Larresoroko apaiztegia
Larresoroko seminarioa | |
---|---|
Monumentu historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Lapurdi |
Herria | Larresoro |
Koordenatuak | 43°22′19″N 1°26′00″W / 43.3719°N 1.43335°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1733 |
Arkitektura | |
Ondarea | |
Mérimée ID | PA64000055 |
Larresoroko seminarioa Lapurdiko izen bereko herrian kokatutako eraikina da, XVIII. eta XIX. mendeen artean Ipar Euskal Herriko kulturagune nagusienetako bat izan zena. Euskal literaturan erromantizismoa bertatik zabaldu zen hein batean.[1] 2005ean monumentu historiko sailkatu zuten.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jean Agerre abadeak 1733ko apirilaren 29an eraiki zuen, apaiztegi txiki batek eta kapera batek osaturik.[3] Garai hartan Baionako elizbarrutia barruko jansenismoari eta ondoan zuen Bearnoko protestantismoari aurre egiteko bere kleroa ortodoxian eskolatzeko premian aurkitu zen. Larresoroko apaiztegiak garrantzi berezia izan zuen jansenismoa Iparraldetik erauzteko orduan.[4]
1739an Euskal Herri osoko lehenengo ikasleak ailegatu ziren filosofia eta teologia ikasteko. Baionako elizbarrutiaz gain, Oloroekoa eta Akizekoa ere bere apaizez bete zen.[5] Apaizgaiak bakarrik ez, gero ikasketa zibilak Bordele, Tolosa edo Parisen jarraitu nahi zituztenak ere pasa ziren Larresorotik.[6]
1792ko urrian apaizak eraikinetik bota zituzten eta 1820ra arte ez ziren itzuli. Apaiztegiak bigarren loraldi bat izan zuen orduan, euskal literaturarentzat ere emankorra izan zena.[6] Eliza eta Estatuaren arteko legea ezarri ondoren, 1906ko abenduaren 18an Gobernua eraikinaren jabe bilakatu zen. Lehenengo Mundu Gerran ospitale moduan erabili zuten.
Bertoko ikasle ospetsuen artean Louis-Édouard Cestac, Dominique Garat Hiriarte, Dominique Joseph Garat, Joan Piarres Duvoisin, Martin Duhalde, Jean Hiriart-Urruti edo Grazian Adema daude, baita Euskaltzaindiaren kide batzuk ere, tartean Jean-Blaise Adema, Jean Elizalde, Bernard Goity, Jules Moulier, Martin Landerretxe edo Jean Saint-Pierre.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 161. or.
- ↑ Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Larresoroko seminarioa. .
- ↑ Goihenetxe, M.. (1995). Les Basques et leur histoire. Mythes et réalités. Elkar.
- ↑ Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 159. or.
- ↑ Hariztoi, P.. (1884). Recherches historiques sur le Pays Basque. Baiona: Lasserre.
- ↑ a b Azurmendi, Joxe (2020): Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 160. or.