Futbolaren historia
Futbolaren historia K.a. II. mendean hasi zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 2500ean, Txinan, dokumentuek diote gutxi gorabehera garai horretan hasi zirela antzinako txinatarrak Tsu-Chu izeneko jokoan. Tsu hitzak «oinekin baloia jotzea» esan nahi omen du, Chuk, aldiz, «larruz egindako pilota», eta enperadorearen urtebetetzeko ospakizunetan jokatzen zen[1].
Japoniarrek ere Kemari izeneko jokoa garatu zuten K.a. 300 eta 600 urteen artean; 8 jokalari edo gutxiago aritzen ziren partidatan eta baloiak lurra ez ukitzea zen helburua. Amerikan, Mayak eta Aztekak Pok-A-Tok jokoan aritzen ziren; baloia hankekin jo arren, helburua berau uztaian sartzea zen. Aurkitutako zelairik zaharrena, Paso de la Amada, Mexiko, K.a. 1600ekoa da[1].
Ipar Amerikan, beranduagokoak dira Pasuckuakohowog jokoaren inguruko berriak, XVI. mendearen amaierakoak hain zuzen. 1.000 pertsonatik gorak hondartza zabaletan bildu eta baloiarekin jokatzen zuen, sarritan egun bat baino gehiago irauten zuten partida kaotikoetan. Alaskako eskimalek ere halako zerbait egiten omen zuten, baina izotz gainean; Asqaqtuk esaten zioten jokoari[1].
Groenlandian ere futbolaren antzeko kirola jokatzen zen, eta Ozeaniako “Marngrook” izeneko jokoak, berriz, Australiako futbolaren antz handiagoa zuten ezaugarriak zituen.[2]
Lehen garapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Futbolaren bertsio modernoa Europan sortu zen eta bertan ere aurrekariak badira. Antzinako Grezian, Episkyrosean aritzen ziren. Beste kiroletan bezala, biluzik jokatzen zuten eta, gizonezkoak gehiago izan arren, emakumezkoek ere jokoan parte har zezaketen. Aurretik, linoz eta hilez egindako baloiek (Egiptoko hilobi batean aurkitutakoa kasu) ez zuten punparik ia eta greziarrek follis edo puztutako baloia garatu zuten. Zerrien maskuriak erabiltzen zituzten horretarako, baina belaki zatiekin egindako pilotak ere baziren[1].
Erromatarrek Episkyrosa garatu eta izena aldatu zioten: Harpastum izena zuen Inperioaren modako jokoak (bere azken urteetan bereziki). 5-12 jokalarik erditik banandutako zelai errektangularrean jarduten zuten. Talde bakoitzak bere erdian mantendu behar zuen baloia, eta arerioa baloia lapurtu eta bere zatira eramaten saiatzen zen. Harpastuma follisa baino pilota txikiago eta gogorragoekin jokatu ohi zen[1].
Zizeronek berak kasu bitxia deskribatu zuen: Gorteko bizartegian gizon bat hil omen zuten, bizarra mozten zioten bitartean norbaitek baloiari ostikoa jo eta leihotik barrura sartu zenean; pilotak bete-betean eskuan jo omen zion bizarginari eta bezero gizarajoari lepoa moztu zion labanak. Atheneausek ere Harpastumari buruz idatzi zuen: «Harpastum da gehien gustatzen zaidan jokoa. Ahalegina eta nekea izugarriak dira, lepoaren bira bihurriak bezalaxe». Eta Antiphanesek hauxe kontatu zuen: «Baloia hartu eta lagunari pasa zion, jokalari bat saihestu eta barre egiten zuen bitartean»[1].
Inperioaren hedapenean erromatarrak Britainiar irletara iritsi ziren, baita euren jokoa ere. Erromatarren eta britainiarren arteko Harpastum norgehiagoken berri iritsi da. Erromatarrek erraz lortzen omen zuten garaipena. Erdi Aroan Italian eta Ingalaterran jarraitu zuten baloi jokoan. Bi herrietan joko jendetsu eta bortitzak egiten ziren[1].
XIX. mendeko bateratzeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen erdialdean, Britainia Handian, Futbol ihauteria arautzeko prozesu bat hasi zen, eta arau idatziak ezarri ziren, zabal partekatu ahal izateko modukoak. Garai hartan futbola bigarren mailako eskola pribatuetako ikasleen artean praktikatzen zen, eskola batetik bestera nabarmen aldatzen ziren arau oso zehaztugabeekin. Eskola batzuetan pilota eskuetan hartuta korrika egin zitekeen, beste batzuetan ez; batzuetan jokoz kanpoko lerro bat zegoen, baina beste batzuetan ez; batzuetan kontrako jokalariari hartu, plakatu eta ostikoka egin ahal zitzaion, eta beste batzuetan ez; batzuek pasean oinarritutako taldekako joko bat sustatzen zuten, baita pasea ere. Beste batzuetan, berriz, jokalari bakoitzaren trebetasunean eta indarrean oinarritutako banakako joko bat bultzatzen zuten. Eta eskola bakoitzean aldaera eta aldaketa amaigabeak zeuden.[3][4]
1840ko hamarkadan, Britainia Handiak garapen handia izan zuen bere trenbide-sarean, eta, horri esker, pertsonak distantzia handiagoetara joan ziren. Prozesu horrek elkargoen arteko eskumenak gauzatzea ahalbidetu zuen, baina, handik gutxira, argi geratu zen beharrezkoa zela arauak bateratzea.[3]
Futbol Elkartearen legeak 1863an ofizialdu baziren ere, Cambridgeko arauak gaur egungo kodea sortzeko oinarritzat hartu ziren eta Sheffield-eko arauek ere ezaugarri garrantzitsuak ekarri zizkioten kirol berriari.[5]
Futbol modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1863an joko arau zehatzak idatzi ziren eta; orduan sortu zen egungo futbola Ingalaterran eta urte gutxi beranduago, 1967an, lehen futbol taldea, Sheffield Football Club, zelaira irten zen[1].
Data zehatza eta onartua ezartzea zaila bada ere, futbolaren jaiotza 1863ko urriaren 26a izan zen, “The Football Association” sortu zeneko eguna.[6] Data hori baino lehen Ebenezer Cobb Morley-k Londresko eskola eta klubei deitu zien bilera bat egiteko, futbolaren kode berri bat arautzeko asmoz. 1863ko urriaren 26tik abenduaren 8ra sei bilera egin ziren Freemason's tabernan, kodea arautzeko eta kirol berria zuzenduko zuen elkarte bat sortzeko. Azken bileran kirol berriaren araudia zehaztu zen, "Association football" izena jarriko ziotena, garaiko beste futbol kode batzuetatik bereizteko. Jokoaren sorrerarekin Ingalaterrako Futbol Elkartea ere sortu zen, gaur egunera arte Ingalaterran futbolean agintzen duena.[7]
Ingalaterrako futbolaren ezaugarri nagusia amateurra izatea zen. Hala ere, 1871n FA Cup sortu zenetik eta partidak ikusteko txartelak kobratu zirenetik, futbolariak eskaintza ekonomikoak jasotzen hasi ziren. Horrek Ingalaterrako Futbol Elkartearen gaitzespen zabala jaso zuen, futbolean profesionaltasuna debekatuz.[8]
Nazioarteko hedapena eta finkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]FIFA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun indarrean dagoen elkartea, International Federation of Association Football (FIFA) 1904ko maiatzaren 21ean sortu zuten Parisen (Frantzia) 8 herrialdetako ordezkariekin: Belgika, Danimarka, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Suedia, Suitza eta Alemania.[9]
Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batukoak ez diren selekzioen arteko nazioarteko lehen topaketak egin zirenean hasi zen haren sorrera zehazten; bertako selekzioek uko egin zioten munduko futbol organo baten ideiari. Erakundearen lehen lorpen handia The Football Association erakundearen afiliazioa izan zen. Urte batzuk geroago, beste elkarte britainiar batzuek ere parte hartu zuten. 1910eko hamarkadan Europatik kanpoko kideak afiliatu ziren, eta horietako lehena Hegoafrika izan zen 1909-1910 bitartean. 1906an mundu mailako txapelketa bat egiteak huts egin zuen; eta Olinpiar Jokoetako futbolak ez zuen FIFAk mundu-mailako txapelketa baterako espero zuen tamaina.[10]
I. Mundu Gerran FIFA desagertzeko zorian egon zen, baina Carl Anton Wilhelm Hirschmannen lanari esker ez zen hori gertatu. 1921eko martxoaren 1a ezinbesteko data izan zen futbolaren historiarako: Jules Rimet FIFAko hirugarren presidentea izendatu zen.[11] 1929an, Bartzelonan Uruguai aukeratu zuten lehen Munduko Futbol Txapelketaren egoitza gisa, eta 1930ean jokatu zen. Uruguaik parte hartzaileen gastu guztiak ordainduko zituen arren, Europako selekzio askok ez zuten parte hartu kontinente zaharrak bizi zuen gerra osteko krisiaren ondorioz. II. Mundu Gerrak berriro geldiarazi zuen FIFAren hazkundea, baina Mendeko partiduak bildutako funtsei esker, erakundeak aurrera egin ahal izan zuen. 1947ko maiatzaren 10ean partida bat jokatu zen Britainia Handiaren eta Europako beste herrialde batzuen artean. 135.000 lagunen aurrean, britainiarrek 6 golen aldeaz irabazi zuten[12]. Partida honek eta 1950eko Munduko Futbol Txapelketa Brasilen egiteak, FIFAren arrakastarik handieneko etapari bultzada eman zion. 1954an Jules Rimetek, Munduko Txapelketaren aitak, bere kargua utzi zuen, FIFAko Ohorezko Presidentea titulua lortuz.[13]
Olinpiar Jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1896an, Olinpiar Joko modernoen lehen edizioan futbola ez zen ekitaldi bezala hartu. Egutegiaren parte izan zen 1900 eta 1904an erakustaldi moduan eta 1906ko Tartekatutako Jokoetan nahiz eta izaera ez ofiziala izan. Txapelketa guzti hauek mota desberdinetako taldeek jokatu zituzten: selekzio nazionalak, erregionalak, klubak eta konbinatuak, batzuetan herrialde bat baino gehiagoko jokalariak ere izaten zituztenak.[14]
1908ko edizioa izaera ofizialeko lehena izan zen; gainera, mundu mailako txapelketa baten lehen ediziotzat hartzen da. Titulua Erresuma Batuko selekzioaren esku geratu zen.[15] 1924tik aurrera, FIFA hasi zen txapelketa antolatzen, eta 1924ko eta 1928ko edizioak, biak Uruguaik irabazitakoak, munduko futbol txapelketa bezala aitortuak izan ziren. Txapelketa 1930etik aurrera baztertuta geratu zen, Uruguain Munduko Lehen Futbol Kopa antolatu zenean.[16]
Konfederazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere elkarte nazionalak bildu zituen lehen kontinentea Hego Amerika izan zen, 1916ko uztailaren 9an (Argentinako Independentzia Aldarrikapenaren mendeurrenaren eguna), Hego Amerikako 1916. txapelketan, Buenos Airesen. Sortzaileak Argentina, Brasil, Txile eta Uruguai izan ziren; lehenengo presidentea Hector Rivadavia Gómez uruguaitarra izan zen.[17]
Asiak bere futbola antolatu zuen 1954ko maiatzaren 8an Manilan (Filipinak), Asiako Futbol Konfederazioa (AFC) izenarekin. Herrialde sortzaileak Afganistan, Burma, Hego Korea, Filipinak, Hong Kong, India, Indonesia, Japonia, Pakistan, Txinako Errepublika, Singapur eta Vietnam izan ziren.[18]
1954ko ekainaren 15ean Basilean (Suitza), Europako erakundea sortu zen: “Union des Associations Européennes de Football” (UEFA). Belgika, Danimarka, Frantzia eta Italiako futbol elkarte nazionaletako kideek bultzatu zuten ekimena. Ebbe Schwartz daniarra izan zen lehen presidentea eta Henri Delaunay frantziarra idazkari nagusia.[19]
Kontinente afrikarra izan zen bere konfederazioa osatu zuen hurrengoa. 1957ko abuztuaren 2an, FIFAn afiliatuta zeuden lau elkarte afrikarrek (Egipto, Etiopia, Hegoafrika eta Sudan) Afrikako Futbol Konfederazioa (CAF) sortu zuten. Lehen presidentea, 1957an izendatua, Abdel Aziz Abdallah Salem egiptoarra izan zen, eta lehen idazkari nagusia Youssef Mohamed, nazionalitate berekoa.[20]
Ipar Amerikako (North American Football Confederation) eta Erdialdeko Amerikako eta Karibeko (Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Futbol Konfederazioa) futbol erakundeek Ipar Amerika, Ertamerika eta Karibeko Futbol Konfederazioa sortu zuten, CONCACAF akronimoagatik ezagunagoa, 1961ean.[21]
Konfederazioetan gazteena Ozeaniari dagokiona da: "Oceania Football Confederation" (OFC). 1964an, Australia eta Zeelanda Berriko elkarteek AFCn sartzea eskatu zuten, baina eskaera atzera bota zuten. Horren ondorioz, 1966an Ozeania kontinenterako berezko antolaketa sortu zen. Fundatzaileak Australia, Fiyi, Zeelanda Berria eta Papua Ginea Berria izan ziren.[22]
Emakumezkoen futbola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakumeen partaidetza zuten futbolaren antzeko jokoen erregistro zaharrenak Txinako Tang dinastiakoak (618-907) izan ziren, “cuju” (edo Tsu Chu) izeneko jokoan.[23] Britainiar uharteetan, 1790eko hamarkadako futbolaren aldaera batean, emakumezkoen jokoen erregistroak daude, Midlothian (Eskozia), hain zuzen ere.[7]
1863an kodeak bateratu ondoren, non futbol asoziatuaren arauak ofizializatu ziren, arau horiekin erregistratutako lehen neurketa 1892an jokatu zen Glasgown (Eskozia), eta Ingalaterran izandako lehen norgehiagoka 1895ean izan zen.[7]
XX. mendearen hasieran, emakumeen futbola zalantzan zegoen, elkarte britainiarrek ez zutelako topaketa horiek ongintzazko motiboekin egitea sustatzen, eta, oro har, aldaera femenino horrek ez zuen onarpen unibertsalik. Hala ere, Lehen Mundu Gerraren ondorioz, emakumeak industria-sektorean sartu ziren eta horri esker, emakumezkoen futbola berpiztu zen. Garai hartako talderik ezagunena Dick, Kerr's Ladies taldea izan zen, Dick, Kerr & Co enpresako langileek osatua. 1920an talde honek nazioarteko lehen norgehiagokak jokatu zituen: Eskoziaren ordezkari baten aurka 22 goleko aldearekin garaipena lortuz, eta 2-0 Frantziako talde baten aurka. Urte horretan bertan, taldeak ikusleen errekorra ezarri zuen Ingalaterran emakumezkoen partida baterako (53.000).[7]
1921eko abenduan Ingalaterrako Futbol Elkarteak emakumeen partidak Football League-ko estadioetan egitea debekatu zuen, eta, hori horrela, emakumezkoen partiden ospea jaitsi egin zen. Hala ere, kirolak ondorengo hamarkadetan ere jarraitu zuen. 1991n, João Havelange FIFAko presidentearen ekimenez, Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketaren lehen edizioa egin zen.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h Letona, Xabier. (2006-06-18). «4.000 urte baloiari ostikoka» Argia CC-BY-SA lizentzia.
- ↑ «Aboriginal Football - Marn Grook» web.archive.org 2006-05-12 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ a b «BBC - Cambridgeshire - Sport - Cambridge... the birthplace of football?!» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «The History Of English Football» web.archive.org 2007-01-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
- ↑ «Sheffield F.C. - The Club» web.archive.org 2007-08-19 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «El AreA: Historia del Fútbol» www.el-area.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) Association, The Football. «The website for the English football association, the Emirates FA Cup and the England football team» www.thefa.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2007-09-27 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «FIFA.com - Su fundación» web.archive.org 2007-11-12 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «FIFA.com - La FIFA toma forma» web.archive.org 2007-12-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «FIFA.com - Se suman más asociaciones» web.archive.org 2007-12-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «A 73 años del partido que salvó a la FIFA» Cultura Redonda 2017-10-03 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
- ↑ «FIFA.com - El retorno de las asociaciones británicas» web.archive.org 2007-12-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «Football Tournament of the Olympic Games - Overview» www.rsssf.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «FIFA.com» web.archive.org 2007-11-15 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «South American Championship 1916» www.rsssf.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ (Ingelesez) Asian Football Confederation (AFC) | Court & Field Dimension Diagrams in 3D, History, Rules – SportsKnowHow.com. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «uefa.com» web.archive.org 2007-10-25 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ (Ingelesez) Confederation Africaine de Football (CAF) | Court & Field Dimension Diagrams in 3D, History, Rules – SportsKnowHow.com. (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «CCCF and Concacaf Championships» www.rsssf.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «Oceania Football Confederation - Content» web.archive.org 2007-10-14 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «The Chinese and Tsu Chu» web.archive.org 2012-11-06 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).