Desilusio
Desilusioa, latinetik datorren hitza ((Latinez) de- / ex- / dis- + illusio), etsipena, dezepzioa edo negatibotzat hartutako giza esperientzia da. Desilusioan kontzientzia-hartze bat gertatzen da, zeinak gertaerak aldez aurretik modu batean aurreratu ziren, balizko etorkizun bat aldez aurretik imajinatu zen eta gero, espero zen zerbait positibo ez zen gauzatu. Errealitatea modu positiboan interpretatu eta gero errealitatea uste baino gordinagoa dela antzematen denean gertatzen da desilusioa.
Ilusioa esperientzia positibotzat hartzen da, eta haren antonimoa, aldiz, desilusioa, funtsean esperientzia negatiboa izan ohi da (nahiz eta argigarria edo ezagutzak eskuratzekoa izan daitekeen). Errore baten (ilusio baten) biktima izatearen esperientzia, oro har, esperientzia negatibo bezala hautematen da.
« | Ez dago desilusiotik bueltatzerik. Itzulerarik gabeko bidea da. Horregatik da hain arriskutsua desilusioa, horregatik eragiten du hainbeste min. Bizitzan, gerta daiteke lagun batekin haserretzea eta, denborarekin, adiskidetzea; gerta daiteke maitasun-harreman bat aldi batez itzaltzea eta, txingarrak hauspotzen direnean bezala, bat-batean berriro piztea. Berriz ere geure onera etor gaitezke pertsona batek eragin digun haserretik, maitasun-sentimendutik, minetik, baina ez desilusiotik. Pertsona batengan genuen ilusioa galtzen dugunean, pertsona horrek muga bat igaro eta bere atzean ate bat itxi balu bezala da. Ezin da zeure mundura itzuli, zeure konfiantzara, zeure arimara. Ezin da gehiago zeure ilusioaren parte izan. Nahi izanez gero ere ez. Eta hori da mingarriena, pertsona hori berreskuratu nahi baduzu ere, desilusioak zure bizitzatik bota duela jada. Desilusioak zure borondateak baino gehiago agintzen du. Desilusioa itzulerarik gabeko bidea markatzen duten hitz batzuk bezalakoa da. Hitz batzuek ez dute atzera-bueltarik. Bikotekideek elkarren arteko errespetua galtzen dutenean, adibidez. Bikoteak elkarrekin jarraitu arren, hitz horiek putreen antzera egingo dute beti hegan euren harremanaren gainetik. Desilusioa da pianoan kanta bat behar bezala interpretatzen ez jakitea bezalakoa. Norabide desberdinetan doazen noten eta sentimenduen nahasketa da, harmonia hausten duen eta nerbioak asaldatzen dizkigun zarata ezinezko bat sortzen du. Ez dago desilusiotik bueltatzerik. Beraz, garrantzitsua da kontuz ibiltzea, ilusiorik ez galtzeko ez pertsona ez proiektuetan, baina, batez ere, kontuz ibili behar da inguruan ditugun pertsonek, guretzat garrantzitsuak direnek, ez dezaten oraindik gugan duten ilusioa galdu. Batzuetan, nahikoa da noizean behin euren bizitzan gertatzen denak kezkatzen gaituela erakustea, desilusioaren muga ez igarotzeko. Batzuetan, nahikoa da harremanen txingarrak hauspoarekin bizitzea noizean behin, itzulerarik gabeko egoera horretara ez iristeko. Animo, agian oraindik garaiz gabiltza eta. |
» |
—Karmele Jaio, (blog pertsonala; 2020-09-25), (moldatua) |