Content-Length: 172530 | pFad | http://eu.wikipedia.org/wiki/Xiismo

Xiismo - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Xiismo

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Xiitak Bahraingo prozesio batean.

Xiiak Islamaren adar garrantzitsuena dira, sunitekin batera.

Xii izena shī'at 'Alī esaeratik dator, arabieraz "Aliren alderdia". Mohammad profetak, 632. urtean hil zenean ez zuen bere oinordetzari buruz ezer zehazturik utzi, eta horrek alderdien arteko borrokak ekarri zituen. Alderdi batek, profetaren suhi eta lehengusua, Ali ibn Abi Talib, defendatu zuen legezko kalifa ("ondorengo") bezala, profetaren gertueneko pertsona izan zela argudiatuz. Hala, kalifa izateko izendatu ziren guztiak, xiiek banan banan errefusatu zituzten: Abu Bakr, Omar eta Otmán. Hiru horien ondoren, Alik kalifa izatea lortu zuen. Omeiatarren leinukoa zen Muawiya Siriako gobernadoreak, ordea, Aliri leporatu zion aurreko kalifaren hilketa. Omeiatarrak Aliren izendapenaren aurka azaldu zirenean, gerra odoltsu bat hasi zen. Azkenean, bi aurkariek erabakia epaile neutral baten eskuetan uztea hitzartu zutenean, Aliren alderditik jariyien adarra ez zen konponbidearekin ados agertu, eta xiien taldetik bereizi zen (jariyi, "bereiztea"). Jariyi batek 661ean Ali hil zuen, eta egun berean Muawiya eta epailea hiltzen saiatu ziren. Jariyien ustez, kalifatza ez da leinu edo familia jakin batentzako titulua; musulmanen artean duinenari eman behar litzaioke, "esklabu beltza izanagatik ere".

Xiiek Hasan, Aliren semea, oinordeko hartu zuten eta horrek aginteari uko egin ondoren, Husain anaia. Husainek matxinada bat gidatu zuen omeiatarren aurka, eta 680an hil zuten, Karbalan (Irak) gudukatzen ari zela. Husainen martirio eta heriotzak xiien eta geroago sunita deitu zirenen arteko bereizkuntza markatu zuen.

Korana haien testu sakratua da eta Sunna ere aintzakotzat hartzen dute, baina sunitek baino gutxiago.

Fededunek Imam izeneko gidari nagusi baten beharrean sinesten dute, honek fededunaren bizimodua modu islamiar egokian zuzendu dezan. Xiiek imam deitzen dutena, sunitentzat kalifa da. Sunitentzat, kalifa (arabieraz, "ondorengoa") Quoram leinuko kideen artetik hautatu behar zen, hau da, profetaren leinutik; xiientzat, aldiz, Ali eta bere ondorengoak dira legezko oinordekoak. Xiien Imam hau ordea, ezkutuan bizi da naturaz gaindiko ahalmen bati esker (Qaim-a) eta munduaren amaiera iristen denean azalduko da jendartera. Sinesmen hori sorrarazi zuen arrazoia, xiiek jasandako zanpakuntzan ikusi izan da: Husainen ondorengo imam guztiek, hurrenez hurren, heriotza bortitza izan zuten Omeiatarren eskutik eta, Qaim-aren gertakizun miragarria kalifen jazarpena saihesteko asmatu zen. Xiien adar baten arabera (ismaili edo ismailiarrak), Ismail zazpigarren imama fenomeno horren bitartez desagertu zen. Xiia gehienentzat (imamiar edo hamabitarrak), aldiz, Ismail benetan hil zen, eta beraz, haren oinordekoak legezko imamtzat hartzen dira. Imamiek ere, ordea, geroago susmoa zabaldu zuten 874an hamabigarren imamak gisa bereko botere bereziei esker espetxetik ihes egin eta desagertu egin zela, beren Qaim propioa asmatuz. Ezkutatzearen fenomenoak ezaugarri esoteriokoak ematen dizkio xiismoari.

Hamabi imamen genealogia:

    Mohammad(.632)
        ↓
Fatima(.632)       ↔      (1)Ali(.680)
 ↓————————————————————————————↓               
(2)Hasan(.670)          (3)Husein(.680)
                              ↓
                        (4) Ali Zeyn al-Abedin al-Sayyad(.713)↔Zayd(.740) (zaidiak)
                              ↓
                        (5)Mohammad al-Baqer(.732)
                              ↓
                        (6)Yaafar al-Sadeq(.765)↔Ismail(.755) (ismailiak)
                              ↓
                        (7)Musa al-Kazem(.799)
                              ↓
                        (8)Ali al-Reza(.818)
                              ↓
                        (9)Mohammad al-Yavad,al-Taqi(.835)
                              ↓
                       (10)Ali al-Hadi,al-Naqi(.835)
                              ↓
                       (11)Hasan al-Zaki,al-Askari(.874)
                              ↓
                       (12)Mohammad al-Mahdi(874-n desagertua)(imamiak)

Berezitasun doktrinalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xiiek Islamaren bost zutabeak bete behar direla sinesten dute, sunitek bezala. Berezitasun garrantzitsuenak imamgoa, kleroa eta esoterismoa dira.

Erlijio guztietan bezala, pentsamendu ezberdinak daude, eta horren ondorioz xiiak ondorengo taldeetan banatuta daude: imamiak (gehiengoa), ismailiak, zaidiak eta alauiak. Horiei, beste gurtza-talde txikiagoak erantsi behar zaizkie, islamiar eta xii jatorria izan arren, musulman gehienek musulmantzat hartzen ez badituzte ere. Talde minoritario horiek drusoak eta aleviak dira.

Munduko hedadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Musulmanak biztanleen % 5etik gora diren estatuak, bakoitzean nagusi den islamaren adarra zehaztuta:
     sunismoa      xiismoa      ibadismoa

Musulmanen % 10-15 xiiak dira, gehiengoa Iranen, Azerbaijanen, Iraken, Bahrainen eta Libanoko hegoaldean. Sirian, Afganistanen eta Pakistanen, gutxiengo batzuk daude.

Drusoak Siria eta Libanoko hegoaldea eta Israeleko iparraldearen artean daude. Zaidiak, berriz, Yemengo gehiengoa dira.

Alauiak ugari dira Turkian eta Sirian.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: http://eu.wikipedia.org/wiki/Xiismo

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy