Content-Length: 123485 | pFad | http://eu.wikipedia.org/wiki/Vulpes

Vulpes - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Vulpes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau animalia generoari buruzkoa da; musika taldeari buruzkoa beste hau da: «Vulpes (musika taldea)».
Vulpes
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaCanidae
Generoa Vulpes

Vulpes txakurraren familiako haragijale txikia da. Otsoa eta txakurra bezala, mutur zorrotza, belarri handi eta hirukiak eta buztan luzea dauzka. Vulpes generoko animaliei azeri deitzen zaie, baina azeriak izan daitezke genero honetatik kanpo dauden beste batzuk ere.

Azeri artikoa

Begietako niniak, katuarenak bezala, txikitu egiten zaizkio. Gauza geldiak ez ditu oso ondo ikusten, baina, bestalde, ez du arazorik gauez ikusteko.Usaimena ere oso garatua dauka. Salto egiten duenean, buztana erabiltzen du oreka mantentzeko. Eta belarriak, alde guztietara mugi ditzake. Soinu oso arinak entzun ditzake, urrutitik badatoz ere. Azeriak aharrausi egiten duenean, bere 42 hortzak ikusten zaizkio, batez ere, lau letagin luze eta zorrotzak.

Azeri mota ezberdinak, txakur, otso, txakal eta koioteak bezala, kanidearen familiakoak dira. Denak ezagutzen dira lasterkari onak direlako eta entzumen eta usaimen fina dutelako. Lau azeri mota daude, orokorrean.

  • Azeri gorria: txakur ertain baten tamainakoa da. Larru gorrixka du, neguan luzeagoa dena. Ia mundu guztian bizi da.
  • Fenek azeria: mota guztietatik txikiena da hau. Belarri handiak ditu eta edozein soinu entzun dezake. Basamortuan bizi da.
  • Azeri artikoa (Alopex lagopus): belarri txikiak ditu eta larrua zuria. Ipar poloan bizi da.
  • Azeri grisa: gris koloreko larrua du. Katu bat bezain arin igotzen da zuhaitzetara eta Ameriketan bizi da.
Azeriaren irudi japoniarra
Azeri gorria

Azeriak gauez bakarrik ehizatzen du. Bere usaimen eta entzumen finari esker, edozein harrapakin ehizatzen du, bai karraskari txikiak eta baita txori eta untxiak ere. Harrapakina oso handia bada, gordelekura eramaten du, janaria erreserban edukitzeko. Ugaztun honek denetarik jaten du: haragia, intsektuak, zizareak, txorien arrautzak, txorikumeak, saguak, hegazti handiak, untxiak... eta kasu batzuetan frutak ere bai.

Azeria, ugaltzeko garaiaz geroztik (neguaren hasieratik erdialdera) bizi da bikoteka. Arra emearekin egoten da kumeak elikatzeko. Emeak hilabete eta erdiz eramaten ditu kumeak sabelean. Erditzeko, gordeleku bat aurkitzen du. Hiru kumetik zortzira arte izaten dituzte normalean baina kasu batzuetan hamabi ere bai. Jaiotakoan, kumeak larru beltz batez estalita daude. Hamalau egun eduki arte, ez dute begirik irekitzen eta sei asterekin gordelekua uzten dute.

Kumeak amak zaintzen ditu normalean, baina batzuetan arrak edo beste emeren batek janaria eramaten du gordelekura. Bi asterekin 1 kg pisatzen dute. Bostekin 3 kg baino gehiago eta helduak dira bederatzi-hamar asterako.

Azeriak ezkutuan egiten du bere gordelekua eta haitzen arteko zulo batean edo enbor zahar batean egin dezake. Animalia bakartia izan arren, bikotean bizi daiteke edo ar bat eta hiru emeko taldeetan. Bere lurrak markatzen ditu eta ezezagunen bat aurkitzen badu, oihu eta borrokan egiten du bota arte. Usainagatik jakiten du eme bat pasa den, ar bat edo azeri gazte bat.

Arerioak ere baditu azeriak: katamotza eta arranoa batik bat. Kumeei erasotzen diete normalean. Kumeak ohartarazteko, arrak zaunka egiten du, emeak berriz oihu. Eta areriorik handiena, noski, gizakia da. Orain dela gutxi arte, Ingalaterran azeria ehizatzea kirol bat zen. Bere larruarengatik ere hiltzen zen. Baina oraindik mundu guztian aurki daitekeen espezie bat da eta hori da bere buruargitasuna eta erresistentzia frogatzen duena.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vulpes








ApplySandwichStrip

pFad - (p)hone/(F)rame/(a)nonymizer/(d)eclutterfier!      Saves Data!


--- a PPN by Garber Painting Akron. With Image Size Reduction included!

Fetched URL: http://eu.wikipedia.org/wiki/Vulpes

Alternative Proxies:

Alternative Proxy

pFad Proxy

pFad v3 Proxy

pFad v4 Proxy