Content-Length: 156917 | pFad | http://eu.wikipedia.org/wiki/Urdin

Urdin - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Urdin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urdina
 
Kolore koordenatuak
Hamaseitarra #0000FF
RGB (r, g, b) (0, 0, 255)
CMYKN (c, m, y, k) (100, 100, 0, 0)
HSV (h, s, v) (240°, 100%, 100%)

Urdina[1], halaber azula (Heg. Herr.) edo blua (Ipar. Herr.), batzuetan oztina[neol. 1] (eta erronkarieraz, dundu), oinarrizko koloreetako bat da. Urdin moduan, espektro elektromagnetikoaren barnean uhin-luzera 420-490 nanometrokoa duen kolore multzoari dagokio.

Koloreen sorrerako erabiltzen diren hiru oinarrizko koloreetako bat da, nahiz eta CMYK eskalaz baliatzen diren inprimategietan zian kolorea erabiltzen den.

RAL kolore sisteman urdinak 5001 eta 5099 artekoak dira.

Euskaraz, grisaren baliokidea da hainbat esamoldetan:

  • Ilea urdintzen hasita dago: «Ile zuriak ditu»;
  • Zerua urdindu da: «Hodeiak agertu dira».
  • Ogia urdindu da: «lizundu da»;

Bestelako esanahiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Hotza identifikatzeko erabiltzen da, beroa gorriak adierazten baitu: esate baterako, uraren tenperatura edo atmosferako aire masa hotz eta beroen norabideak agertzean.
  • Irudi anatomikoetan, zainak urdinez azaltzen dira, eta arteriak, gorriz, zainetako odola ilunagoa baita eta zainak, beraz, urdinak irudikatzen zaizkigu.

Adituen ustez,[2] hur «ur» eta *din «bilakatu» erroak bereizi behar dira hitzaren osaeran.

Lehen erroak (hur) bere horretan iraun du egun arte, hasierako hasperena zubereraz soilik gorde badu ere (eta Nafarroa Behereko testu zahar batzuetan; Etxeparerenean, esaterako). Bigarrena (*din), aldiz, hainbat hitz-elkartu zaharretan iritsi zaigu fosilduta (gordin, berdin eta, beharbada, lotin, astin hitzetan), bai eta aditz-forma jokatu batzuetan ere: alde batetik, gaur egun indikatiboz kanpoko nor saileko aditz laguntzaile gisa (*edin formaz aipatzen dena eta dadila, bedi, daiteke... forma jokatuen oinarrian legokeena) eta, bestetik, euskara zaharrean «bihurtu, izatera iritsi» esanahia zuen aditz trinko gisa (honako adibide hauetan irakur daitekeena: Leizarragaren Abraham zedin baino lehendevant qu’Abraham fût”, RSetako asto dina ['dadina'], zordunel que se hace fiador, deudor", edo Viva Jesus testuko Kristo zetarako sidin gizon?).

Hortaz, eta hitzak izenda zezakeen kolore-tartea kontuan hartuta (gutxienez zurixka, grisa, arrea eta azula), urdin-en jatorrizko esanahia «ur(aren koloreko) bihurtua, ura bezalakoa» izan liteke.

Paralelo moduan latinezko aqua «ur» eta aquilus «marroi ilun, arre» hitzen arteko itxurazko lotura aipatzen du Mitxelenak, nahiz eta Meilletek ez zuten argi ikusten (on ne voit pas pourquoi l’eau aurait été prise pour désigner une couleur tirant sur le noir); hala ere, euskarazko lekukotasunak aski argiak dira adiera horretan, eta egiantzekoago egiten dute lotura hori (ikus halaber ubel eta uher, haien oinarrian ere ur izan bailiteke).

  1. Oztin hitza aranismoa da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Urdin». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-6-29.)
  2. Lakarra, Joseba, A.; Manterola, Julen; Segurola, Iñaki. (2019). Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200). Euskaltzaindia, 440-441 or. ISBN 9788494647789..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  Urdinak  
Urdina Erregezkoa Itsas urdina Heraldikoa Anila Elektrikoa
           
Ziana Ziana (CMYK) Turkesa Oztina Zeru-kolorea Aquamarina
           


Espektro elektromagnetikoa

 gamma izpiak • X izpiak • ultramoreak • argia • infragorriak • mikrouhinak • irrati uhinak 
Koloreak

  ultramorea morea urdina berdea horia laranja gorria infragorria  








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: http://eu.wikipedia.org/wiki/Urdin

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy