Content-Length: 248992 | pFad | http://eu.wikipedia.org/wiki/Isaac_Puente

Isaac Puente - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Isaac Puente

Wikipedia, Entziklopedia askea
Isaac Puente

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIsaac Puente Amestoy
JaiotzaAbanto1896ko ekainaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaPancorbo1936ko irailaren 1a (40 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
HeziketaValladolideko Unibertsitatea 1918)
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraketxe-medikua, politikaria, anarkosindikalista, sindikalista eta medikua
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Izengoitia(k)El médico rural

Isaac Puente Ameztoi, (Abanto-Zierbena, Bizkaia, 1896ko ekainaren 3aPancorbo, Burgos, 1936ko irailaren 2) Arraia-Maeztuko (Araba) medikua izan zen, CNT eta FAI erakundeen aktibista eta espainiar anarkismoaren teorilaria.

Datu biografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abantoko Las Carreras auzoan jaioa, sei senidetatik hirugarrena izan zen. Aita, Lucas Puente García, karlista kantabriarra zen; ama, berriz, Josefa Ameztoi Hermoso de Mendoza, Lantziegokoa (Araba). 1911ean familia Gasteizera aldatu zen, non aita eta Federico anai nagusia farmazialari bezala aritu ziren San Frantzisko Aldapan;[1] farmazia hori oraindik martxan eta familiaren esku dago.[2]

Batxilergoaren lehen lau urteak Urduñako jesuiten eskolan egin zituen, bere aitabitxi Isaac Uriarteren etxean bizi izan zelarik; azken bi urteak Gasteizen. 1913an Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan akzesit bat irabazi zuen,[3] eta medikuntza hasi zuen Konpostelan (Coruña). 1918an amaitu zuen Valladoliden, eta segituan soldadutza hasi zuen; baina urte horretako gripe pandemia zela eta, koarteletako errekrutak etxera bidali zituzrten. Orduan landa-mediku bezala hasi zen Cirueñan (Errioxa).[4]

1919an Arraia-Maeztuko mediku plaza atera zuen, udalerriko 20 herrien gehi Berroziren ardurarekin.[5] Lanpostu hori bizitza osoan mantenduko zuen.[3]

1919ko maiatzaren 12an, Luisa Garcia de Andoin gasteiztarrarekin ezkondu zen.[6] Arraia-Maeztun mediku hasi zenean, Maeztun etxea alokatu zuen emaztearekin bizitzeko; artean, herriek ez baitzioten esleitzen etxebizitzarik medikuari. Emeria (Meri) eta Araceli (Cheli) alabak orduantxe jaio ziren, 1920 eta 1921ean. 1926 aldean Birgaragoienera aldatu ziren ziren aldi batez, bertan etxe oso polita aurkitu baitzuten. Baina gero Maeztura itzuli ziren, Elizako Plazaren 1. zenbakian instalatzeko: baxuan Isaacen kontsulta zegoen, eta 1. solairuan familiaren etxebizitza. Etxe hau Maeztuko udaletxea izango zen 1954tik 2006ra,[5] eta gaur egunean Udal Liburutegia da.[7]

Isaac bizi zela, familia erosotasunez bizi izan zen: zerbitzari bat zuten, eta haurrak txikiak zirela etxean ikasi zuten, eskola publikoko maistrak emaniko klase partikularrekin; 11 eta 12 urte zituztenean Gasteizera bidali zituzten eskolara, eta Isaacen gurasoekin eta arrebekin bizitzera. Asteburuetan Maeztura itzultzen ziren, askotan aitonak lagunduta, batez ere 1930ean alargundu ostean.[5]

Maeztuko kale nagusia.

Landa-mediku estimatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maeztuko mediku titular bezala, Isaac Puentek familia pobreak artatzearen ardura zuen, dirusari fijo ez oso handi batekin; gainontzeko asistentzia pribatua zen. "Iguala" izeneko sistema ere hedatua zegoen, zeinaren bidez familiek medikuari bi edo hiru hilero diru bat ordaintzen zioten, beharrezko atentzioa eskuratzearen truke. Lan honez gain, mediku titular guztiek bezala, Puentek udalerriaren higienearen ardura eta inspekzioa zuen.[5]

Mediku bezala profesional serioa eta zintzoa zen, eta inguruetan ospe handia hartu zuen:[8] pazienteen jarraipen zorrotza egiten zuen, "iguala" ordaindu ezin zutenak ere bisitatzen zituen, botikak emanez eta batzuetan haiek erosteko dirua ere. Kirolaria zen (igeria eta eskia), barazkijalea eta mendizalea.[9] Angel Ruiz de Pinedorekin harreman estua izan zuen, anarkista hura ere, bera baino gazteagoa eta Pobesen mediku zena.[10]

Arraia-Maeztuko Udal Batzordearen osasun inspektore bezala, herrietako baldintza higienikoak hobetzeko lan handia egin zuen, hala nola Birgarabarrenen zegoen ur edangarriaren falta larria. Besteak beste, 1926an ur zikinen kanalizazioan lan egin zuen; 1928an errabia kasuak eta ur hornikuntzak kudeatzen aritu zen; eta 1934an udal hiltegiaren osasun baldintzak errebisatu zituen.[5] 1931etik aurrera Metalúrgica Ajuria enpresako langileen ardura ere esleitu zitzaion.[3]

Ideia aurrerakoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Bulffi neomalthusiarraren lana ezagutu zuen, eta hark bezala Thomas Malthusen teoriak defendatu zituen, emakumeek erabakitako jaiotzen kontrolarekin, klase baxuenen hobekuntza sozial eta sanitariorako. Neomalthusiarren teoriak ekonomian oinarrituta zeuden; gerora, biologian oinarritutako eugenesia kontzeptua garatu zen gizakia baldintza onenetan ugaltzeko, proletargoaren degenerazioa ekiditeko. Diziplina hauen batasunetik "Sexu Moral Berria" zeritzon sexualitate teoria eta praktika berria etorri zen, Isaac Puentek bere jardun praktikoan zein idazlanen bidez defendatuko zuena.[5]

Puente jaiotzen kontrolaren alde eta prostituzioaren aurka zegoen. Sexualitate arloan bere ekarpena nabarmena izan zen: "Estudios" aldizkariak eskaintzen zituen dohaineko kontsulta sexologikoetan parte hartu zuen. Espainian II. Errepublika garaian emakumeen arazoa aztertu izan duten ikerlarien arabera, aldizkari honen kontsulta sexologikoak benetako abangoardia izan ziren.[6]

Naturismoari buruz, Puente moderazioaren aldekoa zen: muturreko jarrerak salatu zituen (barazkijaletasun zorrotza, botiken aurkako jarrerak, mediko batzuen gaixotasun salerosketa jarrerak); garrantzi handia ematen zion prebentzioari, eta osasunaren autogestioa bultzatzen zuen, osasunaren giltzak pazienteen esku jartzeko.[6]

Aktibismoan eta dibulgazioan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu asko idatzi zituen aldizkari zientifikoetan. Halere, bere ospe nagusia prentsan dibulgazio artikuluetatik etorri zen, batzuk bere izenarekin eta beste batzuk Un médico rural bezala sinatzen zituenak.[6]

Revista de Medicina de Álava aldizkarian idatziriko artikuluen bidez, Medikuen Elkargoan ere nolabaiteko ospea lortu zuen, elkargoaren zuzendaritzan parte hartzera eraman zuena; 1927tik 1930ra lehendakariorde izan zen. Bide horretatik medikuen lan baldintzak hobetzeko lanean aritu zen, bereziki landa-eremu medikuen alde egin zuelarik. Elkargoak Foru Aldundian ordezkaritza izaten zuen, eta horrek politikan parte hartzeko bidea ireki zion. Halere, Puenteren jarrera politikoa ez zetorren bat medikuen kolektiboan nagusi zen eskuineko ikuspegiarekin, eta eragiteko bide hori laster itxi zitzaion. Aragoiko beste osagile anarkista batzuekin harreman onak zituen, eta haiekin batera Puentek CNTren Osasun Federazioa bultzatu zuen, 1931eko Kongresuan onartu zena eta aintzindaria izan zena Espainia mailan. Halere, osagile libertario guztiek ez zuten berdin pentsatzen, eta haien artean filosofia politiko zein osasun ikuspegietan eztabaidak gertatu ohi ziren; Puente polemista zenez, haietako asko aldizkarietan argitaratutako artikuluen bidez jarrai daitezke.[5]

1936ko uztaileko estatu kolpean matxinatuek erail zutenean, haur eta nerabeen sexu-hezkuntzari buruzko liburu bat idazten ari zen.[11]

Ibilbide politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leortza-Zikujano tunelean Irantzu Lekuek eginiko murala.

Karlismoan hezia izan bazen ere, ez dirudi 1921 baino lehen Isaac Puentek inolako militantzia politikorik izan zuenik; halere, Luisa emazteak gogoratzen zuenez, Valladoliden ikasten ari zela, Oscar Pérez Solís sozialistaren mitin batek inpresioa egin zion.[6]

Itxuraz, Puenteren lehen kontaktua anarkismoarekin Gasteizko CNT-ren sortzaileetako biren[5] bidez izan zen: Alfredo Donnay eta Daniel Orille. Lehenak Birgaragoieneko haltzari fabrika batean lan egin zuen 1921-22 artean, eta Puentek bere emaztearen artritisa artatu zuen. Daniel Orillek, berriz, Maeztun bertan ezagutu zuen Anglo-Vasco-Navarro trenbideko obretako langileen artean kuotak kobratu eta propaganda egitera joan zirenean:[5]

"Gasteiz-Lizarra trenbidea eraikitzeko garaian ezagutu nuen Puente. Igande bat zen. Beste kide batekin joan nintzen oinez Gasteiztik Maeztura, lineako langileak antolatzeko eta dagoeneko erakundean zeudenen kuotak biltzeko. Landan ehiztari bat aurkitu genuen; herriarengatik galdetuz, bidean lagundu zigun. Handik gutxira ikusi genuen Puente, eta lineako langileak elkartzen ziren tabernara eraman gintuen. Txarteletan zigiluak jarri eta propaganda pixka bat eman ondoren, Puentek etxera gonbidatu gintuen; han azaldu genion CNTkoak ginela eta Gasteizen genuela egoitza. "Asteazkenean bisitan joango natzaizue" esanez agurtu zen. Eta horrela agertu zen Zapateriako lokalean, sindikatukoak izutuz, kapelu harekin polizia ematen zuelako..." Daniel Orille, Mikel Peciñari emaniko elkarrizketan.[12]

Handik gutxira osatu zen Maeztun CNTren sail bat. Puentek bertan izena eman zuen, militantzia anarkista abiatuz. Halere, adituen arabera bere jarduera politikoa Iberiar Federazio Anarkistatik hurbilago egon zen; era berean, harreman estuagoa izan zuen Errioxa-Aragoiko egitura anarkistekin, Ipar aldekoekin baino (zeinak Santander, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren iparra biltzen zituen).[5]

Erakundeetan eta lehen argitalpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923an Foru Aldundirako diputatu hauteskundeetara aurkeztu zen. Esperientzia txarra izan zen: hautatu bazuten ere, hile gutxira dimisioa aurkeztu zuen, agindutakoa ezin izan zuelako bete; une horretatik aurrera, bere mediku kontsultan zentratu zen.[13] 1923rako, jada aldizkari anarkistetan artikuluak idazten ari zen[6] Denborarekin, gaztelerazko aldizkari askotan argitaratu zituen, bai espainiar estatuan baita atzerrian ere. Bere gai nagusiak osasuna eta biologia baziren ere, artikuluotan beste gaiak ere ukitzen zituen, hala nola kritika filosofikoa edo literarioa, edo mundu berri baterako hezkuntza.[6]

1926ean "Berako Gertakarien" ostean errepresaliatutako anarkistei laguntza ematen aritu zen.[3]

1929an Shum marrazkilariaren indultoa eskatzeko komisioan parte hartu zuen Amador, Zugazagoitia eta Garcia Venerorekin batera, eta El Duesoko espetxean askotan bisitatu zuen.[5]

1930 urtetik aurrera bere jarduera politikoa areagotu zen. Urte horretan, Primo de Riveraren dimisioaren ostean, Dámaso Berenguerren gobernuak diktadurako diputatuak kendu zituen, aurrekoek itzul zitezen dekretatuz.[14] Puente Arabako Foru Aldundian diputatu izendatua izan zen, Arabako Mediku Elkargoaren ordezkari bezala. Lan honetan hainbat komisiotan lan egin zuen mendiak, hirigintza, hezkuntza eta osasun arloak landuz. Halere, bi hilebete geroago dimisioa aurkeztu zuen, ez zelako eroso aurkitzen "diktadura itxurako gobernuarekin" kolaboratuz.[9] Aldundian izandako esperientzia ezkor honen ondorioz, Puente anarkismoaren teoriko hutsa izatetik, militante aktiboagoa izatera igaro zen.[5]

Militantzia aktiboan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1932ko apirilaren 16an lehen aldiz atxilotu zuten, anarkisten kontrako errepresio operazio batean: CNT-k II. Errepublikaren ospakizun ekitaldiei boikota egitera deitu zuen, besteak beste gobernuko alderdiak ez zirelako hauteskunde-promesak betetzen ari, eta errepresioa monarkia aldian baino gogorragoa zelako. Gasteizko CNTaren asanbladak, aho batez, deialdiarekin bat egitea erabaki zuen. Liskarretan udaltzain bat tiroz hil zen, eta sare elektrikoan ezarritako 16 lehergailuk Gasteizen apagoi handia sortu zuten. Ondorioz, sindikatuaren egoitza itxi zuten, 200 bat militante atxilotuz eta udalarentzat lanean ari ziren afiliatuak kaleratuz. Puentek liskarretan parte hartu ez bazuen ere, autoritateek anarkista arabarren buru nagusietakotzat hartuta atxilotu zuten; autore batzuen arabera, atxiloketa honen arrazoia beste bat izan zitekeen: "Cómo debe ser nuestra revolución" artikulua, apirilaren 15ean Solidaridad Obreran argitaratu zuena.[5] Kartzelan, gose greba hasi zuen maiatzaren 2an; hamar egun geroago askatu zuten, guztira espetxean hilebete egin zuelarik.[9]

Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta gero, anarkistek komunismo libertarioan oinarritutako iraultza aurreikusten zuten. 1933 urte mugitua izan zen Espainia mailan. Besteak beste, CNTk azaroaren 19ko hauteskunde orokorren aurrean abstentzioa eskatu zuen, Espainiar Jaurlaritzatik egiten ari zen langileen aurkako politika arbuiatzeko; Puentek kanpaina hau babestu zuen, abstentzioaren aldeko hainbat artikulu argitaratuz.[5]

1933ko abenduaren 8an, Buenaventura Durruti eta Cipriano Merarekin batera, Puente Zaragozako iraultza saiakeraren arduradunetako bat izan zen. Mugimendu hau aste batzuk lehenago hasia zen, eskuineko alderdiek irabazitako hauteskundeei emandako erantzun bezala, eta Aragoi, Errioxa eta Nafarroan hedatu zen (Araban bertan ere oihartzuna izan zuen, Bastidako matxinadan). Zenbait egunetan Zaragoza hiria zein Aragoiko herri batzuk CNTren eskuetan egon ziren. Komunismo Libertarioa proklamatu zen, eta dirua debekatu. Aste batzuk pasata, Ejerzitoak altxaera kontrolatu zuen eta arduradunak espetxeratu,[15] traizio akusaziopean. Puente 1934an aterako zen, amnistiatuta.[9]

El Comunismo Libertario

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu honek hedapen handia izan du mundu osoan zehar, Puente arabar idazle irakurriena bihurtuz[3]. Hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, baita euskarara ere, 2013an.[16] Orijinaltasunean baino -Puente Kropotkinen proposamenetan oinarritu zen- liburuxka honen arrakasta bere hizkera argian datza, eta abstrakzio teorikoetatik Espainiako kasura egokitutako proposamen konkretuetan.[6]

CNTren IV Kongresu Nazionalaren azken erresoluzioa liburu honetan oinarritu zen (Zaragozan, 1936ko maiatzaren 1etik 9ra), eta Puente hil ostean, Espainiako gerrako Iraultza Sozialaren esperientzia kolektibistetan aplikatu zen.[5]

1936ko uztaileko estatu kolpea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gesal haitzuloa, Arboro mendiko ezkutalekuetako bat.

1936ko uztaileko 18ko estatu kolpearen ondoko egun nahasietan, Puente Daniel Orille lagunarekin bildu zen Gasteizko San Frantzisko aldapan, eta bere kotxean biok Bilbora joatea proposatu zion. Orillek uko egin zuen, kolpisten aurkako erresistentzia antolatzeko bilera politikoetan ari baitzen; Puenteri bera bakarrik joatea proposatu zion, baina honen erantzuna ezezkoa izan zen: "Zu ez bazatoz, hemen geldituko naiz". Orduan emaztea Maeztura joan zen, bi alaba eta aitarekin biltzera. Puente gertatzen ari zenarekin jabetzen zen ("militarada bat", bere hitzetan) eta ihes egitea ere kontsideratu zuen, baina ez zuen egin aita ez tristatzeko; gogoratu bedi aita, artean 85 urtekoa,[2] eskuinekoa eta karlista zela. [5]

Hurrengo egunetan, Araban zegoen matxinada militarrarekiko epeltasuna ikusi ahal izan zuen, baita eskuineko elementuen heriotza-mehatxuak jaso ere; matxinatuak Gasteizen egiten ari ziren lokal itxiera eta atxilotze masiboen berri ere izan zuen (uztaileko 20rako La Paz espetxean 200 lagundik gora zeuden, eta hainbat atxilotze-gune gehigarri irekitzen ari ziren); eta Zaragoza, Lizarra, Donostia, Huesca eta Jakan agintariek gerra egoera deklaratu zutela jakin zuen. Maeztuko zenbait gaztek Gasteizera eta Logroñora joan-etorria egin zuten, hiri hauetan matxinatuak nagusi zirela baieztatuz.[5]

Ihesa eta itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egoeraren larritasunarengatik, Maeztuko ezkertiar batzuk Arboro mendian ezkutatzea erabaki zuten; Puente haiekin joan zen. Gaua han pasatu ostean, herrira jaisten zen bere pazienteak artatzeko, haien etxeetan edo kontsultategian; gero iluntzean mendira itzultzen zen.[5]

Uztailaren 26ko 01:00etan, Isaac Puente kontsultategira jaitsi zen, emazteak eginiko argi-zeinuari jaramon eginez. Zeinu hori bion artean adostua zuten, premiazko kasuan erabiltzeko: deia balaz zauritutako gazte bat artatzeko zen. Gaztea Los Arcosetik zetorren, erreketeengandik ihesi, Maeztuko mendietan lanean ari ziren ikazkin nafar batzuekin biltzeko asmoz; baina falangisten patruila batekin topo egin zuen, ihes egitean tiro egin ziotenak. Zauritua artatu eta gero, Puentek etxean gelditzea erabaki zuen, gehiago ezkutatu barik.[5]

Azken kartzelaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maeztuko Udal Liburutegia, 1936ean Isaac Puenteren kontsulta eta etxea zena.

Uztailaren 29ko 05:00etan, Falangeko kideek eta Maeztuko guardia zibilek Elizako Plazako etxea inguratu zuten Puente atxilotzeko. Eraman zutenean, etxean emaztea, alaba biak eta aita zeuden. Puenterekin batera, Patricio Dorronsoro Martínez de Estibariz eta José Dorronsoro Viana gazte maeztutarrak eraman zituzten Gasteizko kartzelara.[5]

CNT birritan saiatu zen bera askatzen, lehenengo Maeztun bertan. Bigarren saiakera Gipuzkoako CNTren idazkari Manuel Chiapusok egin zuen: Donostian atxilotuta zeuden Ajuria eta Arangiz enpresari gasteiztarren truke askatu nahi izan zuen, alferrik.[17]

Abuztu osoan Gasteizko La Paz kaleko presondegian eduki zuten. Beste presoekin batera, Gorbeian trintxerak eraikitzen jardun zuen. Kartzelaldian, familiak egunero ekartzen zion janaria ziegako lagunen artean banatzen aritu zen. Abuztuaren 30ean oraindik, emazteari bidalitako gutunean, Isaacek "gauzak baretzean etorkizuna argiago ikusteko" itxaropena zeukan. Hil bezperan, kartzelako zerbitzuburua berarekin elkarrizketatu zen, bere ideei uko egitea eta egindakoez damua idatziz erakustea eskatuz. Puentek ez zuen onartu.[5]

Irailaren 1eko 01:00ak aldean, Bruno Ruiz de Apodakaren patruila bere bila agertu zen.[18] Etorriko zenaren jakitun, Puente ziegakideengandik banan-banan agurtu zen, berak baino zorte hobea opatuz. Kamioi batean sartu zuten, Langraizko bidean; ez zen haren berri gehiago izan. Artean 40 urte zituen.[5]

Batzuen ustez Pancorboko haizpitartean (Burgos) fusilatu zuten;[15] beste iturri batzuen arabera, ostera, Apodakaren erreketeek Gasteiz-Miranda errepide bazterrean erail zuten, Trebiñun, Panguako lurretan.[5] Edonola ere, gorpua ez da lokalizatu;[6] batzuen ustez, Erorien Haranean ere egon daiteke.[19]

Arraia-Maeztun 36 pertsona atxilotu zituzten, asko Puenteren lagun eta jarraitzaileak, eta gutxienez beste 10 erail zituzten:[5]

  • Patricio Dorronsoro Martinez de Estibariz. Puenterekin batera atxilotua, abuztuan Gatzaga Buradonen fusilatu zuten.
  • Jose Dorronsoro Viana. Puenterekin batera atxilotua, abuztuan Gatzaga Buradonen fusilatu zuten.
  • Daniel Garcia de Albeniz Azazeta. Azazetako sarraskian fusilatua.
  • Francisco Garrido Saenz de Ugarte. Azazetako sarraskian fusilatua.
  • Emilio Ibisate Martinez de Apellaniz. San Kristobal gotorlekuko ihesean eraila.
  • Manuel Ibísate Martinez de Apellaniz. Gatzaga Buradonen fusilatua.
  • Sebastian Latxa Suso. Burgosko kartzelan hila, tratu txarren ondorioz.
  • Bernardino Lopez Hernando. Gatzaga Buradonen fusilatua.
  • Jorge Lopez de Bikuña Martinez de Apellaniz. San Kristobal gotorlekuan fusilatua.
  • Rufino Padrones Diaz. Uztailaren 18ko matxinadaren ostean desagertua.
  • Claudino Regó Parreiras. Korresko meategian jipoitua eta eraila.
  • Ángel Suso. Aguilar Kodesen fusilatua.

Irailaren 2an, egunero bezala, Luisa emazteak janaria eraman zion La Paz kartzelara. Funtzionarioek senarra han ez zela esan zioten, Burgosera bidean atera zela. Gobernu Zibilean heriotza-agiria ukatu zioten.[5]

Puente desagertu ostean, familiaren ondasunak konfiskatuak izan ziren. Etxea prezintatu zieten, emazteari Maeztura itzultzera debekatuz, eta Isaacen aitaren etxean egon ziren, Gasteizen; hura hil ostean, ordea (1940) ama-alabak Madrilera bizitzera joan ziren, jazarpenetik ihesi. Hil eta gero ere, Isaac Puente heriotzera kondenatua izan zen.[9] Ondasun konfiskazioaz arduratzen zen komisioaren informean, "1936ko irailaren 1ean askatua izan zela, eta harrezkero non zegoen ez zekitela" adierazten zen. 1940 urtean Burgosko Erantzukizun Politikoen Tribunalak ezarritako 200 pezetatako isuna etorri zitzaion "CNTko kidea izatea, eta Fronte Popularraren dotrinak zabaltzea" egotzita.[5]

Gasteizko kalea.

1936ko irailean bertan, CNT-k Isaac Puente Batailoia sortu zuen bere ohorez, konfederazioaren 3garrena, eta Eusko Gudarosteko 11garrena. Eusko Gudarostearen Estatu Nagusiak talka batailoi izendatu zuen[13].

1984an, Gasteizen "Asociación Isaac Puente" elkartea sortu zen, anarkismoa bultzatzeko asmoarekin.[20]

1996ean, Zumalde Kultur Elkartearen ekimenez, Isaac Puenteren omenezko hainbat ekitaldi ospatu ziren Maeztun, bere jaiotzaren mendeurrenaren harira. Besteak beste:[5]

  • Eskolan Isaac Puenteri buruzko erakusketa.
  • Kultur etxean berari buruzko hitzaldia.
  • Artisautza azoka.
  • Udaletxean, Puenteren eta beste errepresaliatutako anarkisten senideei harrera ofiziala egin zitzaien.
  • Maeztuko enparantzari Isaac Puente izena eman zitzaion, Meri eta Cheli alaba biak bertan zeudela.[8]
  • Gerran Arraia-Maeztun eraildako eta errepresaliatu guztiei eskainitako oroigarri bat ezarri zen, Josetxu Agirrek egina.[5]
  • Omenduei eskainitako aurreskua eta dantzak.
  • Herri bazkaria, 100 pertsona baino gehiagok parte hartu zutelarik.
  • Antzerkia, Pikor eta Latirili taldeen eskutik.
  • Zine sozialaren zikloa.
  • Arboro mendira exkurtsioa.

2013tik, Gasteiz ekialdean kale batek bere izena darama.[1]

2016 urtean Maeztun omenaldia egin zitzaion, bere desagerpenaren 80. urteurrenean.[21]

Isaac Puentek bere ekoizpena hainbat modutan argitaratu zuen: artikuluak aldizkarietan (garai hartako gaztelerazko argitalpen libertario ia guztietan), liburuxkak eta liburuak. Gainera, beste autoreen liburuei prologo edo epilogoak idatzi zizkien.[5]

Argitalpen zerrenda (Antso Jakituna Fundazioan gehienen kopiak kontsulta daitezke):[5]

Puenteren artikuluak argitaratu zituzten aldizkariak[3][5]

  • Acción.
  • Álava Médico-Farmacéutica.
  • Álava Republicana.
  • Algo, Cleveland.
  • El Amigo del Pueblo.
  • Antorcha de Las Palmas (1935),
  • CNT (1932-1933).
  • Crisol.
  • Cultura Libertaria.
  • Cultura Proletaria, New York.
  • ¡Despertad!, Vigo (1928-1929).
  • En Marcha.
  • Estudios (1929-1937).
  • Ética (1927-1929).
  • Eugenia (1926-1927).
  • Faro de Játiva (1933).
  • Generación Consciente (1924-1928).
  • Helios (1928-1931).
  • Iniciales (1932).
  • Inquietudes, New York.
  • Liberación (1935).
  • Mañana (1930, 1933).
  • Más Lejos de Barcelona.
  • La Medicina Argentina.
  • La Medicina Íbera (1927).
  • Nervio (1932), Buenos Aires.
  • Nueva Humanidad.
  • Orto (1932).
  • El Pájaro Azul (1928-1930), Gasteiz.
  • Prismas (1928), Béziers.
  • Proa.
  • La Revista Blanca (1935).
  • La Revista de Medicina de Álava (1928).
  • Revista Nueva (1924-1925).
  • Revista Única, Steubenville (AEB).
  • Ruta.
  • Semanario Racionalista.
  • El Sembrador (1932).
  • Solidaridad.
  • Solidaridad Humana.
  • Solidaridad Obrera de Barcelona (1930-1936) y La Coruña (1931-1932),
  • Suplemento de La Protesta (1926, 1930), Buenos Aires.
  • Suplemento de Tierra y Libertad (1932-1933).
  • Tiempos Nuevos (1934-1936).
  • La Tierra.
  • Tierra y Libertad.
  • Trabajo (1931-1936), Soria.
  • Umbral.
  • El Único.
  • La Verdad.
  • La Voz Libertaria, Brusela.

Puenteri buruz idatzitakoak:[3]

  • 1936. Un vil asesinato del fascismo. Isaac Puente. Estudios 158:1 (1936ko azaroa). "Estudios" aldizkariko arduradunek bere kolaboratzaile estuari eginiko agurra.
  • 1937. «Galería de nuestros hombres: Isaac Puente»; Horizontes-, Num. 6, 25 de abril de 1937.
  • 1937. "¡Los mártires serán vengados!. Isaac Puente"; Fragua Social, 18 de julio de 1937.
  • 1969. MORO, Fabián —"Perfiles: Isaac Puente"; Umbral, Paris, febrero de 1969.
  • 1979. FERRER QUESADA, Fernando —"Notas para una biografía"; Le Combat Syndicaliste/Solidaridad Obrera, París; Num. 1029, 3 de mayo de 1979.
  • 1979. IRAZABAL, Javier —«Isaac Puente, una figura deliberadamente ignorada, en septiembre del 36 fue fusilado por los requetés»; Punto y Hora, 26 de julio de 1979.
  • 1979. RAMÍREZ, Abel —«Isaac Puente, el Gobernador Civil y el 14 de Abril»; Le Combat Syndicaliste; Num. l.020, París, marzo de 1979.
  • 1980. PECIÑA, Mikel. 1980. Isaac Puente (1896-1936). Médico anarquista. Muga 5:80-93.[25]
  • 1981. «Biografías: Isaac Puente»; Le Combat Syndicaliste/Solidaridad Obrera, París; Num. 1.151, 17 de diciembre 1981.
  • 1984. ÍÑIGUEZ, Miguel —«Semblanza Biográfica de Isaac Puente»; Cultura Libertaria; Num. l, Asociación Isaac Puente, Vitoria, marzo de 1984.
  • 1984. "¿Puente, diputado provincial?"; Cultura Libertaria; Num. 2, Asociación Isaac Puente, Vitoria, junio de 1984.
  • 1984. «Reivindicando a Isaac Puente. El médico de los pobres»; Cultura Libertaria; Num. l, Asociación Isaac Puente, Vitoria, febrero de 1984.
  • 1984. «Isaac Puente y Millán Astray»; Cultura Libertaria; Num. 3, Asociación Isaac Puente, Vitoria, septiembre de 1984.
  • 1985. «Isaac Puente, diputado provincial»; CeNiT, 12 de marzo de 1985.
  • 1985. "Isaac Puente y Millán Astray. Holocausto en Maestu"; Le Combat Syndicaliste, Paris, 19 de marzo de 1985.
  • 1986. GALINDO CORTÉS, Vicente (Seudónimo Fontaura) —"La polémica en Proa entre Puente y Alaiz"; Cultura Libertaria 8, Vitoria, mayo 1986.
  • 1987. «Isaac Puente: un anarquista en la Diputación de Álava (Febrero-Abril 1930)"; Cuadernos de Cultura; Num. 10, Diputación Foral de Álava, Vitoria, 1987, pp. 104-115.
  • 1989. "En torno a Isaac Puente"; CeNiT, 2 de mayo de 1989.
  • 1991. «Detención y asesinato de Isaac Puente»; Orto; Num. 70, Barcelona, noviembre-diciembre de 1991.
  • 1994. "Isaac Puente (1896-1936) y Federica Montseny (1905-1994)"; Landazuri; Num. 3, Vitoria, junio de 1994.
  • 1996. Original inédito Doctor Isaac Puente: Biografía, ideario y polémica, prólogo de Fabián Moro REBOREDA OLIVENZA, José Daniel —Teoría política y praxis social de un anarquista vasco. Isaac Puente (1896-1936) Edición del autor, Vitoria, 1996, 128 pp.
  • 1996. Resiste fanzinea 21 (1996ko abuztua). Aldizkariaren azala eta izenburu nagusia ("Un Puente a la Libertad") Isaac Puenteri eskaini zieten.[24]
  • 1996. ÍÑIGUEZ, Miguel y GÓMEZ Juan —Isaac Puente. Médico rural, divulgador científico y revolucionario; Papeles de Zabalanda, Vitoria, 1996, 175 pp.
  • 1998. "Conmemoraciones sin pedestal: Puente, Durruti y Malraux"; Landazuri; Num. 7, julio de 1998.
  • 1998. DEL NOGAL LINARES, Librado —"El pensamiento de Isaac Puente ante los problemas del mundo actual: aportaciones para una sociedad solidaria, igualitaria, ecológica y democrática"; El libre pensamiento, Madrid, invierno 1998.
  • 2001. Los anarquistas en El Pájaro Azul, revista de Vitoria; Pandora. Periódico libertario y confederal; Num. 2, Vitoria, Septiembre 2001.
  • 2004. Miguel Íñiguez. Anarquismo y naturismo. El caso de Isaac Puente. Vitoria: Asociación Isaac Puente.
  • 2007. Fernández de Mendiola, Francisco. Isaac Puente: el médico anarquista. Txalaparta. ISBN 9788481364897.
  • 2011. Ignacio C. Soriano Jiménez. Isaac Puente Amestoy. Anarquista. Asociación Isaac Puente. ISBN 978-84-614-3
  • La medicina ante el nuevo milenio: una perspectiva histórica.
  • SANZ, Ricardo —"Figuras de la revolución española. Doctor Isaac Puente"; Editorial Petronio, Valencia 558, Barcelona.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Isaac Puente: nuestro más ilustre desaparecido» El Correo 2013-11-04 (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  2. a b «Historia de Farmacia Puente - Puente Farmazia | Farmacia Puente» https://www.puentefarmazia.eus/eu/ (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) sobrelaanarquiayotrostemasvidayobradepensadoresy. (2017-12-23). «Isaac Puente Amestoy (Vida y obra)» SOBRE LA ANARQUÍA Y OTROS TEMAS (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  4. URIARTE, Xavier (coord.) 1999. Recuperando la Historia. Natura Medicatrix 54:40-42.
  5. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af Fernández de Mendiola, Francisco.. (2007). Isaac Puente : el médico anarquista. (1a. ed. argitaraldia) Txalaparta ISBN 8481364894. PMC 173605848. (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  6. a b c d e f g h i «ISAAC PUENTE, MÉDICO ANARQUISTA - CNT Gipuzkoa» web.archive.org 2011-07-28 (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  7. Biblioteca Pública Municipal -- Arraia - Maeztu, Alava. .
  8. a b (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Isaac Puente: el médico anarquista de Maeztu» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  9. a b c d e (Gaztelaniaz) Ega�a, I�aki. » Isaac Puente - Memoria. (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
  10. (Gaztelaniaz) «1 de marzo de 1909. Nace ÁNGEL RUIZ DE PINEDO GONZÁLEZ» Álava Libertaria 2015-06-10 (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  11. "Estudios" aldizkariaren 158. zenbakia, 1936ko azaroa.
  12. PECIÑA, Mikel. 1980. Isaac Puente (1896-1936). Médico anarquista. Muga 5:80-93.
  13. a b Vargas Alonso, Francisco Manuel. (1996). Anarquismo y Milicias de la CNT en Euskadi. Bilbo: Eusko Ikaskuntza.
  14. (Ingelesez) «Puente Amestoy, Isaac - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  15. a b (Gaztelaniaz) Blazquez, Olga. (2021-03-10). «¿Quién fue Isaac Puente?» Revista INUA (Noiz kontsultatua: 2024-10-23).
  16. (Ingelesez) «Komunismo libertarioa» DDT Banaketak (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  17. Puentek Ajuria askatzeko idazki bat ere sinatu zuen. Handik denbora batera enpresari biak askatu zituzten; ez ordea Puente, kolpistek kosta ahala kosta exekutatu nahi baitzuten.
  18. (Gaztelaniaz) triskelpablo. (2016-10-29). «BRUNO RUIZ DE APODACA, ASESINO FRANQUISTA ALAVES.» Crónicas a pie de fosa. (Noiz kontsultatua: 2024-10-25).
  19. «#MEMORIA · ¿Fue el médico anarquista Isaac Puente un 'santo laico'?» Mugalari Kultura 2017-05-09 (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  20. «Navío Anárquico» www.navioanarquico.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  21. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2016-09-01). «Recuerdan en Maeztu al médico anarquista Isaac Puente, muerto durante la guerra del 36» naiz: (Noiz kontsultatua: 2019-10-28).
  22. Caro Crespo, Francisco. (19uu). La muñeca, drama en un prólogo y tres actos. Valencia, Biblioteca Editorial Generación Consciente (Noiz kontsultatua: 2024-11-01).
  23. a b El comunismo libertario. (Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 26a).
  24. a b «Un médico rural | Pepitas de calabaza» www.pepitas.net (Noiz kontsultatua: 2024-11-01).
  25. «ISAAC PUENTE, MÉDICO ANARQUISTA» web.archive.org 2005-12-01 (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: http://eu.wikipedia.org/wiki/Isaac_Puente

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy