Steven Weinberg
Steven Weinberg (New York, AEB, 1933ko maiatzaren 3a - Austin, Texas, 2021eko uztailaren 23a) estatubatuar fisikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cornelleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Fisika Atomiko Teorikoaren Ipar Institutuan izan zen urtebetez Kopenhagen, eta 1957an eskuratu zuen doktoregoa Princetoneko Unibertsitatean. Eskolak eman zituen Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia), Massachusettseko Teknologia Institutuan eta Harvardeko Unibertsitatean 1973tik aurrera.
1967an, zatiki azpiatomikoen arteko interakzio elektromagnetikoari eta ahulari buruzko gertaera ezagunak batzen zituen hipotesia adierazi zuen, Abdus Salam pakistandar fisikariarekin batera. Aurrerago, bateratze-hipotesia delakoa esperimentu bidez frogatu zen, eta espero ziren emaitzak lortu ziren, beste hipotesi batzuekin ez bezala. 1979an, Fisikako Nobel saria jaso zuten bi fisikariek, Sheldon Lee Glashow estatubatuarrarekin batera, oinarrizko zatikien interakzioak ulerrarazteko egindako ekarpenengatik. Kosmologiaren alorrari dagokionez, "Grabitazioa eta kosmologia" liburua argitaratu zuen 1972an, gai horri buruzko obra garrantzitsu eta funtsezkoenetakoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.