Esku Huskako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusia
Esku Huskako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusia | |
---|---|
Kirola | Esku-huskako pilota |
Sorrera | 1953 |
Herrialdea | Euskal Herria |
Antolatzailea | Esku Pilota Enpresen Liga |
Enpresak | Aspe eta Asegarce |
Txapel gehien | Aimar Olaizola (7) |
Gaur egungo txapelduna | Unai Laso (2024) |
Azken txapelketa | 2024ko Esku Huskako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusia |
Esku Huskako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa Nagusia —laburturik, Lau eta Erdiko Txapelketa—, gaur egun EPELen lau eta erdiko txapelketa izenaz ere ezaguna, esku huskako pilotako lehiaketa da, pilotalekuko aurrealdeko lau koadro eta erdian jokatzen dena (hortik datorkio izena, bai eta Kaiolaren Txapelketa ezizena ere). Partida bakoitzean bi pilotari aritzen dira, buruz buru. Esku huskako pilotan, denboraldiko hiru txapelketa nagusietako bat da, buruz burukoarekin eta binakakoarekin batera.
1953an sortua, 1958tik 1988ra bitartean ez zen jokatu. 2002az geroztik Esku Pilota Enpresen Ligak (EPEL) antolatzen du. Asegarce eta Aspe enpresetako pilotariek parte hartzen dute.
Aimar Olaizola da lau eta erdiko txapelketa nagusi gehien irabazi duen pilotaria (7 txapel). Hala ere, adituen artean adostasun zabala dago zerrenda horretako bigarrenak, Julian Retegik (4 txapel), lortu zituenak baino askoz gehiago irabaziko zituzkeela, baldin Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusia lehenago berrezarri izan balitz (1974tik 2001era izan zen profesionala Retegi II.a, eta 1989raino ez zen berrezarri Lau eta Erdiko Txapelketa; ordurako 35 urte zituen Retegik, eta irabaziak zituen buruz buruko 9 txapelketa jarraian).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1953tik 1957ra bitarteko urteetan hasi ziren jokatzen Lau eta Erdiko Txapelketa, La Voz de España egunkariaren babesarekin eta launa pilotarirekin. Akarregi (1953), Soroa II.a (1954), Barberito (1955 eta 1956) eta Ogeta (1957) izan ziren txapeldunak. Enpresek, jendea erakartzen ez zuela ikusita, bertan behera utzi zuten txapelketa.[1]
1989an, Euskal Telebistak erabaki zuen lau eta erdiko txapelketa berriz martxan jartzea, neguko programazioko hutsunea betetzeko. 1989ko txapelketa lau pilotarik jokatu zuten: Retegi II.ak, Alustizak, Galartzak eta Tolosak. Euskal Telebistak Pilotaleku Industrialetako Enpresarien Elkartearekin negoziatu zuen 1989an. Esku-huskako enpresak Eskulari eta Unidas ziren.[1] 200 ikusle izan ziren lehen final hartan.[2] Laboral Kutxa izan zen babeslea.
ETBren bultzadaren ondoren, 1992an, Asegarceren sorrerak beste bultzada bat eman zion txapelketari, eta horrela garrantzia hartuz joan zen, zaleen gustuak aldatzearekin batera. Bestalde, parte hartzaileen kopuruak ere gora egin zuen: 1997an 40 izan ziren, eta 1998an, berriz, 84, Asegarce-Alti, Besagain eta Aspe enpresetakoak. 2001ean 36 izan ziren parte hartzaileak; 2012an, berriz, 28. Hamarkada haren amaieran ezarri zen gaur egungo eredua, 16-18 pilotarikoa. Gaur egun, buruz burukoak baino ikusle gehiago erakartzen du.[1]
Finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txapeldunak eta finalistak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pilotaria | Txapelak | Finalak |
Olaizola II.a | 7 | 8 |
Altuna III.a | 4 | 8 |
Retegi II.a | 4 | 4 |
Eugi | 3 | 8 |
Martínez de Irujo | 3 | 8 |
Nagore | 3 | 5 |
Ezkurdia | 3 | 3 |
Barberito I.a | 2 | 3 |
Barriola | 1 | 6 |
Ogeta | 1 | 3 |
Galartza III.a | 1 | 3 |
Titin III.a | 1 | 3 |
Unanue | 1 | 2 |
Bengoetxea VI.a | 1 | 2 |
Urrutikoetxea | 1 | 2 |
Laso | 1 | 2 |
Akarregi | 1 | 1 |
Soroa II.a | 1 | 1 |
Arretxe I.a | 1 | 1 |
Gonzalez | 1 | 1 |
Peio Etxeberria | 0 | 2 |
Bolinaga | 0 | 1 |
Txikuri | 0 | 1 |
Errandonea | 0 | 1 |
Errasti | 0 | 1 |
Xala | 0 | 1 |
Jaka | 0 | 1 |
Txapelak herrialdeen arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdea | Txapelak | Pilotari bakoitzak irabazitako txapelak |
Nafarroa Garaia | 28 | Olaizola II.ak 7, Retegi II.ak 4, Eugik 3, Nagorek 3, Martinez de Irujok 3, Ezkurdiak 3, Galartza III.ak 1, Arretxek 1, Barriolak 1, Bengoetxea VI.ak 1 eta Lasok 1 |
Gipuzkoa | 6 | Altuna III.ak 4 ,Soroa II.ak 1 eta Unanuek 1 |
Errioxa | 3 | Barberito I.ak 2 eta Titin III.ak 1 |
Bizkaia | 2 | Akarregik 1 eta Urrutikoetxeak 1 |
Araba | 1 | Ogetak 1 |
Lapurdi | 1 | Gonzalezek 1 |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Imanol Magro Eizmendi, «Burdinetik titaniora», Berria, 2014-12-09
- ↑ «200», Berria, 2014-12-09
- ↑ (Gaztelaniaz) «Final de 1957», Mundo Deportivo, 1958-05-04.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Final de 1956», ABC, 1957-01-22.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Final de 1955», ABC, 1955-12-20.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1997ko finaleko azken tantoen irudiak (bideoa). Retegi II.a eta Titin III.a aritu ziren elkarren aurka.