Edukira joan

Uroilanda handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uroilanda handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaGruiformes
FamiliaRallidae
GeneroaRallus
Espeziea Rallus aquaticus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 125 g
emea: 98 g
Zabalera42 cm
Kumaldiaren tamaina8,1
Errute denbora20 egun
Uroilanda handia elikagai bila.

Uroilanda handia (Rallus aquaticus) rallidae familiako hegaztia da[1], Eurasiako eskualde hezeetan bizi dena. Hegazti migratzailea den arren Euskal Herrian sedentarioa da.

22-28 cm arteko luzera eta 38-45 cm arteko hego-zabalera ditu. Itxurari dagokionez sexu dimorfismorik azaltzen ez duen arren arra 164 gramo pisatzera iritsi daiteke eta emea aldiz txikiagoa da, 107 gramo gehienez ere[2]. Azpialdea gris-urdina du eta sabelaldetik atzera luma beltz eta zuriak txandakatzen zaizkio. Bizkarraldea arre kolorekoa du, luma beltzez ornitua. Buruan ere diseino bera mantentzen du, pileo arrea eta masaila gris-urdinak. Moko gorri zuzena dauka eta begia ere gorria du. Hankak arroxa kolorekoak dira eta hiru hatz oso luze ditu, erdikoa luzeena, eta atzean ezproi bat[3]. Buztana tente eramaten du eta azpian luma zuriak azaltzen zaizkio.

Gazteek kolore arrea dute, luma argiago eta ilunagoez ornituak, eta mokoaren kolorea ere ez da helduena bezain bizia.

Ez da hegan egiteko zalea eta beharrezkoa denean hegokada azkarrak emango ditu, hankak zintzilik dituela, eta distantzia laburra egingo du[4].

Ekosistema mota ugaritan aurkitzen da baina ur-gezatako hezeguneak atsegin ditu batez ere. Aintzira, ibai, errekatxo edo paduratan bizi da, beti ere ur-ertzetako landaretza ugari badute[5]. Negu partean Europa iparraldetik datozen aleek populazioa handitzen dutenez ubide artifizialetan edo nekazal eremuetan ere aurkitzen da[4].

Landare artean ezkutaturik egoten da. Elikagai bila dabilenean sasien gainean edota igerian ikusten da[4].

Hegazti orojalea da. Ornogabeak harrapatzen ditu, intsektu urtarrak eta beren larbak, barraskiloak, lur-zizareak, eta tarteka ornodun txikien hondarrak jaten ditu (sagutxoak eta beste hegaztien txitak) sarraskijale ere baden neurrian. Udazken eta neguan landare jatorriko elikagaiekin osatzen du dieta, haziak, fruituak eta landareen kimuak[4].

Eztei dantza egiten du arrak; abestu egiten du eta emea jarraitzen du lepoa luzatuta, mokoa zabalik eta buztana altxatuta. Habia landare artean ezkutatuta egiten dute, uretatik gertu edo uraren gainean bertan. Habia handia izaten da eta landare zurtoinez eta hosto lehorrez eraikitzen dute. Emeak 6-11 arrautza zurixka jartzen ditu eta guraso biek txitatzen dituzte 19-22 egunetan zehar. Txitak jaiotzen direnean habian gelditzen dira eta aurreneko egunetan gurasoek zaintzen eta elikatzen dituzte. Habiatik nahiko azkar joaten dira, batzuetan oraindik erabat garatu gabe egonda ere. ori gertatzen denean gurasoak bigarren kumaldi bat izatea ere nahiko ohikoa izaten da[4].

Ugalketa garaian uroilandak oso lurraldekoiak izaten dira eta harrapakarien aurrean edota espezie bereko beste kide batzuen aurrean txitak babesteko jarrera erasokorra izaten dute[4].

Carl von Linneok deskribatu zuen aurreneko aldiz 1758 urtean Systema Naturae liburuan[6] eta gaur egun duen izena eman zion[7]. Hiru azpiespezie ezagutzen dira, baina hauetako bat jadanik iraungita dago:

  • Rallus aquaticus aquaticus (Linnaeus, 1758) - Europan, Iparraldeko Afrikan eta Asia mendebaldean bizi da, Siberia erdialderaino.
  • Rallus aquaticus korejewi (Zarudny, 1905) - Asia erdialdean bizi da, Iran, Txina eta India iparraldean.
  • Rallus aquaticus hibernans (Salomonsen, 1931 †) Islandian bizi zen baina iraungita dago jadanik[8].

Antzina uroilanda asiarra uroilanda handiaren azpiespezietzat hartzen zen bain gaur egun beste espezie bat bezala sailkatzen da[9].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. BirdLife International (2004). Rallus aquaticus. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. John B. Dunning Jr. (editorea). (1992). CRC Handbook of Avian Body Masses. CRC Press ISBN 978-0-8493-4258-5..
  3. Bilketa. «Uroilanda handia (1)» Les cahiers naturalistes de Pierre-Thomas Ducourrau - Imagier de la faune de Biarritz du XIXe siècle (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  4. a b c d e f «Rascón europeo» SEO/BirdLife.
  5. «Txingudiko padura - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  6. «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  7. Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
  8. Ali, Salim; Ripley, S Dillon. (1980). Handbook of the Birds of India and Pakistan: Volume 2: Megapodes to Crab Plover (2. edizioa). New Delhi: OUP India. ISBN ISBN 0-19-565935-X..
  9. www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
pFad - Phonifier reborn

Pfad - The Proxy pFad of © 2024 Garber Painting. All rights reserved.

Note: This service is not intended for secure transactions such as banking, social media, email, or purchasing. Use at your own risk. We assume no liability whatsoever for broken pages.


Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy