Content-Length: 87207 | pFad | http://eu.wikipedia.org/wiki/Jose_Mari_Apezetxea

Jose Mari Apezetxea - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Jose Mari Apezetxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Mari Apezetxea
Bizitza
JaiotzaErratzu, 1927
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaErratzu2017ko irailaren 2a (89/90 urte)
Irakaslea(k)Javier Ziga Etxandi
Jarduerak
Jarduerakmargolaria

Jose Mari Apezetxea Fagoaga (Erratzu, 1927 - Erratzu, 2017ko irailaren 2a)[1] nafar margolaria izan zen, Bidasoko Eskolako kidea eta Baztango Margolariak taldearen sortzaileetakoa.[2]

Jose Mari Apezetxea Erratzun sortu zen, 1927. urtean. Oso umea zela hasi zen bere kasa pintatzen, berezko afizio handia baitzuen.[3] Berak adierazi zuenez, eskolan liburu guztiak zikintzen zituen margoekin.[4]

1939an, Iruñeko seminariora joan zen ikastera. Hurrengo urtean, lehenbiziko saria irabazi zuen Misio Erakusketa Handiko afixa lehiaketan.[2] Garai hartan, Javier Ziga margolariak oporrak Apezetxearen osabaren Elizondoko etxean igarotzen zituela aprobetxatuz, bizikleta hartu eta harengana joaten zen margotzera, egunero.[4] 1940an hasi zen Zigarekin, eta 1946 inguru arte ibili zen harekin; beti hilabete bat, udan.[5] Era horretan hasi zen ofizioa ikasten, alegia, kolorearen sekretuak eta nahasketak erabiltzen.[2]

1947an, hogei urte zituelarik, seminariotik atera zen eta sorterrira itzuli. Pintura ikasten segitzekotan Madrilera edo Parisera joan beharko zuen, baina gerra ondoko urte latzak ziren, eta etxean lan handia zeukaten. Beraz, familiaren oihal dendan gelditzea erabaki zuen.[5] 1948an, Ohorezko diploma irabazi zuen Iruñeko Udalak antolatutako pintura sariketan.[6]

1950eko hamarkadan, Baztanen soldadutza egiten ari zen Ismael Fidalgorekin egin zuen adiskidantza. Estudio bat paratu zuten Elizondon, orduko baztandar margolarien ikasketa zentro bihurtu zena.[7] Bestalde, Agustin Ibarrola eta Jorge Oteiza ezagutu zituen Fidalgoren bidez, eta konstruktibismoa interesatu zitzaion bereziki, Aurelio Artetaren eta Daniel Vázquez Díazen lanei esker.[2]

Hala ere, haren ibilbidean eragin handiena Cézannek izan zuen: "Nire historia guztia dago Cezannerengan. Egiten den pinturaren erdia egiten da Cezanne dela medio", adierazi zuen 2008an Berriak egindako elkarrizketan.[4] 1954an, erakusketa egin zuen Fidalgorekin batera Iruñean, Zapateria kaleko Ibañez etxean; koadro bakarra saldu zuten.[5] Izan ere, garai zailak ziren, eta margolarien lana ez zen aski balioesten. Jendeak eskatzen zizkion gauzak egiten zituen, baina aldi luzeak pasatzen zituen margotu gabe.[2]

Hamar urte inguruko parentesiaren ondoren, 1970eko hamarkadan berriz ekin zion pintatzeari, orduan eta gogo handiagoarekin.[2] 1976an, "Baztango paisaiak" erakusketan parte hartu zuen, Baztan Balleko Etxean, Fidalgo, Ana Mari Marin, Jesus Montes eta Marcelino Bañalesekin. Garai hartan, gazte batzuk hurbildu zitzaizkion, Kepa Arizmendi, Xabier Soubelet, Tomas Sobrino..., harengandik ikastera eta elkarrekin margotzera.[5] Taldea 1983an aurkeztu zen, Iruñeko zitadelako arte aretoan, Baztango Margolariak izenarekin.[8]

Ibilbide artistikoari, margolaritzaren transmisioan egindako lana gehitu behar zaio. 1995ean hasi ziren Tomas Sobrino eta biak Baztango udako pintura ikastaldiak antolatzen, eta 2010ean atsedena hartzea erabaki arren, ez zuen lotura eten ikastaroarekin.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Goian bego Jose Mari Apezetxea. baztan-bidasoa.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
  2. a b c d e f Fernandez Oyaregui, Pello. Jose Mari Apezetxeari omenaldia: Baztango paisaiaren geometralari. Artea Oinez 2015. "Baztan: Barrenetik kanporat", fundacionciga.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  3. Olagarai, Joseba. Joxe Mari Apezetxea: «Lehenbiziko intentziotik ateratzen diren koadroak izaten dira hoberenak». Ttipi-ttapa, 2003ko irailak 18, erran.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  4. a b c Elola, Naiara. Cezanneren bidean, zeharkaldia. Berria, 2017ko irailak 5, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  5. a b c d Elizondo, Edurne. Jose Mari Apezetxea: «Denak heldu gara toki beretik, eta toki hori da Cezanne». Berria, 2008ko iraila, nafarroa.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  6. Ezker Calvo, Alicia. Jose Mari Apezetxea Fagoaga, José María. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2023, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  7. Fernandez Oyaregui, Pello, Imbuluzqueta, Gabriel, Taberna Irazoki, Mikel, Ezker Calvo, Alicia. Maestros del Bidasoa - Bidasoako Maisuak. Iruñeko Udala, Irungo Udala, fundacionciga.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  8. Zubiaur Carreño, Francisco Javier. Proyección artística de Ismael Fidalgo sobre Baztán. zubiaurcarreno.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).
  9. Barber, Kattalin. Tomas Sobrino: “Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen”. Euskalherria Irratia, 2016ko uztailak 29, euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: http://eu.wikipedia.org/wiki/Jose_Mari_Apezetxea

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy