Georgi Zhukov
Georgi Konstantinovitx Zhukov (errusieraz: Гео́ргий Константи́нович Жу́ков; Strelkovka, Errusiar Inperioa, 1896ko abenduaren 1agreg./azaroaren 19ajul. - Mosku, 1974ko ekainaren 18a) sobietar militarra izan zen, Armada Gorriaren buruetakoa Bigarren Mundu Gerran. Haren aginpean, Alemaniaren erasoa gelditzeaz gain, Ekialdeko Europan sartzea lortu zen, eta baita Berlinen ere. 1955–1957 bitartean, SESBeko Defentsa ministroa izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kalugako nekazari familia pobre batean jaio zen. 1914an zalditerian sartu zen. Iraultzan parte hartu zuen, eta Anton Denikinen eta Piotr Wrangelen kontra borrokatu zen. 1931n, Frunzeko akademia militarrean diplomatu zen. 1939an, Ekialde Urrunera bidali zuten, eta japoniarren kontra borrokatu zen Mantxurian. 1940an, Besarabia mende hartu zuen eta, Stalinen garbiketetatik libratuta, armada gorriko estatu goreneko buru izendatu zuten.
1941eko uztailean, Alemaniar inbasioaren ondoren, estatu goreneko buruzagitzatik kendu zuten. Irailean, Leningradera bidali zuten, Kliment Voroxilovi laguntzera hiriaren defentsan. Urrian, Semion Timoxenko ordezkatzera deitu zioten erdialdeko fronteko buruan; beraz, Moskuko defentsa prestatu behar izan zuen, alemaniarrak 30 kilometrora zeudela. Horretarako, japoniarrek eraso egingo ez zutelakoan, ekialdeko tropen garraioa antolatu zuen. Historialari batzuen ustez, hura izan zuen bere lorpenik handiena. Horrela, goi mailako tropen erreserba eskuratu ahal izan zuen. Saihetsezina zirudien arren, Mosku ez zen alemaniarren eskuetan erori; are gehiago, kontraerasoa abenduan jarri zuen abian.
1942an, aginte bigarren komandante izendatuta, hegoaldeko frontera igorri zuten, Stalingradeko Gudura, eta Alemaniako Seigarren Armadaren erorketa antolatu zuen. 1943ko urtarrilean, Leningradeko setioaren lehen haustura antolatu zuen. Halaber, Kurskeko guduaren koordinatzailea izan zen 1943ko uztailean. Kurskekoa izan zen alemaniarren lehen porrot garrantzitsua udan, eta Stalingradekoa bezain erabakigarria gertatu zen.
Kliment Voroxiloven porrotaren ostean, Leningraden setioa hautsi zuen 1944ko urtarrilean. Orduan, Bagration Operazioa zuzentzera joan zen. Agian Bigarren Mundu Gerrako operazio handienaren buruan, Alemaniaren kontrako azken erasoa egin zuen 1945ean. Berlin apirilaren 30ean hartu ondoren, maiatzaren 8an Alemaniaren errendizioa onartu zuen batzarraren buru izan zen.
Gerra bukatu eta Alemania kontrolatzeko batzordean sobietar ordezkaria izan zen, 1945-1946 bitartean. Urte hartan bertan, Moskura itzuli zen eta Sobiet Goreneko diputatu izendatu zuten. Stalin haren arrakastaren beldur zen, eta Odesako eskualdera baztertu zuen, haren lehendakaritzak iraun zuen bitartean. Hura hil ostean, Defentsa ministro izendatu zuten (1955-1957). Ondoren, Alderdi Komunistaren batzar nagusiko Presidium-eko kide izan zen, baina handik urte betera Nikita Khrustxevek alderditik bota eta erabat baztertu zuen. 1971n bere Oroitzapen liburua argitaratu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/3/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Georgi Zhukov |
- 1896ko jaiotzak
- 1974ko heriotzak
- Bigarren Mundu Gerrako militarrak
- Sobietar Batasuneko mariskalak
- Sobietar Batasuneko Heroiak
- Errusiako militarrak
- Sobietar Batasuneko militarrak
- Bigarren Mundu Gerrako sobietarrak
- Croix de Guerre 1939–1945 (Frantzia) domina dutenak
- Moskun hildakoak
- Leninen Ordenarekin sarituak
- Boltxebikeak
- San Jurgiren Gurutzea jaso dutenak
- Bandera Gorriaren Ordena jaso dutenak
- Bigarren Mundu Gerrako sobietar militarrak