Boris Jeltsin
Boris Nikolaievitx Jeltsin,[1] errusieraz Борис Николаевич Ельцин /bɐˈrʲis nʲɪkɐˈlaɪvʲɪtɕ ˈjelʲtsʲɨn/ ahoskatua, (1931ko otsailaren 1a - 2007ko apirilaren 23a) errusiar politikaria izan zen. Sobietar Batasunaren desagertzearen eta Estatu Independenteen Komunitatearen sorreraren erantzulea izan zen. 1990ean Errusiako lehen presidentea bihurtu zen, zuzenki aukeratua izan zen lehena izanik.
Haren erabakiek zeresan handia eragin zuten. Demokraziaren izenean, Sobiet Batasuna desegin eta berak bultzatutako erreforma ekonomikoek Errusian krisi ekonomikoa eragin zuten. Herrialdea bere onera itzuli zenerako, haren ospeak nabarmen egin zuen behera. Hala ere, Jeltsinen akatsik larriena Txetxeniari erasotzea izan zen. Independentisten kontrako bi gerretan milaka pertsona hil ziren. Mikhail Gorbatxovek —gerora haren etsai bilakatu zen— ibilbide politikoa hasi zion, 1985ean Alderdi Komunistaren Moskuko arduradun izendatu zuenean. Bi urte iraun zuen bi buruzagien arteko laguntasunak. 1987an kargugabetu egin zuten, Gorbatxoven politika kritikatzeagatik. Bi urte geroago, Alderdi Komunista utzi zuen. Haren garai onenak iristear zeuden.[2]
Urrezko aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sobiet Batasunean nagusi ziren komunisten sostengurik ez zuen arren, eserleku bat lortu zuen Diputatuen Kongresuan, hautesleen % 90en bozez. Horri esker, Sobiet Gorenean sartu zen. Baina ez zuen SESBen alde lan egiteko asmorik, eta ekainean, Errusiaren independentzia aldarrikatu zuen. Berak irabazi zituen Errusian egin ziren lehen hauteskundeak. Sobiet Batasuna desagertzear zegoen. Irabazi eta urtebetera, SESBeko buruzagi kontserbadoreenek Gorbatxoven kontrako estatu kolpea egin zuten. Sobiet Batasuneko presidentea Krimean atxilotu zuten. Jeltsinek milaka manifestari bildu zituen Moskuko Etxe Zuriaren atarian —Legebiltzarra— eta hala matxinada etetea eta Gorbatxov askatzea lortu zuen. Garaipena tanke baten gainetik aldarrikatu zuen. Nazioartearen sostenguarekin, 1991ko abenduan, Sobiet Batasuna desegin, eta Estatu Independenteen Komunitatea sortu zuen haren tokian.[3]
Gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errejimen zaharra desagertzearekin bat, erreforma ekonomikoa iritsi zen Errusiara. Horrek, baina, gizartearen egoera hobetu beharrean, krisia areagotu zuen. Inflazioak gora egin zuen, gutxi batzuk aberastu ziren eta gehiengo handia miserian erori. Hori nahikoa ez eta, 1993an, Jeltsinek presidentetza hartu eta bi urtera, berak legez kanpo utzitako Alderdi Komunistako 180 diputatu Legebiltzarrean itxi ziren. Presidenteak tankeekin eraso zuen Parlamentua. 150 pertsona hil ziren. Urte bat geroago, armada Txetxeniako independentisten kontra bidaltzeak ez zion onik egin ez Jeltsini, ezta herrialdeari ere. Errusiako armada hildakoak bizkarrean eta burumakur itzuli zen Txetxeniako lehen gerratik. Milaka zibil hil ziren gatazkan. Gerora onartu zuen bere hutsegite politikorik handiena izan zela. Hiru urte geroago, 1996an, bozak bigarren aldiz irabazi zituen, baina gaixoaldiak eta alkoholarekin zituen arazoak bitarteko zirela kausa, gehienetan Moskutik urrun izaten zen. Ofizialki presidentea bera bazen ere, erabaki gehienak haren ingurukoek hartzen zituzten. Krimena eta ustelkeria egunerokoak bilakatu ziren. Gerora bere biografian onartu zuen goiz-goizetik hasten zela edaten, «estresa gainditzeko era bakarra» zelako. Agintaldia amaitu baino hilabete batzuk lehenago, 1999ko abenduaren 31n, dimisioa eman zuen[4][5], eta Vladimir Putin espioi ohiaren esku utzi zuen Gobernua. Putinen lehen erabakia Jeltsini eta haren familiari —emaztea eta bi seme-alaba— immunitatea ematea izan zen. Bihotzekoak jota hil zen Errusiako lehen presidente demokratikoa izan zena.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Boris Yeltsin» web.archive.org 2008-09-11 (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
- ↑ Lovell, Stephen. (2008). Un destino incierto Rusia desde 1989. (1a. ed. argitaraldia) Intermón Oxfam ISBN 978-84-8452-536-3. PMC 433869863. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
- ↑ Taibo, Carlos. ([1995?]). La Rusia de Yeltsin. Editorial Síntesis ISBN 84-7738-340-5. PMC 34565003. (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).
- ↑ Заявление Б.Ельцина о выходе из КПСС. 1990. (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Bonet, Pilar. (1990-07-12). «Yeltsin abandona el PCUS para luchar por el pluripartidismo» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-05-03).
- ↑ «Borís Yeltsin» www.historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-15).