DVD
DVD | |
---|---|
disko optikoa eta machine-readable medium (en) | |
Ikonoa | |
Historia | |
Aurrekoa | VHS, disko konpaktu eta LaserDisc (en) |
Hurrengoa | Blu-ray |
Jabea | Sony - |
Dimentsioak | 12 () cm |
DVDa, hasieran Bideo Disko Digitala zen eta geroago Disko Aldagarri Digitala izendatua (Digital Versatile Disc), 1995aren amaieran sortu zuten informatika eta ikus-entzunezkoen hamar bat enpresak.
Elektronika eta informatika alorretako fabrikatzaileek eta zine eta musikako estudioek agerturiko interesari esker, egundaino azkarren sartu den produktu elektronikoa da. DVD diskoa, berez, gaitasun handiko CDa da; izan ere, film bat ere sartzen da bertan.
DVD-unitatea datuak gordetzeko modu askori erreferentzia egiten dien gailua da: DVD-ROMari (soilik irakurtzeko gailua da), DVD-Rari eta DVD+Rari, DVD-RWari eta DVD+Wari (grabatzeko eta gero ezabatzeko aukera ematen dute). Mota bakoitzaren biltegiratze-ahalmena ere desberdina da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko hamarkadaren hasieran, dentsitate handiko biltegiratze optikoko bi estandar garatzen ari ziren:
- Compact disc (MMCD) multimedia, Philipsek eta Sonyk lagundua;
- Super density (SD), Toshiba, Time Warner, Panasonic, Hitachi, Mitsubishi Electric, Pioneer, Thomson eta JVC.
Philips Sonyk eta Panasonicek bat egin zuten, eta Toshibarekin Down-a hartzea adostu, baina aldaketa batekin: Philipsen EFM Plusa hartzea, Kees Imminkek sortua, Toshibaren kodifikazio sistema baino % 6 eraginkorragoa izan arren (hortik, edukiera 4,7 GBkoa izatea, jatorrizko SDren 5 GBen ordez), abantaila handi bat du: diskoa, harramazka edo emaitza DVDaren Partzuergoaren sorrera izan zen, aurreko konpainiek sortua, eta DVDaren 1.5 bertsioaren zehaztapena, 1995ean iragarri eta 1991ko irailean amaitu zena.
- Hitachi, Ltd.
- Panasonic Corp
- Mitsubishi Electric Corporation
- Pioneer Electronic Corporation
- Royal Philips Electronics N.V.
- Sony Corporation
- Thomson
- Time Warner Inc.
- Toshiba Corporation
- Victor Company of Japan, Ltd. (JVC)
- DVD Foroak estandar ofizialak sortu zituen:
- DVD-ROM
- DVD-R
- DVD-RW
- DVD-RAM
DVD+RW Alliancek beste estandar batzuk sortu zituen, foroari lizentziarik ez ordaintzeko:
- DVD+R
- DVD+RW
DVD+R/RW diskoak estandar ofizialen parte ez direnez, ez dute "DVD" logotipo ofiziala erakusten, "RW" logotipoa baizik, baita behin bakarrik graba daitezkeen diskoak badira ere, eta horrek zeresana piztu du, publizitate engainagarritzat jotzen duten sektore batzuetan, erabiltzaileak nahasteaz gain.
Funtzionamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]DVDa datuak biltzeko sekulako ahalmena daukan disko optikoa denez, euskarri egokiena da datu kopuru eskergak maneiatzeko, CDkoa baino kalitate handiagoko audioa entzun edota zineko kalitatez bideoa ikusteko. Itxuraz, CD-ROMa bezalakoa izanik (12 cm-ko diametroko eta 1,2 mm-ko sakonerako diskoa da), euskarri horren 650 MB baino edukiera askoz handiagoa du. Hona DVDen alderdi erakargarrienetako bat: musikako CD eta CD-ROMekin elkargarria denez, horiek DVDen irakurgailuetan arazorik gabe erreproduzi daitezke, baina alderantziz, ez. CD-ROMaren eta VHS bideoaren ondorengo bihurtu da, batez ere filmak ikusteko. Era berean, CDen erreproduzitzailearen, laserdisken (binilo baten tamainako zilar koloreko diskoa) eta bideo-jokoen kartutxoen ordezko izateko aukera handia du.
Zinemarekin identifikatu da DVDa baina, izenak berak dioenez, erabilera anitzeko diskoa da, era askotako datuak bil ditzakeen euskarria, alegia: programak, jokoak, musika, bideoa…
DVDaren edukiera handia dela medio, irudi “bizidunaren” (mugikorraren) eroale egokia da. Soilenek 4,7 GBraino grabatzen dute (hots, CD-ROM baten edukieraren 7,2 halako): espazio horretan aise sartzen da bi orduko bideoa, 5 + 1 kanaleko surround soinu-banda eta azpitituluak hainbat hizkuntzatan. Dena den, badira 17 GBren edukiera dutenak ere, datuak azkarrago irakurri eta idazteaz gainera.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]DVDetarako grabagailuek siglen saski-nahaskia ekarri dute gure artera, kontsumitzailearen kaltetan. Garrantzi handikoa da “aplikazio formatuak” (bideoa, audioa eta datuak, funtsez) eta “grabazio formatuak” (DVD-RAM, DVD-RW eta DVD+RW) bereizten jakitea.
Batez ere filmak grabatzeko baliatzen denez, DVD-Bideoa denetan ezagunena da: izan ere, DVD soilik esaten zaio, eta DVD-Audio motakoak oraino ez dira biziki errotu. DVD-ROMa (datuak biltzekoa) CD-ROMen ahaide nagusia da, eta ordenagailuen irakurgailuetan bakarrik erreproduzi daiteke. Era askotako datuak gordetzen dituzte, baita filmak ere. DVDak erreproduzitu ez ezik, grabatu ere egin daitezke... etxean bertan. Grabagailuen eskutik etorri da disko molde eta grabazio erei dagozkien siglen nahaste-borrastea.
Lehia benetan bizia izaki, DVDak grabagailuen sailetik “bergrabagailuenera” jauzi egin dute zuzenean, haietan datuak behin eta birritan ezabatu eta grabatzeko aukera dago, higadurarik edo kalitate galerarik nozitzeke.
Sistema batekoak zein bestekoak izan, erabilera bakarreko diskoak erosteko arrazoia soila da: bestelakoak baino merkeago izateaz gainera, elkargarritasun alderditik arazo gutxiago izaten dituzte. Kontuak grabazio formatuak (elkarren artean elkartezinak) bereizten dituzten “+” eta “-” zeinuen artean aukeratu behar izatean agertzen dira.
DVD-ROMa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Compact Disca hobetuz sortutako euskarria da. Lehen bertsioa DVD Forum izeneko informatika eta ikus-entzuneko kontsortzioak 1995ean azaldu zuen.
CD bati egin zitzaizkion hobekuntzak multimedia ahalmena handitzeko bideratu zituzten. Hasteko, CD batean 86 cm2ko azalera erabiltzen da datuak gordetzeko;aldiz, DVD batean 87,6 cm2koa da. Horrek Megabyte batzuetako irabazia soilik ematen zuen. Benetako irabazia pit (putzuen) gutxieneko luzera txikituz (0,972 μm-tik 0,4 μm-ra) eta pista bata bestetik gertuago jarriz lortzen da (0,74 μm, 1,6 μm-ren aldean). Denera, 7,5 aldiz datu gehiagoko ahalmena du CD batekiko (4,7 GB, 0,65 GBen aldean), kontuan hartuta alde batetik eta geruza batean gordeta dagoela.
Izan ere, DVD batean informazioa euskarriaren bi aldeetan gorde daiteke eta alde bakoitzean, bi geruzetan. Soilenak eta erabilienak alde bateko geruza bateko DVD-5 deritzanak dira, 4,7 GBeko ahalmena baitute. Erabiltzen diren beste mota bat DVD-9 izenekoak dira: informazioa alde batean, baina bi geruzetan gordetzen dute, aurrekoen ahalmena ia bikoiztuz (8,5 GB). Halaber, disko batzuetan, bi aldeetan idatz daitezke, alde bakoitzean DVD-18 izeneko bi geruza baitituzte; haatik, ez dira erabiltzen, batez ere ezin delako diskoaren alde bat serigrafiatzeko erabili eta laserrak diskoaren goi eta behealdean egon behar duenez, horrek kostuak asko emendatzen ditu.
DVD-RAMa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]DVD-RAMak aitzindariaren abantailak eta eragozpenak ditu: batetik, zuku guztiak erauzi zaizkio eta, bestetik, besteek gainditu egin dute: mantsoa eta erabilera zailekoa da, belaunaldi berrikoen aldean. Eta merkea den arren, ez da DVD irakurgailu konbentzionalekin bateragarri.
1998ko lehen bertsioek 2,6 GBeko edukiera zuten eta hain ziren hauskorrak, ezen estalki bat izan behar zuten urratuak eta marratuak saihesteko. Urte bat geroago ahalmen bikoitzeko bertsio bat atera zuten (4,7 GB), eta gainera, diskoa estalkitik atera zitekeen, beste irakurgailuetan sartu ahal izateko. Hala ere, geroago atera diren bertsioek jada ez dute estalkirik behar.
Datuen egiturak gordetzeko diskoko sustantziaz gain, eremu magnetikoak darabiltza. Irakurri nahiz idazterakoan, lenteak Z-CLV (Zone Constant Linear Velocity, Eskualdekako abiadura lineal konstantea) teknologia darabil: horrek diskoa lau eskualdetan banatzen du. Eskualde bakoitzean abiadura konstantea da, baina ezberdina besteekiko.
DVD-RAMa ehun mila aldiz berridatz daiteke eta datuek 30 urte dirautela kalkulatzen da.
DVD-R/RWa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]DVD-RWa telebista eta PCrako DVD ohiko irakurgailu gehientsuekin elkargarri da, eta erabilera bakar (DVD-R) edo anitzeko (DVD-RW) diskoak grabatzeko aukera ematen du. DVD-RW bat grabatzeko, hasi baino lehenago diskoa formateatu behar da eta, amaitutakoan, “itxi”: horrek guztiak prozesua mantsotu egiten du. Pioneer etxeak garatu zuen disko mota hori lehengoz 1997an.
CLV (Constant Linear Velocity, Abiadura Lineal Konstantea) erabiltzen du datuak bai irakurri bai idazteko. Horrek argi uzten du diskoaren erdialdean biratze abiadura askoz handiagoa izan behar dela, datu kopuru bera igaro ahal izateko denbora tarte berean.
DVD-RWa mila aldiz berrerabil daiteke. Denbora luzera, arazoak sor ditzake eta erroreak sortuko direnez, diskoa erabilgaitz bihurtuko da.
DVD+R/RWa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]DVD+RW, aldiz, DVD-RW baino 2,5 aldiz azkarrago da (ez da zertan diskoa abiarazi, ezta itxi ere), eta irakurgailuekiko elkargarritasun aldetik arazo gutxiago ematen du. Datuak 32 KBeko paketeetan gordetzen ditu, DVD-ROM eta DVD-Bideoetan bezala, alegia. Haien edukiera bera du, pistaren tamaina eta laserraren diametroa ere bera da. Grabazio soila egiteko, DVD+R sistema baliatzen du.
Philips etxe nederlandarrak garatu zuen formatua, Sony eta Hewlett-Packard-ekin batera. Lehen prototipoa 2000. urtean aurkeztu zuten eta salgai aurrenekoz 2001 urte bukaeran jarri zuten.
CAV (Constant Angular Velocity, Abiadura angeluar konstantea) errotazio sistema erabiltzen du informazio diskoan idazteko eta irakurtzeko. Beraz, diskoak buelta bat egiteko beti denbora bera behar du. Horren ondorioz, diskoaren kanpoaldean dagoenean informazio gehiago jasotzen du, espazio gehiago igarotzen duelako tarte denbora berean. Hala eta guztiz ere, CLV moduan ere graba daitezke datuak, irakurketa sekuentziala nahi denerako, hala nola, film bat ikusi nahi denerako.
DVD-RW bat 1.000 aldiz berridatz daiteke eta bertako informazioak 30 urte iraun dezakeela kalkulatzen da.
Salneurria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun saltzen diren DVD gehienak alde bakarretik eta geruza bakarrean graba daitezke: 4,7 GB dituzte. DVDak CDen antzerako formatuetan saltzen dira, baina batzuetan kaxa handiagoetan egoten dira. Hala ere, DVD grabagarri asko erosi nahi direnean, merkeago ateratzen da poto bat erostea, DVD bakoitzak bere kaxa izan beharrean. Potook 10, 25 edo 50 unitatekoak izaten dira. Adibide gisa, Verbatim markako 25 unitateko DVD-R potoak 27,90 € inguru balio du (disko bakoitzak, 1,12 €). Megabyte bakoitzaren balioa 0,00023 €-koa da (CD baten 0,00055 €/MBaren erdia, gutxi gorabehera). Beraz, CD batean baino informazio gehiago gorde daiteke eta merkeago, gainera.
DVD+RWak, ordea, garestixeagoak dira. Adibidez, Verbatim markako 10 unitateko potoak 14,90 € balio du, hots, disko bakoitza 1,49 € da. Ulertzekoa da, bertan anitzetan idatz daitekeelako.
Abantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]MB bakoitza gordetzeko modurik merkeena da. Oso egokiak dira informazio kopuru handiak gorde nahi direnerako: bideoak, bideo-jokoak, eta abar.
Eragozpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta asko aurreratu den, bateraezintasunak gerta litezke formatu ezberdinen artean. Ez dago erabat zabalduta eta jada ondorengoak ateratzen hasi dira.