Edukira joan

Taliban

Wikipedia, Entziklopedia askea
Taliban
طالبان
Sorrera1994ko iraila
BuruzagiakMohammed Omar (2013an hila)

Akhtar Mansour (2016an hila)

Haibatullah Akhundzada
IdeologiaIslamiar fundamentalismoa
Ekintza eremuaAfganistan, Pakistan
EgoitzaKandahar (1996–2001)

Quetta

Peshawar
Kideak45.000 (2001)[1]

11.000 (2008)[2]

60.000 (2014)[3]

Talibana (paxtuneraz: طالبان‎‎, ṭālibān, «ikaslea») mugimendu politiko islamista da, suni joerakoa, 1996-2001 urteetan Afganistango agintea izan zuena. 2001. urteaz geroztik, NATOko indar militarrek boteretik eraitsi ondoren, Afganistango gobernuaren eta NATOren aurkako borrokari eutsi zioten. 2016ko maiatzetik Haibatullah Akhundzada da burua, Mohammed Omar eta Akhtar Mansourren heriotzen ostean[4].

Talibanen mugimendua Afganistanen eta Sobietar Batasunaren arteko gerrak (1979-1988) eta geroztiko barne-gatazkek eragin zuten kaosaren eta egonkortasunik ezaren erdian sortu zen. 1980ko hamarkadan Afganistan Sobietar Batasuneko gudarostearen eta sobietarrek babestutako erregimen baten gobernuaren azpian gelditu zen. Mujahidin gerrillako taldeak izan ziren, Estatu Batuen laguntza militarrarekin, sobietarren etsai nagusiak gerra-urte luze haietan. Pakistanek ere laguntza handia, babesa eta prestakuntza militarra eskaini zien gobernuaren aurka zeuden afganiarrei. 1989an, sobietar gudarosteek Afganistandik alde egin zutenean, gerra zibila hasi zen mujahidin-en eta gobernu zentralaren artean. Herrialdeko etnia nagusiak, pashto-ek, eduki zituen gobernuko postu nagusiak denbora luzean. Hala ere, sobietarrek herrialdetik alde egin ondoren, koalizio-gobernu bat eratu zen, tadjik, uzbek, hazar eta baita beste etnia txikiago batzuekin ere. Talibanak, mujahidinen azpitalde gisa sortuak, Kabulgo gobernu zentralaren kontrola berreskuratzen ahalegindu ziren pashto etniako kideak ziren gehienak. Mugaldeko poliziak Pakistango talde paramilitarra, pashto asko dituena, entrenatu zuen eta armaz hornitu. Talibanek ematen zuten irudia bakerako eta batasunerako indar berri batena zen, eta afganiar askok, pashtoek berek batez ere, beren babesa eman zieten, gerra-urte haiek betiko bukatuko zirelakoan.

Talibanen integrismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko bukaeran eta 1995eko hasieran, talibanek, Afganistango hegoaldean eta mendebaldean aurrera eginez, mendean hartu zuten Kandahar hiria. Herat eta herrialdeko hegoaldeko eta mendebaldeko bide nagusien ondoko hiri gehienak ere haien mendean gelditu ziren. 1995eko otsailean Kabuleko inguruetara iritsi ziren, baina gobernuko indarrek atzera egitera behartu zituzten martxoan. Urrian berriro inguratu ziren hirira. Hiria bonbardatzen zuten bitartean, Afganistango ekialdea eta erdialdea menderatu zuten. Setio luze baten ondoren, Afganistango hiriburua talibanen eskuetan gelditu zen 1996ko irailean. Handik gutxira, Muhammad Najibulla sobietar erregimenak babestutako azken lehendakaria eta haren anaia Shahpur Ahmadzai, segurtasun-burua, 1992az geroztik Nazio Batuen Erakundeko egoitzan babesturik egon zirenak, atxilotu eta jendaurrean urkatu zituzten.

Kabulen kontrola lortu ondoren, talibanek Zuzena Arautzeko eta Zuzengabea Debekatzeko Ministerioa sortu zuten, integrismoaren jokabide-arauak indarrean jartzeko asmoz. Hala ere, badirudi arau horietako batzuek ez dutela zerikusirik benetako islamarekin, eta bertako leinuen antzinako sinesmenen eragina dutela. Buruzagi talibanek musika debekatu zuten, zinema-areto guztiak itxi, filmak erre, eta hoteletatik hartutako edari alkoholdunak desegin zituzten, besteak beste. Gizonezkoei bizarra kentzea debekatu zitzaien (islamaren sinesmen ortodoxoen arabera) eta meskitetara errezatzera joateko beharra agindu zen. Emakumeek belo luze batekin (burka) estali behar izan zuten beren burua, burutik oinetara. Emakumeei eskolara joatea eta etxetik kanpo lan egitea debekatu zitzaien. Hori dela eta, erietxeetan ia langilerik gabe gelditu ziren, eta umezurztegiak bertan behera gelditu ziren. Gerran milaka gizon galdu dituen herrialde batean, alargunei ere, familia askotan diru-sarreraren bat zuen kide bakarra izanik ere, lan egitea debekatu zitzaien.

Talibanek beren arauak eta legeak ezartzen segitu zuten Kabul Irratiaren eta bozgorailuz hornituriko kamioien bidez. Hilketa, adulterioa eta droga-trafikoa heriotzarekin zigortu zituzten, eta emakumeak harrikatu zituzten, hiltzeraino zenbaitetan, beren ahaide ez ziren gizonezkoekin kalean ibiltzeagatik. Lege horiek Giza Eskubideen aldeko taldeak asaldatu zituzten, eta mundu zabaleko herrialde askoren arbuioa eragin zuten. Iranek berak ere, garaian islamiar integrismoaren gotorlekuetako bat izanik ere, talibanek erlijioaren izenean eginiko gehiegikeriak salatu zituen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Who Are the Taliban?. asianhistory.about.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-15).
  2. 9/11 seven years later: U.S. 'safe,' South Asia in turmoil. mcclatchydc.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-15).
  3. Dawi, Akmal. Despite Massive Taliban Death Toll No Drop in Insurgency. voanews.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-15).
  4. Afghan Taliban announce successor to Mullah Mansour. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2016-11-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy