atal tinpanikoa (gongoil genikulatutik eminentzia piramidalera)
  5. Atal mastoideoa (eminentzia piramidaletik zulo esitlomastoideora)
  6. Tenporal kanpoko atala (zulo estilomastoideotik parotida ondorengo adarrak eman arte)
  1. Aurpegi nerbioaren atal motorra zubian kokatutako aurpegi nerbioaren nukleotik irteten da, atal parasinpatikoa ordea nerbio bitartekaritik dator.
  2. Entzefalo enborretik irtetean, nerbio fazialaren atal motorrak eta sentsitiboak bat egiten dute eta atzeko hobitxo kraniala zeharkatzen dute hezur tenporalaren atal petrosora sartu aurretik barneko entzumen bidetik. Hemendik irten eta gero, nerbioa kanal fazialetik abiatzen da, atal labirintikoa, tinpanikoa eta mastoidean banatua dagoena.
  3. Atal labirintikoa oso laburra da eta bere amaiera aurpegi nerbioak belaun bat sortzen duen puntuan dago. Belaun horri aurpegi nerbioaren kolikulua deritzo eta bertan nerbio sentsorialen somak gordetzen dituen gongoil genikulatua kokatzen da. Aurpegi nerbioaren lehenengo adarra, nerbio petroso nagusia, hemen agertzen da gongoil genikulatutik. Nerbio petroso nagusia kanal pterigoideotik doa eta gongoil pterigopalatinoan sinaptatzen du, gongoil atzeko zuntzek malko-guruina inerbatzeko ondoren.
  4. Atal tinpanikoan aurpegi nerbioa zulo tinpanikotik doa, ingudearekiko medialki.
  5. Eminentzia piramidala aurpegiaren bigarren belauna da eta bertan nerbioa beherantz abiatzen da atal mastoideo bezala. Kanal fazialaren zati tenporalean nerbioak tinpano korda nerbioa ematen du. Honek dastamen zuntzak ematen ditu mihiaren aurreko bi herenak inerbatzeko eta horrez gain barailazpiko gongoilean sinaptatzen du, zuntz postganglionarrek barail-azpiko eta mihi-azpiko guruinak inerbatuz.
  6. Zulo estilomastoideotik irtetean, aurpegi nerbiotik atzeko nerbio aurikularra sortzen da. Gero, nerbio fazialak parotida guruina zeharkatzen du, baina hau inerbatu gabe. Parotidaren sakontasunean parotida plexua sortzen du eta bertatik bost adar sortzen dira aurpegiko giharreria mimikoa inerbatzeko (tenporala, zigomatikoa, ahokoa, baraileko marginala, zerbikala).
Aurpegi-nerbioa (urdinez) eta aurpegi-nerbioaren nukleoa (gorriz) entzefalo enborrean

Garezur barneko adarrak (intrakranealak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Nerbio petroso nagusia: gongoil genikulatuan sortzen da eta inerbazio parasinpatikoa ematen du zenbait guruinentzat, sudurreko guruina, ahosabaiko guruina, malko-guruina eta faringeko guruinak barne. Horrez gain, sinu esfenoidala, sinu frontala, sinu maxilarra, sinu etmoidala eta sudur-hobia ere inerbatzen ditu parasinpatikoki. Azkenik, dastamen zuntzak ere daude nerbio petroso nagusian, ahosabaia inerbatzeko nerbio palatino nagusiaren eta txikiaren bidez.
  • Gongoil otikora zuzentzen den adar komunikatzailea: gongoil genikulatuan sortu eta nerbio petroso txikiaren bidez gongoil otikora doa.
  • Ointokiaren nerbioa: inerbazio motorea ematen dio ointokiaren muskuluari erdiko belarrian
  • Tinpano korda nerbioa: barailazpiko guruina, mihiazpiko guruina eta dastamen zuntz sentsitibo bereziak mihiaren aurreko bi herenentzat.

Garezur kanpoko adarrak (extrakranealak)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zulo estilomastoideotik irten ondoren hurrengo adarrak ematen ditu aurpegi nerbioak:

  • Atzeko nerbio aurikularra: belarri inguruko zenbait muskuluren mugimenduak kontrolatzen ditu.
  • Muskulu digastrikoaren atzeko sabela eta muskulu estilohioideoa inerbatzeko adarra.
  • Bost adar nagusiak (parotidan ematen dituenak) - goitik behera:
    • Adar tenporala
    • Adar zigomatikoa
    • Ahoko adarra
    • Baraileko adar marjinala
    • Adar zerbikala

Aurpegi nerbioaren zelulen somak nukleo edo gongoil izeneko eremu batzuetan daude metatuta. Nerbio aferenteen zelulen somak gongoil genikulatuan daude kokatuak dastamen informazioa jasotzeko. Muskuluetara doazen zuntz eferenteen somak aurpegi nerbioaren nukleo motorrean daude. Azkenik, informazio parasinpatikoa daramaten zuntzen somak goiko listu nukleoan kokatzen dira.  

Garapen enbriologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurpegi-nerbioa bigarren arku faringeotik eratorria da. Bigarren arku faringeoari arku hioideoa deitzen zaio, hioide hezurraren beheko adar eta gorputzaren goiko eremuaren eraketan parte hartzen duelako (gainontzeko atalak hirugarren arku faringeotik eratorriak dira). Aurpegi nerbioak osagai motor eta sentsitiboa ditu bigarren arku brankialetik eratorritako egiturak inerbatzeko: muskulatura mimikoa, ointoki muskulua, digastrikoaren atzeko sabela eta estilohioideoa.  Osagai motorra zubiaren eremu bentraletik eratortzen da eta atal sentsitiboa, aldiz, gandor neural kranealetik.

Mihiaren aurreko bi herenak lehenengo arku faringeotik eratorritakoak diren arren (eta horregatik atal bat trigeminoak inerbatzen duen arren), ez da guztia nerbio trigeminoak inerbaturikoa. Nerbio trigeminoaren hirugarren adarrak edo baraila adarrak, erraietako zuntz aferente orokorren bitartez mihiaren sentikortasuna daramate. Aldiz, dastamenaren inguruko informazioa aurpegi nerbioak, tinpano kordaren bitartez garraiatzen du (erraietako zuntz aferente bereziak).

Aurpegi espresioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurpegi nerbioaren funtzio nagusia muskulatura mimikoaren espresioaren kontrola da, inerbazio motorraren bitartez. Horrez gain, digastrikoaren atzeko sabela, ointokiaren muskulua eta estilohioideoa inerbatzen ditu. Hauek guztiak muskulu ildaskatuak dira, bigarren arku faringeotik eratorritakoak.

Aurpegiko sentikortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurpegi nerbioak, tinpano kordaren bitartez, mingainaren aurreko bi herenetako dastamen informazio jasotzen du. Informazio hori nukleo bakartiaren goiko eremura bideratzen da. Hala ere, dastamenaren informazioaz gain, mingainaren aurreko bi herenetako informazio sentikor orokorra baraila nerbioaren bitartez (trigeminoaren hirugarren adarraren bitartez, V3) garraiatzen da. Dastamen informazio eta informazio sentikor orokorrak bide berdina jarraitzen dute mihi nerbioan zehar.

Hala ere, tinpano korda bertatik askatzen da tinpano kutxan (erdiko belarrian) sartzeko arraildura petrotinpanikotik (Glaserren zisuratik). Ondoren, tinpano korda bere hoditik garraiatzen da aurpegi nerbioarekin bat egin arte. Aurpegi nerbioa gongoil genikulatura heltzen da, non tinpano kordaren eta bestelako zuntz batzuen somak kokatzen diren. Hortik dastamen informazio bitarteko nerbioaren bidez garraiatzen da eta atzeko entzumen zulotik atertzen da nukleo bakartiaren goiko eremuan bukatuz.

Gainera, aurpegi nerbioak aferentzia batzuk ditu orofaringetik datozenak eta beste batzuk bitarteko nerbioaren bidez garraiatuko direnak: belarri inguruko larruazaleko sentikortasuna jasotzen dute azken horiek.

Aurpegi nerbioak inerbazio parasinpatkoan parte hartzen du. Lau nukleo parasinpatiko daude enbor entzefalikoan eta goiko listu nukleoak bere informazioa bideratzeko aurpegi nerbioa erabiltzen du. Aurpegi nerbioaren zuntzek, gongoil genikulatuan belauna egin eta zulo estilomastoideotik atera ondoren, bi aukera dituzte:

Aipatzekoa da, kornearen erreflexuan begiaren itxiera garatzeko beharrezkoak diren eferentziak aurpegi nerbioak bidaliko dituela begiko muskulu orbikularrera.

Osagai funtzionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Zuntz aferente somatikoak: belarri atzeko larruazaleko sentikortasun somatikoa jasotzeko.
  • Erraietako zuntz eferente orokorrak: baraila azpiko listu guruina, mihi azpiko listu guruina, malko guruina eta sudurreko mukosa inerbatzeko.
  • Erraietako zuntz eferente bereziak: muskulatura mimikoa, ointoki muskulua, digastrikoaren atzeko sabela eta estilohioideoa inerbatzen ditu. Nahiz eta muskulu ildaskatuak izan erraietako inerbazioa dute.
  • Erraietako zuntz aferente bereziak: tinpano kordaren bitartez mingainaren aurreko bi herenetako dastamen informazioa jasotzen dute.
  • Erraietako zuntz aferente orokorrak: ahosabai bigunaren eta sudur barrunbearen sentikortasuna jasotzeko.

Garrantzia klinikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurpegi nerbioaren paralisi akutua pairatzen dutenek, batez ere aurpegi paralisia izaten dute. Bellen paralisia aurpegi nerbioaren paralisi akutuaren kasu ezagun bat da, non gongoil baten infekzioa ematen den Lyme gaixotasunaren ondorioz edo infekzio biriko baten eraginez. Bellen paralisi hau ondorio iatrogeniko bat ere izan daiteke, hortzetako anestesia lokalak ematerakoan gertatutako akats baten ondorioz. Bestalde, aurpegi nerbioa behin betiko kaltetuta egon daiteke bestelako kausa batzuengatik ere: trauma baten ondorioz, jaiotzatik datorren arazo baten ondorioz edo bestelako gaixotasunengatik.

Nerbioaren akatsen azterketa medikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurpegiko borondatezko mugimendu zehatzak eskatzen zaizkio pazienteari eta asimetriarik ez dagoela ziurtatzen da. Horietariko mugimendu batzuk bekaina igotzea, bekokia tolestea, begiak indarrez ixtea (hau egiteko gaitasuna ez izateari lagoftalmos deritzo), ezpainak barrurantz eramatea eta masailak puztea dira.

Aurpegi nerbioaren nukleoak somatotopia izango du:

  • Nukleoaren goiko eremua begi eta bekoki aldea inerbatzeaz arduratzen da.
  • Nukleoaren beheko aldea sudur eta aho ingurua hibernatzeaz arduratzen da.

Gainera, kortexaren eragina bilaterala da goiko eremuan eta beheko ereman kontrolaterala. Horregatik, lesio zentral baten aurrean, aurpegi paralisia alde kontrolateraleko beheko aldean baino ez da emango.

Beste alde batetik, dastamen gaitasuna neur daiteke mihiaren aurreko bi herenetan estimulazio elektroniko bidez zein soluzio zaporedunak erabilita.

Azkenik, kornearen erreflexua ere beha daiteke. Nerbio trigeminoaren bizkar nukleoek jasotzen dute korneako informazio protopatikoa. Bertatik informazioa aurpegi nerbioaren nukleora eramaten da eta zuntz eferenteek aurpegiko muskulu orbikularra kitzikatzen dute bi begietan erreflexuaren erantzuna sortuz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2002]
  2. Euskalterm: [Otorrinolaringologia Hiztegia ] [2015] eta [Oftalmologia Hiztegia] [2018]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy