Ipar Holanda
Ipar Holanda[1] (Noord-Holland ⓘ) Herbehereetako probintzia da. Bere hiriburua Haarlem da baina hiririk handiena Amsterdam da, Herbehereetako hiriburua ere dena. 2023an 2.952.000 biztanle zituen.
Ipar Holandak penintsula bat sortzen du Ipar Itsasoa eta IJsselmeerraren artean. Probintziaren erdia baino gehiago urari irabazitako lurrak dira, polder moduan, itsas mailaren azpian. Texel uhartea ere probintzia honetan dago. Probintziak Ipar itsasoarekin du muga iparralde zein mendebaldean, Hego Holanda eta Utrecht probintziarekin hegoaldean, eta Flevoland eta Frisiarekin ekialdean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IX. mendetik XVI.era, eremu hau Holandako Konderriaren parte zen, eta garai honetan ere Mendebaldeko Frisiako eskualdea batu zitzaion. Herbehereen independentziaren ondoren, Holandako probintziaren parte izatera pasa zen, eta "Noordekwartier" (iparraldeko laurdena) bezala ezagutzen zen.
1795-1840: probintzia berri baten eraketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1795ean, antzinako erregimenari amaiera eman zitzaion eta Bataviako Errepublika ezarri zen. 1798an, konstituzio berrian, muga zaharrak guztiz eraldatu eta errepublika zortzi departamentu eratu ziren, Frantziar erara, guztiak gutxi gorabehera biztanleria berdinarekin. Holandar probintziaren kasuan, bost departamentu izatera pasa zen: "Texel", "Amstel", "Delf", "Schelde en Maas" eta "Rijn", bigarrenak Holanda historikoko mugetatik harat ere lurra zeukatenak. Hala ere, 1801ean muga zaharrak berrezarri eta Holandako departamentuan bateratu ziren. Nahiz eta denbora gutxiz existitu, Holanda zatitzearen ideia bermatu zen, probintziari pisua eta boterea kentzeko herrialdearen barruan.
1807an, Holanda berrantolatu eta bi departamentutan banatu zen, "Amstelland" (gaur egungo Ipar Holanda) eta "Maasland" (gaur egungo Hego Holanda). Honek ere ez zuen luzaroan iraun, 1810an Herbehereak guztiz Frantziako Lehen Inperioan integratu ziren. Beraz, Amstelland eta Utrecht "Zuiderzee" departamentuan batu ziren, eta "Maasland" "Monden van de Maas" izatera pasa zen.
1813an frantsesak garaituak izan ziren, eta 1814an Herbehereek konstituzio berria aurkeztu zen, herrialdea "probintzia eta lurraldeetan" antolatzen zuena. Honen harira, bi probintziak berriz Holanda bateratua izatera pasa ziren. Halere, banaketa ez zen guztiz desagertu, probintziarako bi gobernadore izendatu baitziren, bat Amstellanderako eta bestea Maaslanderako. Hortaz, probintziako bi zatiak modu ezberdinean tratatzen ziren hainbat modutan, eta probintzia banatzearen ideia inguruan geratu zen. Urte horietan, eta 1820ra arte, probintziaren mugak berrezarri ziren: Vlieland eta Terschelling irlak Frisiatik Holandara pasa ziren, eta aldiz Land of Altena Ipar Brabanteri eskaini zitzaizkion. Utrecht eta Gelderlandekin ere mugak finkatu ziren urte horretan.
1840an konstituzioari eranskinak ipini zitzaizkion, eta hauen harira probintzia betirako bitan banatua geratu zen, Ipar Holanda eta Hego Holandan, alegia. Mugimendu bereziki Amsterdamek bideratu zuen, 1838an gortea Hagara mugitu izateari erantzun bezala. Haien aldetik, Hego Holandak zein Mendebaldeko Frisiako eremuek ez zuten banaketaren beharrik ikusten.
1840-gaur egun: hazkunde ekonomikoa eta urbanizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1855an, Haarlemmermeer lakua drainatu eta lur ereingarriko polder batean bilakatu zen, Ipar Holandari batu zitzaiona. Ordura arte, hau izan zen Herbehereetan egindako polderizazio proiekturik zabalena azalerari zegokionez. Honen truke, 1864an Hego Holandari Leimuiden herria eman zitzaion.
XX. mendean zehar, beste lur-aldaketak eman ziren, hala nola 1942an Vlieland eta Terschelling Frisiari itzultzea, edo 1950ean Urkeko irla Overijsseli pasatzea. Mendean zehar, eta bereziki Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hazkunde ekonomiko eta urbano handia eman zen probintzian. Amsterdamgo periferia beste inguruko hirien eremu metropolitanoarekin batzen hasi zen, Rotterdam, Haga eta Utrechtekin bereziki. Hauekin, hegoalderanzko ilargi-forma duen "hiri erraldoia" eratzen joan da, Randstad izenekoa. Eremu honen influentziapean ere Delft, Gouda, Haarlem, Hilversum zein Leiden daude, besteak beste.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau Herbehereetako geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |