José Antonio Vivó
José Antonio Vivó | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | José Antonio Vivó Undabarrena |
Jaiotza | Espinosa de los Monteros, 1930eko martxoaren 9a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Olaberria, 1979ko otsailaren 6a (48 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: bala zauria |
Hiltzailea | Euskadi Ta Askatasuna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Aliantza Popularra |
José Antonio Vivó Undabarrena (Espinosa de los Monteros, Espainia, 1930eko martxoaren 9a – Olaberria, Gipuzkoa, 1979ko otsailaren 6a) ETAk 1979ko otsailaren 6an hildako politikari bat izan zen.[1][2][3][4][5]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guipúzcoa Unidako eta Alianza Popularreko kidea, José Antonio Vivó Undabarrena Olaberriako alkatea, Gipuzkoako foru diputatua izan zen. Jatorriz, Burgosko Espinosa de los Monteros udalerrikoa zen. Hil zutenean 49 urte zituen, ezkonduta zegoen eta sei seme-alaba zituen.
Hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979ko otsailaren 6an, 21:15ean, ETAko bi kide, aurpegia estalita, José Antonio Vivóren etxebizitzara hurbildu ziren, eta txirrina jo zuten. Haren emazteak atea ireki zuenean etakideek mehatxu egin zieten senar-emazteei eta han zeuden bi seme-alabei. Ondoren, telefonoaren kableak moztu zituzten, eta José Antonio indarrez etxetik atera zuten. Handik gutxira haren senideek hainbat tiro entzun zituzten. Urola komandoko kide Mercedes Galdós Arsuagak[6] egin zituen tiroak. Ondoan zuen komando bereko Félix Ramón Gil Ostoaga, eta hark ere José Antonio Vivori tiro egin zion. Tiroak jaso eta gero, lurrera erori eta odol putzu batean hil zen. Anbulantzia batek Beasaingo San Migel Klinikara eraman zuen, eta han Vivoren heriotza egiaztatu zuten.
Geroago jakin zen hiltzaileek aldez aurretik pistolaz auto bat lapurtu zutela.[7] Hain zuzen ere, Seat 124 zuri bat. Ibilgailuaren jabea bahitu, Beasaingo zuhaitz batera lotu eta han utzi zuten. Atentatua egin ondoren, hiltzaileak korrika ibilgailura abiatu ziren, eta N-1 errepiderantz ihes egin zuten.
Urola komandoko kideek biktima zelatatzen aritu ziren atentatuaren aurretiko hilabeteetan. ETAren zuzendaritzak atentatua egiteko baimena eman zuen, zelatatzearen datuak jaso ostean.
Hilketaren egiletzat, Espainiako Justiziak Mercedes Galdós Arsuaga eta Félix Ramón Gil Ostoaga[8][9] ETAko kideak zigortu zituen. Mercedes Galdós Arsuaga[10] 1986an atxilotu zuten, Nafarroa komandoa desegin zuen operazio polizialaren baitan. Bi urte geroago, 1988ko apirilaren 25ean, 29 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, Auzitegi Nazionalaren Zigor-arloko Salaren Bigarren Atalak emandako 20/88 epaiaren bitartez.[11] Berarekin batera hilketan esku hartu zuen gaizkileari dagokionez, Félix Ramón Gil Ostoaga,[12] Frantziako Ciboure udalerrian atxilotu zuten, 1989ko urriaren 24an. Auzitegi Nazionalaren Zigor-arloko Salaren Bigarren Atalak, zigor berdina jarri zion, 1994ko azaroaren 19an, 66/94 epaiaren bitartez. Gainera, 66/94 epaiak etakide biek José Antonio Vivóren oinordekoei 15 milioi pezetako kalte-ordainak ordaintzea ezarri zuen. Bere krimenengatik Espainian inoiz epaitu ez duten arren, atentatu honetan parte hartu izana leporatzen diote José María Zaldúa Corta etakideari.[13]
ETAk ez zuen hilketaren aldarrikapenik egin atentatuaren hurrengo egunetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) MERINO, A., CHAPA, A., Raíces de libertad, 2011. 23-29 orrialdeak. FPEV. 978-84-615-0648-4 ISBN.