Unión Navarra de Izquierdas
Unión Navarra de Izquierdas | |
---|---|
Datuak | |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Espainia |
Ideologia | Eusko abertzaletasuna, komunismoa eta marxismo-leninismoa |
Osatuta | |
Historia | |
Sorrera | 1977 |
Desagerpena | 1982 |
Koloreak |
Unión Navarra de Izquierdas (euskaraz Ezkerren Nafar Batasuna) edo UNAI 1977an sortutako hauteskunde koalizioa izan zen, urte horretako Espainiako hauteskunde orokorretan Nafarroan aurkezteko asmoz[1]. Bitartean, aliatua zuen Euskadiko Ezkerrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin zuen.
UNAI Euskal Erakunde Herritarra plataformaren kide izan ziren hainbat alderdi abertzale eta ezkertiarren parte hartzeaz eratu zen: Euskal Iraultzarako Alderdia (EIA), Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK), Organización de Izquierda Comunista (OIC) eta Organización Revolucionaria de Trabajadores (ORT). UNAIk autodeterminazio eskubidearen eta Nafarroaren eta beste hiru hegoaldeko probintzien aldeko batasunaren aldekoa zen (garai horretan Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea aldarrikatzen zen).
1977ko Espainiako hauteskunde orokorretan bere zerrendaburua Javier Erice izan zen, Iruñeako alkatea izan zena 1976an Gobernadore Zibilak kargugabetu zuen arte. UNAIk, hauteskunde hauetan, Nafarroako boza abertzale eta ezkertiarren gehiengoa bildu zituen, hirugarren indarra izan zelarik, bozen %9,47 eskuratuta[2]. Arrakasta erlatiboa izanaz ere, lortutako 24.489 botuak Espainiako Kongresuan diputatua lortzeko ez ziren nahikoa izan, ezta Senatuan ordezkapena lortzeko ere.
UNAIk Nafarroaren Aurreautonomia prestatuko zuen batzordera Jesus Urra bidali zuen[3]. Euskadiko Ezkerrako hainbat zerrendaburu eta militante, UNAIk proiektu honi emandako sostenguarekin ezados koalizioatik irten ziren Herri Batasunan sartuz. Horrez gain, gai honen ondorioz EMKrekin sortutako arazoak medio, Euskal Iraultzarako Alderdiak koalizioa utzi egin zuen. Bestalde, 1978 abenduan, ORT kanporatua izan zen, UNAI siglak euren izenean erregistratzeagatik[4].
1979ko Espainiako hauteskunde orokorretan UNAIren zerrendaburua Jose Miguel Ibarrolak (Sindicato Unitarioaren idazkari nagusia) 10.970 boza (%4,34) bakarrik lortu zituen, ordezkapena lortzeko osos urrun jada. EMK eta OIC-k bere konbergentzia prozesua burutu berri zuten eta zerrenda propioa aurkeztu zuten, 2.962 boza (%1,17) lortuz.
1979ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, UNAIk aurrekoetan baino emaitza are apalagoak eskuratu zituen: 7.419 boza (%2,92), Nafarroako Parlamentuan ordezkari bat lortu zuen arren.[5] EIA Nafarroan Euskadiko Ezkerra bezala aurkezten hasi zen, deialdi honetan Eusko Abertzaleak zerrendan EAJ, ESEI eta PTErekin batera Iruñeko merindadean eta Merindadeetako Hautes Elkarteen (Amaiur) barne Lizarra, Zangoza eta Erriberrikoetan. Emaitza kaxkarragoekin, EMK-k ANAI eta ANIZ zerrendak sustatu zituen.
1982tik aurrera, Euskadiko Ezkerra alderdi politiko bihurtzen den urtea, UNAI Nafarroako eszenatoki politikotik desagertzen da. Hala ere, Nafarroan Euskadiko Ezkerraren presentzia hurrengo urteetan testimoniala izango da nahiz eta 1987ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan bozen %3,44 eta foru parlamentari bat lortu. EMK-k, bere aldetik, Auzolan koalizioari sostengua emango zion, 1987tik aurrera Batzarre sortuko zuelarik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Satrustegi Andres, Imanol; Pérez Ochoa, Iñigo. (2020 ko maiatza-abuztua). [https://www.culturanavarra.es/uploads/files/PV277_09.pdf «UNAI: auge y fracaso de la izquierda revolucionaria en Navarra»] Principe de Viana: 669-695..
- ↑ Resultados electorales, Espainiako Barne Ministerioa.
- ↑ Euskadiko Mugimendu Komunista-Movimiento Comunista de Euskadi, Auñamendi Entziklopedia.
- ↑ Expulsan a la ORT de Unión Navarra de Izquierdas, El País, 1978ko abenduaren 6a.
- ↑ Elecciones de 1979, Nafarroako Gobernua.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi politikoak | ||
---|---|---|
Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: |