Content-Length: 196487 | pFad | https://eu.wikipedia.org/wiki/Asperger_sindrome

Asperger sindrome - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Asperger sindrome

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Asperger sindrome
Deskribapena
Motaautismoaren espektroko nahasmena
eritasuna
EspezialitateaPsikiatria
Asoziazio genetikoa
Honen izena daramaHans Asperger
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakerrisperidona, olantzapina, aripiprazole (en) Itzuli, Fluoxetina, fluvoxamine (en) Itzuli, Sertralina eta methylphenidate (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKF84.5
GNS-10F84.5
GNS-9299.80
OMIM608638, 608631, 608781 eta 609954
DiseasesDB31268
MedlinePlus001549
eMedicine001549
MeSHD020817
Disease Ontology IDDOID:0050432

Asperger sindromea espektro autistaren barruan dagoen desordena bat da. Sindromea duen pertsonak giza elkarrekintzarako eta komunikaziorako zailtasunak izan ohi ditu. Horrez gain, bere gustuko jarduera eta interesak nahiko mugatuak eta kasu askotan estereotipikoak izaten dira.

2006. urtean Asperger Sindromearen Nazioarteko Eguna sortu zen,[1] Hans Asperger jaio zenetik ehun urte pasatu zirelako eta hogeita bost urte nazioartean Lorna Wingek asaldura ezagutzera eman zuelako. Otsailaren 18an, Hans Asperger jaiotze egunean, Asperger Nazioarteko Eguna egiten da urtero, 2007tik hasita.

Autismoa eta Asperger sindromea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autismoaren eta Asperger sindromearen arteko desberdintasun nagusia da Asperger sindromea duten pertsonek mintzairaren garapenean atzerapenik ez dutela; beraz, gaixotasuna duen haur baten lehen hitz eta esaldiak, sindromea ez duen haur baten adin berean agertzen dira.[2] Hala ere, arreta erakartzen duten beste bereizgarri kualitatibo batzuk ager daitezke haurrengan (gramatikari dagokionez, esaterako). Nahiz eta agerpen eta hautemate adina goiztiarra izan, sindromearen bereizgarrietako asko garapenaren fase berantiarragoetan antzematen dira, gizartearekin elkarrekintzan hastean.[3]

Kontzeptuaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindromearen lehen deskribapena Hans Asperger psikiatra eta pediatra austriarrak egin zuen, 1944. urtean. Ikerlari horrek "psikopatia autista" hitza erabili zuen gaitza definitzeko, baina ez zen oso termino garbia, ezen "psikopatia" hitza pertsonalitate antisoziala duten pertsonentzat erabiltzen baita. Zoritxarrez, Hans Aspergerren sindromeari buruzko lanak bere klinikan izan zen sute batean galdu ziren. Ondorioz, psikologoen elkarteek baztertu egin zituzten bere ikerketak. 1981an Lorna Wing psikiatrak hori guztia Psychological Medicine aldizkarian jaso zuen, eta Aspergerren lana goraipatu uen.[4] Wing-en arabera, Aspergerrek "psikopatia" hitza pertsonalitatearekin erlazionatu nahi zuen. Asperger sindromea, kontzeptu kliniko modura,1990eko hamarkadan hasi zen nartzen nazioartean eta American Psychiatric Associationen Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (DSM-4) aldizkarian agertu zen lehen aldiz 1994ko edizioan (DSM-IV), hau da, Aspergerrek gaitza lehen aldiz azaldu eta 51 urtera.

Sindromearen ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an Sevillan izandako Asperger sindromearen inguruko Nazioarteko II. Biltzarreko ondorioetan agertutako definizioaren arabera, agerpen goiztiarreko ezgaitasun sozial bat da, informazioaren prozesamenduan alterazioa eragiten duena.[5] Sindromea duen pertsonak batez bestekoak baino adimen maila handiagoa izan dezake, nahiz eta gehienetan adimen-kozientea normala edo ertaina izan. Noizbehinka, hizkera ezohiko eta bikaina erabiltzen dute, baina giza interakziorako elkarrizketetan, maila jaistera irits daitezke.[6] Pertsona hauen ezaugarri azpimarragarrietako bat ez-hitzezko zeinuak (paralinguistikoak) ezagutzeko ezgaitasuna da, baita hauek sortzeko ere. Hori dela eta, beste pertsonekiko kontaktua eta komunikazioa "arraro", baldar, barregarri edo harrotzat har daiteke, edota Kannerren sindromearekin (haurren autismoaren aldaera zeinean autismoaren ezaugarri klasikoak agertzen diren)[7] nahas daiteke. Hala ere, Asperger sindromea dutenen inteligentzia maila normala denez, gainerakoek ez dituzte autista bezala hartzen, portaera berezia duten pertsona bezala baizik. Batzuetan ere, Asperger sindromea izateak, normala baino altuagoa den inteligentzia maila bat izatea dakar, edo talentu handiagoa izatea jarduera espezifiko desberdinetan.

Sindrome hau sendaezintzat jotzen da eta 4 urterekin detekta daiteke.[8]

Norbanako bakoitzaren arabera, sindromea modu batera edo bestera agertuko da. Hala ere, badira amankomuneko ezaugarri batzuk:[9]

  • Gainerako pertsonei begirada finko mantentzeko zailtasuna.
  • Giza interakziorako zailtasunak (adin bereko pertsonekin bereziki).
  • Ez-hitzezko komunikazio ereduen aldaketa.
  • Interesak gai bakar batera edo gai kantitate txiki batera mugatuak izatea.
  • Jokabidearen zurruntasuna.
  • Xehetasun edo egoera baten ikuspegi orokorrei arreta berezia.
  • Gehiegizko perfekzionismo eta metodismoa.
  • Norbere itxurarekiko obsesioa.
  • Hizkuntzarekiko hitzezko interpretazioa.
  • Zailtasunak arazo pertsonalak hartzerako orduan eta metodismo ia obsesiboa gauzak antolatzeko.
  • Sentimenduak eta besteren eta norbere emozioak interpretatzeko zailtasuna.[10]

Jaiotzen diren 1.000 haurretik 2,6 eta 2,8 artean autismo mota honekin jaiotzen dira. Gizonezkoen artean bost aldiz gehiago agertzen da.[11] Sindrome hau nahiko berria da, kontuan hartzen bada komunitate zientifikoak sindrome bezala onartu zuen urtea.

Asperger sindromea eta enpatia eza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autismorik gabeko pertsonak hurkoen emozioak sentitzeko edo ezagutzeko gai dira, bestearen lekuan jartzeko gai dira, alegia, enpatia dute. Ingurune eta gorputz hizkuntzak emandako informazioan oinarrituta, beste pertsonen egoera kognitiboen eta emozionalen inguruko informazioa eskuratzeko gai dira; Asperger sindromea dutenek, ordea, ez. Neurri batean esan daiteke itsutasun emozionala dutela.[12] Asperger sindrome larria dutenek askotan ezin dute irribarre soil baten esanahia ezagutzen, eta horrek zeharkako komunikazioa ezagutzea zailtzen die. Horrek guztiak zailtasun handiak eragiten ditu bai haurtzaroan eta baita heldutasunean ere. Hala ere, sindromearen larritasunaren arabera, batzuek ulermena eta ez hitzezko seinaleak modu ia normalean ulertu ditzakete.

Bestalde, askotan begi kontaktua saihesten dute, estutasuna eragiten baitiete. Horren ondorioz, besteen emozioak interpretatzeko zailtasunak izaten dituzte.

Ikerketa zientifiko batzuen arabera, pertsona neurotipikoek ez bezalako programazio sinaptikoa dute. Horrela, sindromea pairatzen duten batzuek inteligentziaren garapen handia eduki dezakete, nahiz eta inguruarekiko enpatiarik ez izan. Einsteinen gurasoek bere semea atzeratua zela pentsatzera iritsi ziren, ingurune sozialarekin konexiorik ez zuela eta; egun jakina da Asperger sindromea zuela.

Beste zenbait ezaugarri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindromea duen pertsona batek obsesioa izan dezake astronomiarekin, dinosauroekin, maketak eraikitzearekin edo beste alor jakin batekin. Pazienteek afizio berdintsuak dituzte, garraioa (trenak edo hegazkinak esate baterako) eta ordenagailuak esaterako, agian amankomunean izan ditzaketen aspektu fisiko, logiko eta kausa-efektuzkoak dituztelako. Fenomeno honen ondorioz, Hans Aspergerrek paziente gazteei "irakasle txiki" deitu zien, hamahiru urteko gazte haien jakin-mina unibertsitateko irakasle batek zituen ezagutzen mailara iristen zelako.

Oro har, ordenan eta gauzen sailkapenean arreta jartzen dute. Interes horiek baliagarriak izatera iristen denean, euren bizitzari zentzua aurkitzera irits daitezke. Haien interesak menderatzeko arrazonamendu findua, izugarrizko kontzentrazioa, jarrera hobeezina eta memoria ia perfektua adierazten dute.

Era berean, arazoak izan ditzakete gurasoekin, ez direlako ohi den bezala gizarteratzen. Horrez gain, arazoak dituzte ahozko komunikazioa ulertzeko, eta horrek arazoak ekar diezazkieke. Asperger sindromedun haur edo nerabeak sarritan ez du ulertzen zergatik besteek baztertzen duten edo zergatik ez dituen gauzak ulertzen. Horren ondorioz, antsietate arazoak, depresioa, jokaera obsesiboa eta azkenik isolamendu soziala paira dezakete. Nerabezaro aurretik zein nerabezaroan bazterketa eta eskola-jazarpena jasotzen dutenez, oso zail izaten dute gizartean integratzea eta eskolan aurrerapenak egitea.

Gaitzaren sintomak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarraian Asperger sindromearen sintoma batzuk aipatuko dira. Aspergerdun pertsona guztiek ez dute zertan sintoma guztiak izan, gaixotasunaren larritasunaren arabera aldatzen baitira.

  • Ukimen eta zaratarekiko sentikortasuna.
  • Ibiltzerakoan edo kirola egiterakoan trakestasuna.
  • Besteen emozioak ulertzeko zailtasunak.
  • Besteen adierazpenak ezagutzeko zailtasunak.
  • Txantxak ulertzeko ezgaitasuna.
  • Ahots altuan, baxuan edo monotono batekin hitz egitea.
  • Aldaketak ez dituzte gustuko (eskolan, lanean edo eguneroko errutinan).
  • Hitz egiten oso goiz[13] edo beranduegi hastea.
  • Irakurtzen goizegi edo beranduegi ikastea.
  • Gizarteratzeko arazoak.
  • Besteek nola pentsatzen duten ulertzeko ezgaitasuna.
  • Ordenagailuentzako jokoetan, kirol estatistiketan, telebistako programetan eta antzeko beste jarduera batzuekiko interesa.
  • Ulertzen zailtasunak dituzte edo ez zaie joko sinbolikoa interesatzen.
  • Mugimendu errepikakorrak.
  • Heziketa zaila dute bai etxean baita etxetik kanpo. Egoskortasuna.
  • Sineskortasuna eta inozotasuna.[14]
  • Esterotipia motorikoak: helbururik gabeko mugimenduen errepikapenak (kulunkatze errepikakorra, behatzen bihurkatzea, eskuak garbitzeko mugimenduak...)[15]
  • Bakarka hitz egiteko joera. Haien buruekin hitz egiteko joera.

Komunikazio zailtasunaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona batek beste batekin hitz egiten duenean ahozko hizkuntza erabiltzen du. Horretaz gain ahots tonua, ez-hitzeko komunikazioa, eskuen mugimendua eta gorputz hizkuntza erabiltzen dute nahi dutena azaltzeko. Modu honetan, besteak hitz egiten duen bitartean bere aurpegiko keinuak eta gorputz mugimendua begiratzen du, zer esaten duen eta zer sentitzen duen jakiteko. Ez-hitzeko komunikazioa ulertzen ez dutenek informazio gehigarri hori galtzen dute.

Asperger sindromea duten pertsonek:

  • Zailtasunak izan ditzakete besteen ahotsen soinua ulertzeko.
  • Beste pertsonaren gorputz hizkuntza eta ahozko hizkuntzan bat ez datozenean nahastu egiten dira.
  • Hitzek esaten dutena zehatz-mehatz egiten saiatzen dira.
  • Ez dira gai beste pertsona gaizki dagoenean konturatzea, besteak argi azaldu arte.
  • Gerta daiteke pertsona batek kopeta zimurtzen duenean ez ulertzea gaizki egiten dagoela edo geldi egoteko.
  • Ez dituzte txantxak, ironiak eta jargoiak ulertzen.
  • Batzuetan ez dituzte besteen interesak ulertzen.
  • Behin baino gehiagotan gauza beraren inguruan hitz egin dezakete.
  • Baztertuak senti daitezke.

Asperger sindromeari "planeta okerraren sindromea" ere deitu izan zaio, Asperger sindromea duten pertsonek nahiko normalak sentitzen direlako baina estralurtarrez beteriko mundu batean biziko balira bezala. Sindrome hau duten pertsonentzat normala da sentipen hori edukitzea, betidanik izan dutelako.

Gaitasunak, talentuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asperger sindromearekin gaixotuak sarritan:

  • Logikako jokoetan oso onak dira, esate baterako xakean.
  • Zentzuz jokatzen dute, oso arrazionalak dira.
  • Askotan, berebiziko oroimena dute (musikala, zenbakiak...).
  • Trebeak dira arauak, legeak eta gertaera garrantzitsuak gogoratzen.
  • Batzuk matematiketan eta ordenagailuekin trebeak dira, logikarako eta matematikarako gaitasuna dutelako.
  • Batzuk musikan bikainak izan daitezke, entzuteko gaitasun gehiago dutelako.
  • Jakin min berezia dutenez, beraien eremuan adituak egiten dira.
  • Balore asko dituzte: leialtasuna, zintzotasuna...

Gaitzaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo deskribapenaren ondoren, Hans Asperger konturatu zen haur gaixoen eta haien gurasoen artean antzekotasun bat existitzen zela. Gaixotasunak jatorri genetikoa duela onartu da, baina ez dira ezagutzen oinarrizko mekanismoak. Datu batzuk bildu ondoren oso litekeena da baldintza poligenikoa izatea. Tartean sartuta dauden geneak normalean neurotrasmisio monoaminergikoarekin lotuta dute. Jatorri poligenikoak ongi azalduko luke gaixotasunaren aldakortasun klinikoa.

Ondorio sozialak helduengan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspergerra duten helduek haur gaixoen arazo berdintsuak dituzten arren, ez dute haurren tratamendua jasotzen. Hori dela eta, zailtasunak dituzte lana aurkitzeko eta goi-mailako ikasketak egiteko. Besteekin konparatuta, oso zaurgarriak dira pobreziarekin, lana aurkitu eta mantentzeko zailtasunak dituztelako. Lan bat aurkitzen badute, gaiz-ulertuak izan daitezke, beraietaz baliatzen direlako. Aspergerdun batek pertsona normal batek baino gutxiago kobratzen du eta diskriminatzeko aukera dute. Bere komunikazio ezarengatik, beraiekin lan egiten duen jendeak arazoak izan dezakete Asperger sindromea duten pertsona ulertzeko. Nagusiekin arazoak izan dezakete.

2005. urtean, Simon Baron-Cohenek Adult Asperger Assessment delakoa jarri zuen martxan. Asperger sindromea diagnostikatzeko tresna da eta bi adierazlez osaturik dago: enpatiaren kontzientea eta espektro autistaren kontzientea. Enpatiaren kontzientearen balioa txikia bada, espektro autistaren kontzientearen balioa handia bata eta 5 baldintza eta 10 sintoma gutxienez betetzen badira, ebaluatutako subjektuak autismoaren fenotipo handia adierazten du, eta Asperger sindromea izateko aukera handiak ditu.

Eztabaida eta polemika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asperger sindromearen inguruan hainbat aspektu eztabaidatsu daude, bereziki diagnostikatuak eta autodiagnostikatuak dauden pertsonekin. Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak patologia bezala kontuan hartzen du.

Psikologiaren profesional batzuen iritziz, txikitatik diagnostikatuak izan direnek beraien gurasoen gehiegizko babesa izaten dute askotan, eta horrek sintomak larritzen ditu. Nerabezaroan edo helduaroan diagnostikatuak izan direnean, nortasun independente bat sortzen dute, ez du tratamendurik tartekatzen. Profesional batzuen arabera, hobe da familiari ez esatea gaixoak Asperger sindromea duela, horrek ondorio positiboak dituelako. 1994ko urteko DSM-IV diagnostikoan, Ameriketako Estatu Batuetako psikiatria erakundeak esan zuen Asperger sindromea ez dela autismoa bezalakoa.

"Ez da gaixotasuna"

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asperger sindromea diagnostikatu zaien helduek uste dute beraiena ez dela gaixotasun bat, baizik eta izateko forma bat.

Asperger sindromea garapenaren nahasmendu bat da, eta neurobiologikoki mugatzen du informazioaren prozesamendua. Sindromea desberdin agertzen da pertsona bakoitzean, baina denek zailtasun bera dute: elkarrekintza soziala (gehienetan adin bereko pertsonekin), zailtasunak kontzeptuen abstrakzioa jakiteko, hizkuntzaren interpretazio literala, eta zailtasunak sentimenduak interpretatzeko.

DSM-Vren proposamena diagnostiko sail bezala ezabatzeko

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ko otsailaren 10ean DSM-V diagnostiko eskuliburuaren zirriborroa ezagutzera eman zen, eta bertan Asperger sindromea diagnostiko kategoria independente gisa kentzea eta autismoaren kontzeptu orokorraren barruan kokatzea proposatu zen.[16] Gauza bera proposatzen da garapenaren nahaste orokortuekin.[17]

Diagnostikatzeko tresnak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindrome hau pairatu duten pertsona ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikertzaile batzuen ustez, Leonardo da Vincik sindrome hau ei zuen.

Pertsona ospetsu askok izan omen dute Asperger Sindromea. Hona hemen adibide batzuk:

Interneten dozenaka adibide topa daitezke; pertsonaia historiko eta garaikide askori sindrome hau eta beste batzuk egotzi ohi zaizkie, inolako frogarik gabe askotan. Edo bere garaian egindako deskripzio hutsetatik abiatuz, Isaac Newtonen kasuan bezala.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. http://www.deperu.com/calendario/1547/dia-internacional-del-sindrome-de-asperger
  2. (Gaztelaniaz) Pilar Martin Borreguero: El síndrome de Asperger: ¿Excentricidad o discapacidad social? 121 or.
  3. http://logopediaz.files.wordpress.com/2007/11/sindrome-asperger_equipo_deletrea.pdf
  4. (Ingelesez) Wing, Lorna (febrero 1981). «Asperger's Syndrome: a Clinical Account». Psychological Medicine 11 (1): 115-130 or. doi:10.1017/S0033291700053332. ISSN 0033-2917. PMID 7208735
  5. (Gaztelaniaz) https://web.archive.org/web/20110630194257/http://espectroautista.info/textos/divulgaci%C3%B3n/conclusiones-II-congreso-internacional
  6. (Gaztelaniaz) Rafael Jorreto Lloves: https://web.archive.org/web/20120618064335/http://www.psicopedagogia.com/sindrome-de-asperger
  7. (Gaztelaniaz) Olivares, Simón, Esteva eta Gómez: Pautas básicas y sistemas alternativos de comunicación,86.or
  8. (Ingelesez) Baron-Cohen, Jennifer; Richler; Bisarya, Dheraj; Gurunathan, Nhishanth; Wheelwright, Sally: http://intraspec.ca/autism/2003_BCetal_sysquoAS.pdf
  9. (Gaztelaniaz) https://web.archive.org/web/20120618064335/http://www.psicopedagogia.com/sindrome-de-asperger
  10. (Gaztelaniaz) Pilar Martin Borreguero: El síndrome de Asperger: ¿Excentricidad o discapacidad social? 68.or.
  11. (Gaztelaniaz) A. Fernández-Jaén, D. Martín Fernández-Mayoralas, B. Calleja-Pérez, N. Muñoz Jareño (2007). PDF: http://www.neurologia.com/pdf/Web/44S02/xS02S053.pdf(PDF)[Betiko hautsitako esteka]
  12. http://www.slideshare.net/fantolig/asperger-eta-rett-sindromeak
  13. DSM IV. Diagnostiko irizpidea D(1)
  14. (Gaztelaniaz) ¿Por qué un Asperger es tan inocente?. .
  15. (Gaztelaniaz) Pilar Martin Borreguero: El síndrome de Asperger: ¿Excentricidad o discapacidad social?, 84 or.
  16. https://web.archive.org/web/20120430203024/http://espectroautista.info/criterios-diagnosticos/DSM-V-SA
  17. http://www.dsm5.org/Pages/Default.aspx
  • (Gaztelaniaz): Pilar Martin Borreguero: El síndrome de Asperger: ¿Excentricidad o discapacidad social? Madril: Alianza Editorial, 2006.
  • (Gaztelaniaz): A.Fernández-Jaén, D.Martín Fernández-Mayoralas, B.Calleja-Pérez, N.Muñoz Jareño (2007): "Síndrome de Asperger: diagnóstico y tratamiento". Revista de Neurología 44: 53-55 or. PMID 17347946. PDF: https://web.archive.org/web/20121013111923/http://www.neurologia.com/pdf/Web/44S02/xS02S053.pdf.
  • (Gaztelaniaz): Olivares-Simón-Esteva eta Gómez: Pautas básicas y sistemas alternativos de comunicación. Bartzelona: Altamar 2004.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]










ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: https://eu.wikipedia.org/wiki/Asperger_sindrome

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy