Txelba hortzandi
Txelba hortzandi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Spariformes |
Familia | Sparidae |
Generoa | Dentex |
Espeziea | Dentex dentex Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Txelba hortzandia edo urta (Dentex dentex) Sparidae familiako ur gaziko arraina da, ekialdeko Ozeano Atlantikoaren ekialdea, Mediterraneo itsasoan eta Itsaso Beltzan bizi dena[1].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lineok deskribatu zuen 1758. urtean Systema Naturae liburuan eta Sparus dentex izena eman zion. Gerora genero propioa esleitu zitzaion[2]. Izen zientifikoak zein hizkuntza gehienetan duen izenak hortz handiei egiten die erreferentzia.
Euskal izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txelba hortzandia izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[3]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
buruzbeherako | Bermeo, Mundaka |
dentoi | Mundaka |
lentoi | Lekeitio, Ondarroa |
lamote | Donostia |
tanborrero | Santurtzi, Mundaka |
txelba hortzandia | |
urta | |
zapata | Getaria |
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Metro bete inguru luzea eta bisiguaren antzekoa da. 14 kilogramotako pisua har dezake[4]. 2023an Ceuta aldean 18'7 kg pisuko txelba hortzandia harrapatu zen, inoizko handiena[5].
Gorputz garaia du eta sarde itxurako isatsa. Bizkarraldea urdinxka du, sabelaldea, aldiz, zilar koloreko zurixka. Bizkarraldeko hegatsean 11 arantza eta 11-12 erradio bigun ditu[4].
Burua handia eta pikoa du helduaroan, gazteek buru zuzenagoa dute. Ar zaharrek bekoki aldean bulbo eratzen dute[6]. Izena ematen dioten letagin antzeko hortz zorrotzak ditu, baraila bakoitzean 4-6 artean[4]. Beheko ezpaina handiagoa du[6]. Begiak txikiak dira[7].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi da, Britainiar uharteak eta Mauritania artean batez ere. Batzuetan Kanarietan eta Madeiran ere aurkitu izan da, bai eta Senegalen ere. Bestalde, Mediterraneo osoan ere hedaturik dago[4].
Hondo arrokatsuetan bizi da, harea eta harri artean ezkutatzen da. 200 metroko sakonera artean aurkituko dugu baina ohikoena ur azaletik gertu aurkitzea izango da, gehienez ere 50 metrotako sakoneran[4].
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txelba gazteak taldekoiak dira baina helduak bakartiak izan ohi dira. Txelba arroka artean ezkutaturik zelatan egoten da eta eraso bortitza eginez[8] arrain txikiak eta krustazeoak eta moluskuak, batez ere txipiroiak, jaten ditu[6]. Krustazeoen oskol gogorra txikitzeko dituzte hortz handi horiek[3].
Sexu determinazioa badute ere ale batzuk hermafroditak izan daitezke. Martxoa eta maiatza artean izaten da errunaldia[7] eta enbrioiaren garapenak 3 egun hartzen ditu 17ºC-tako tenperaturan. Kostaldetik gertu gertatzen da[4].
Gastronomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrantzatzen zaila denez esparidoen artean balio handiena duen espeziea da[5]. Buzoen arrantza lehiaketatan ere arrantzatzen da eta oso zuhurra denez ez da batere erraza, beraz erronka handia izaten da[8]. Akuikultura jardueretan arrakasta handiz haztea lortu da[9].
Gastronomia aldetik ere oso preziatua da, haragi trinkoa eta zaporetsua du. "Papillote" erara, gatzetan edo parrillan egiten da[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Louisy, Patrick. (2006). Guida all'identificazione dei pesci marini d'Europa e del Mediterraneo. Milano: Il Castello ISBN 888039472X..
- ↑ «WoRMS - World Register of Marine Species - Dentex dentex (Linnaeus, 1758)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ a b «urta» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ a b c d e f «Dentex dentex, Common dentex : fisheries, aquaculture, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Capturan en aguas de Ceuta el pez dentón de mayor peso en el mundo: 18,7 kilos» ELMUNDO 2023-01-07 (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Dentex Dentex o Dentón / Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ a b «Dentón :: Dentex dentex / Especies / Mar, Pesca, Sub y Ecología / Portada - masmar» www.masmar.net (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Yuste, Francisco González. (2017-11-10). «El dentón, un manjar marino del Mediterráneo» El Periódico Mediterráneo (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
- ↑ Frimodt, C.. (1995). Multilingual illustrated guide to the world's commercial warmwater fish. Fishing News Books, Osney Mead, Oxford, England, 215 or..