Euskararen erabilera
Euskararen erabilera euskarak kalean zein etxean edo beste eremu batzuetan duen erabilera da. Hori neurtzen duten bi azterlan egiten dira periodikoki, bata inkesta soziolinguistikoaren baitan herritarrei galdetuta osatzen dena,[1] eta bestea kaleko erabilera erreala behatuta osatzen dena.[2]
Euskarak atzerako joera izan du historian zehar gutxienez XI. mendetik. Atzerakada hori nabarmena izan da mugako eremu geografikoetan. XIX. mendean, baina, gaztelania eta frantsesa Euskal Herriko muinera sartzen hasi ziren, euskaldunen ohiko lurraldera, eta euskaldunak elebidun bilakatzen joan ziren, baita askok ama hizkuntza galdu ere zirkunstantzia politiko hertsagarrien erdian, hala nola, euskararen debekua 1936ko estatu-kolpearen ondoren eta Francoren diktaduraren pean.
XIX. mende erdialdera, Luis Lucien Bonapartek euskararen ezagutzari buruzko lehen inkesta sistematikoa egin zuen (1863) eta, gerora, gehiago egin ziren. Horiek, baina, ez zuten benetako kale-erabilera neurtzen. Euskaldunak elebidun bihurtzearekin batera, hizkuntzaren benetako erabilerari buruzko kezka handitu zen. 1970eko hamarkadan eta batez ere 1980koan euskara suspertzeko mugimendua handitu ahala, gibeleratze hori euskaldun berriek eta ikastolako umeek eten zuten neurri handi batean.
Bestalde, inkesta bidezko eta behaketa bidezko datuez gain, batzuetan euskararen erabileraren estimazioak egiteko formula batzuk ere erabiltzen dira. Udalerri edo komunitate bateko elkarrizketa bat euskarazkoa izateko ere probabilitatea duen estimatzeko .
Inkesta bidezko datuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak erroldarekin jaso ohi dira, eta publikoak dira, gutxienez, euskara-gaitasuna, eta lehen hizkuntzako datuak.[3][4]
2016ko inkesta soziolinguistikoak zioenez, 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,7k euskara erabiltzen zuen neurri batean ala bestean:
- % 16,5ek euskararen erabilera trinkoa egiten zuen, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zuen eguneroko jardunean.
- % 9,2k euskara erabiltzen zuen, baina erdara baino gutxiago.
Gainerako % 74,3k erdara erabiltzen zuten beti edo ia beti. Kontuan hartu behar da, hala ere, azken hauen artean bazela multzo txiki bat ( % 5,2) oso gutxitan bada ere euskara ere erabiltzen zuena.
Erabileraren ehunekoak, ezagutzaren kasuan bezala, desberdinak ziren lurraldez lurralde. Euskararen erabilera trinkoa egiten zutenak % 20,1 ziren EAEn, % 6,6 Nafarroan eta % 8,1 Ipar Euskal Herrian.
Euskararen erabilera VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2016) | ||||
---|---|---|---|---|
Hizkuntza | Ehunekoa | |||
Euskararen erabilera trinkoa | 16,5 | |||
Euskara erdara baino gutxiago | 9,2 | |||
Euskara pixka bat | 5,2 | |||
Erdara | 69,1 | |||
Kaleko erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1989z geroztik (Euskal Kulturaren Batzarrak zuzendua), euskararen benetako kale-erabilera neurtzeko metodoa jarri zen martxan, eta horrelako azterketa gehiago egin dira 2016 arte. Azterketa horiek 1989tik euskararen kale-erabilera, oro har, handitu egin zela utzi zuten agerian 2006 arte; 2016ko azterketak (7. edizioa), berriz, besterik adierazten zuen.[5]
Euskal Herri osoan 2016an egindako azterketan, 187.635 elkarrizketa behatu ziren 250 profesionalek baino gehiagok eginda; bada, bertan azaleratu zenez, kaleko berriketak % 12,6tan egiten dira euskaraz batez beste, % 76,4tan gaztelaniaz, % 8,3tan frantsesez eta % 2,7tan gainerako hizkuntzetan. 27 urtean, % 1,8 igo da euskararen kale-erabilera herrialde osoan, baina 2006an gailurra jo ondoren, behera egin du: % 1,1. Gipuzkoa da lurralde euskaldunena, kaleko elkarrizketen % 31,1 egiten baitira euskaraz; erdaldunena erabilera aldetik, berriz, Araba da: % 4,6. Euskal Herriko hiriburu nagusiei dagokienez, Donostian hitz egiten da gehien, elkarrizketen % 15,2tan; kalean euskara gutxien erabiltzen duena, berriz, Baiona da, % 1,9tan.[5]
Euskararen kaleko erabilera (2016) | ||||
---|---|---|---|---|
Hizkuntza | Ehunekoa | |||
Euskara | 12,6 | |||
Gaztelania | 76,4 | |||
Frantsesa | 8,3 | |||
Beste hizkuntza bat | 2,7 | |||
Euskal Herriko emaitzak urteka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdea | 1989 | 1993 | 1997 | 2001 | 2006 | 2011 | 2016 | 2021 |
Euskal Herria[2] | 10,8 | 11,8 | 13,0 | 13,3 | 13,7 | 13,3 | 12,6 | 12,6 |
Lurraldea[2] | 1989 | 1993 | 1997 | 2001 | 2006 | 2011 | 2016 | 2021 |
Gipuzkoa | 23,3 | 23,9 | 27,9 | 29,5 | 32,1 | 32,6 | 31,1 | 30,6 |
Bizkaia | 8,1 | 9,6 | 10,5 | 10,7 | 10,6 | 9,4 | 8,8 | 9,4 |
Araba | 3,9 | 4,2 | 4,0 | 4,2 | 4,7 | 4,0 | 4,6 | 4,8 |
Nafarroa | 6,5 | 7,5 | 6,8 | 6,0 | 5,9 | 5,7 | 6,7 | 5,9 |
Iparraldea | 6,5 | 8,3 | 7,6 | 6,0 | 6,2 | 5,3 | 4,9 |
Eskualdea | 1989 | 1993 | 1997 | 2001 | 2006 | 2011 | 2016 |
Sakana[6] | 20,7 | 21,8 | 22,8 | 24,6 | |||
Gorbeialdeko Kuadrilla[7] | 13,8 | ||||||
Urola Kosta[8] | 71,5 | ||||||
Bidasoa Beherea[9] | 12,8 | ||||||
Gernika-Bermeo[10] | 42,6 | ||||||
Donostialdea[11] | 20,6 | ||||||
Durangaldea[12] | 19,9 |
Kaleko erabilera herrialdez herrialde
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedia honek zazpi euskal herrietako euskararen kale erabileraren mapa linguistikoak ditu, azpiko iruditegietan ipini direnak. Datuak 2011koak dira.[13]
Legenda jarraian:
> % 50 > % 30 > % 20 > % 10 > % 5 > % 0 |
-
Gipuzkoa
-
Bizkaia
-
Nafarroa Beherea
-
Zuberoa
Gainean ipini ditugun lau herrialde horietan entzun daiteke euskara gehien, hizkuntza (gutxieneko kopuru batean) mintzatzen den eremua herrialdearen eremuaren erdia edo handiagoa delako. Gipuzkoa eta Zuberoako kasuak aipagarriak dira, bi herrialde horietako herri guztietan euskararen erabilera % 5 baino altuagoa delako, hortaz, euskara herri guztietan presente dagoela esan dezakegu, leku batzuetan apalago bada ere. Gorriz margotutako herrietan euskara nagusi da, kalean gehien entzuten den hizkuntza delako, gutxienez % 50ek erabiltzen du. Gipuzkoan eta Bizkaian aurki ditzakegu halako herri gehien, baina azken herrialde honetan, Nafarroa Beherean bezala, euskarak ez du herrialde osoan zehar hedatzea lortu.
-
Nafarroa Garaia
-
Lapurdi
-
Araba
Gaineko beste hiru herrialdeetan aldiz, euskarak ez du hedapen zabalik. Nafarroa Garaiaren iparraldean euskarak zenbait arnasgune ditu, Arabak Aramaio du arnasgune bakar eta Lapurdik ez du bat ere ez. Bereziki aipagarria da Lapurdiren kasua, bertan hiru herritan baino ez baita euskara entzuten kopuru neurgarri batean.
Euskararen kale erabileraren neurketak egiteko metodologia sortzeko lehen ahaleginetan ekarpen handia egin zuen Xabier Isasik erabilerari buruzko teorizazioan Jose Luis Alvarez Enparantzarekin batera, Siadeco-ko Iñaki Larrañagak metodologiari dagokionean, eta EKBk proiektuari maila orotako babes eta laguntza logistikoa eskainiz.[14]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 47 herritako euskararen kale-erabileraren 2016ko datuak publikoak dira EASen webgunean (Euskararen Adierazle Sistema).[15] Adibidez, hauek: Altsasu 13.9, Andoain 21.6, Antzuola 65.5, Aramaio 63.4, Arbizu 76.8, Astigarraga 38.7, Azkoitia 68.9, Bermeo 33.6, Donostia 16.1. Eibar 15.1, Elgoibar 35.9, Elorrio 34.2, Errenteria 14.7, Eskoriatza 37.5, Gasteiz 3.7, Hernani 29.7, Hondarribia 24.6, Iruñea 2.9, Irurtzun 8.5, Iturmendi 27.7, Lakuntza 30.9, Lezo 36.5, Oiartzun 58.8, Olazti 3.7, Oñati 65.8, Ordizia 43.7, Pasaia 12.9, Soraluze 31.2, Urdiain 44.4. Urkabustaiz 17.8, Usurbil 54, Zaldibar 27.6, Zestoa 77.5, Zigoitia 16.7, Zuia 5.8 eta Zumaia 57.8.
Tolosaldeko udalerrien datuak ere eskuratu daitezke, Galtzaundi elkarteren webgunean daude. Euskarazko Wikipedian udalerri horien infotaulan ematen den kaleko erabilera 2017koa da.
2021ko martxoan kaleko erabileraren datu horiek eskaintzen dira udalerri horietako artikuluan (infotaulan) Euskarazko Wikipedian.
Etxeko erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2021eko apiriletik etxeko erabileraren datuak ere azaltzen dira udalerrika, Araba, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Datuak EASen webgunetik jaso ziren, eta apur bat sinplifikatuta eskaintzen dira.[16] Etxeko erabilerari buruzko hainbat daturen artetik, EASen lau datu lor daitezke herri bakoitzeko: Euskara, Gaztelania, Biak eta Besteak. Etxeko ehunekoa ateratzeko, herri bakoitzean Euskara eta Biak zenbakien batuketa egin da eta gero, zati Guztirako zenbakia. Adibidez, Usurbilen: Euskaraz etxean, 2510 pertsona; Bietan etxean, 891 pertsona; guztira, 5794 pertsona. Beraz, Usurbilen, 2016ko datuekin, erabilera % 58,7 da. Hau da: (2510 + 891) / 5794.
Euskararen erabilera zein den estimatzeko formulak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inkesta bidezko eta behaketa bidezko datuez gain, batzuetan euskararen erabileraren estimazioak egiteko formula batzuk erabiltzen dira, udalerri edo komunitate bateko elkarrizketetan zenbatetan espero daiteke euskaraz izatea. Berez, ehuneko hori ez da izango euskaldunon eguneko bera, askoz txikiagoa baizik, talde bateko lagun guztiak euskaldunak ez badira, euskara ez baita erabiltzen.
Txillardegik eta Xabier Isasik definitu zuten formula horiek nola kalkulatu behar ziren, eta UEMAk herri guztietarako kalkulatu zituen 2011n.[17]
Formula horiekin lortzen diren ehunekoak ez dira erabilera errealeko neurria, alde horretatik ez dira oso praktikoak. Baina erabil daiteke konparazioak egiteko erreferentziatzat oinarri-lerro moduan. Herri bateko kaleko erabilera formula horien bidez estimatua baino handiagoa bada, nolabait ondoriozta daiteke herri horretako euskaldunek euskarari atxikimendu handia diotela.[18]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eusko Jaurlaritza (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Nafarroako Gobernua (Euskarabidea), Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basque. VI. Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen eremu osoa. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
- ↑ a b c Hizkuntza Erabileraren Kale-Neurketa. Euskal Herria, 2016. Soziolinguistika klusterra (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
- ↑ «EAS: Euskararen Adierazle Sistema. Euskara-gaitasuna» www.euskadi.eus (Eustat- <eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
- ↑ Eustat. «Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuaren, ama-hizkuntzaren eta etxean hitz egiten den hizkuntzaren arabera.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
- ↑ a b «Eta zuk?» Berria (Berria Taldea) 2017-09-05 (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Sakana hizkuntza-erabileraren neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Gorbeialdeko Kuadrilako hizkuntza-erabileraren neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Zumaiako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Hondarribiako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Bermeoko hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Oiartzungo hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Zaldibarko hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
- ↑ «UEMA Atlasa» UEMA (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
- ↑ Isasi Balanzategi, Xabier; Alvarez Enparantza, Jose Luis. (1993). Euskararen kale-erabilpenaren azterketa matematikoa. Metodologia berriak.... (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
- ↑ «EAS: Euskararen Adierazle Sistema. Euskararen kale-erablera» www.euskadi.eus (EUSTAT, Eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
- ↑ Eustat. «Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuaren, ama-hizkuntzaren eta etxean hitz egiten den hizkuntzaren arabera.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
- ↑ «UEMA-Atlasa» 46.226.108.156 (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
- ↑ Isasi Balanzategi, Xabier; Alvarez Enparantza, Jose Luis. (1994). Soziolinguistika matematikoa. UEU arg (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).