Xbox
Xbox | |
---|---|
bideokontsola | |
Fabrikazioa | |
Fabrikatzailea | Flex Ltd. (en) |
Garatzailea | Microsoft |
Saldutako kopurua | 24.000.000 |
Ikonoa | |
Historia | |
Sorrera | 2001eko azaroaren 15a, 2002ko otsailaren 22a eta 2002ko martxoaren 14a |
Amaiera | 2006 eta 2005 |
Hurrengoa | Xbox 360 |
Honen parte | sixth generation of video game consoles (en) |
Ezaugarriak | |
CPU | X-CPU (en) |
GPU | XGPU (en) |
Sistema eragilea | Xbox system software (en) |
Xbox, Microsoft enpresaren lehenengo bideokontsola da. 2001ean merkaturatu zen eta garai hartan zeuden beste kontsoletatik bereizi zen, ordenagailuen teknologian oinarritzen zelako (Intel 8086 mikroprozesadorea). Erabiltzen zuen sistema eragilea Windows 2000 bertsioaren aldaera bat zen. Disko gogorra zuen, DVD-ROM irakurgailua eta memoria-txartelak konektatzeko aukera, jokaldiak gordetzeko. Sonyren PlayStation 2 eta Nintendo GameCube bideokontsolekin lehiatu zen. Ethernet konektibitatea zuen, Internet bidez jokatu ahal izateko. Xbox-erako bideo-joko arrakastatsu batzuk hauek izan ziren: Halo, Halo 2, Grand Theft Auto: San Andreas, Forza Motorsport, The Elder Scrolls III: Morrowind. 2005ean Xbox 360 bideokontsolak ordezkatu zuen.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Microsoft-ek Windows sistema eragilea zuten ordenagailuetan jolasteko garatutako bideojokoekin arrakasta izan zuen, Xbox garatu aurretik. Oso ezagunak egin ziren, adibidez, Microsoft Flight Simulator eta arrakasta masiboa lortu zuen Age of Empires bideojokoak. Microsoft plataformetan bideojokoak exekutatzeko, DirectX API-a garatu zuen. Horri esker, ordenagailuaren hardwarera zuzenean atzitzea lortzen zen, Windows sistema eragilea erabili gabe.[2] Garai hartan Sony-ren PlayStation zen nagusi bideokontsolen merkatuan; Microsoft oraindik ez zen merkatu horretan sartu.
1999ko martxoaren 2an Sony-k bere hurrengo bideokontsola aurkeztu zuen: PlayStation 2 (PS2). Bere asmoa etxeko ordenagailua ordezkatuko zuen kontsola garatzea zen, entretenimendu mota guztietarako balioko zuen sistema garatzea, alegia.[3] Microsoft-eko zuzendari nagusi zen Bill Gates-ek mehatxu moduan hartu zuen PS2aren iragarpena, bere Windows ordenagailuekin lehia zuzenean sartuko zela uste baitzuen eta kontsumitzaileek ordenagailuekiko interesa galduz gero, merkatutik kanpo geratzeko beldur baitzen. Bideojokoen industria izugarrizko arrakasta lortzen ari zela ikusita, Sonyrekin lehiatu eta bideokontsolen merkatuan sartu beharra zuela erabaki zuen Gates-ek.
Ordurako, Windows CE bertsio bat ere garatu zuen Sega enpresa japoniarraren Dreamcast bideokontsolarako bideojokoen garatzaileek erabiltzeko. Gainera, PS2a publikoki iragarri aurretik, Gates Sonyko zuzendari nagusi zen Nobuyuki Idei-rekin harremanetan jarri zen, eta Microsoft-i PS2rako softwarea garatzen uzteko eskatu zion. Baina Ideik eskaintzari uko egin zion eta Sonyk software propioa garatu zuen.[4] Nintendo enpresa erosteko asmoz, Hiroshi Yamauchi-rekin eta Genyo Takeda-rekin elkartzen ere saiatu zen Microsoft, baina Nintendok ez zuen saiakeran aurrera egin nahi izan.[3][5]
1998an, Microsoft-en DirectX taldeko lau ingeniari (Kevin Bachus, Seamus Blackley, Ted Hase eta DirectX taldeko buru zen Otto Berkes)[6] Microsoft-en DirectX teknologiarekin funtzionatuko zuen kontsola berri baterako ideiak eztabaidatzen hasi ziren.[7] Microsoft-en Windows-eko software garatzaile zen Nat Brown ere proiektuan kolaboratzen hasi zen 1998ko azaroan, Hase ezagutu ondoren. Proiektua "Midway" izenez izendatu zuten, Bigarren Mundu Gerrako Midwayko guduari erreferentzia eginez. Gudu hartan AEBko indarrek Japonia garaitu zutenez, izen bera erabiliz, bideokontsolen merkatuan Microsoft-ek Sony garaitzeko zuen nahia adierazi nahi zuten.[4] DirectX taldeak lehen bilera 1999ko martxoaren 30ean egin zuen. Bilera hartan, ordenagailua ohi baino azkarrago nola abiarazi eta halako gaiak jorratu zituzten.[4] Bideokontsolak Windows 2000 eta DirectX 8.1 sistemekin funtzionatzea zen haien asmoa. Horrela, ordenagailurako software-garatzaileek bideokontsolarako jokoak erraz sortzeko aukera izango zuten eta haien bideokontsolak beste bideokontsola gehienek baino prozesatzeko gaitasun handiagoa izango luke.[8] Blackleyren iritziz, ordenagailuetan erabiltzen zen teknologia bideokontsoletan erabiliz gero, bideokontsola gehienek zituzten oztopo teknologikoak gainditu ahal izango ziren. Hardwareak ezarritako mugez arduratu beharrik ez izatean, bideojokoen sortzaileek sormena are gehiago zabaltzeko aukera izango lukete.[4][8][9]
Microsoft-ek Silicon Valley-ren WebTV gailuaren eskubideak erosi ondoren, Silicon Valley-ko ingeniari-taldeak Microsoft-ekin bat egin zuen bideokontsola garatzeko egitasmoan. Baina, DirectX taldeko kideek desadostasunak izan zituzten Silicon Valley-ko ingeniari-taldeko kideekin. Izan ere, WebTVko taldeak bideokontsola zerotik eraiki behar zela uste zuten, Windows CErekin funtzionatuko zuen gailu gisa, baina DirectXko kideek ordenagailuen hardware-osagaiak (disko gogorra, adibidez) erabili nahi zituzten bideokontsolan, merke ekoizten zirela eta urtero erraz eguneratu ahal izango zirela argudiatuz. Desadostasun horien ondorioz, Microsoft-eko Craig Mundiek proiektua WebTVko taldeak zuzentzea nahi zuen. DirectX taldeko lau garatzaileek Microsoften jokoen ataleko buru zen Ed Fries-en babesa jaso zuten, fabrikazio-kostua handia izan arren, disko gogorra erabiltzeak lehiakideen aurrean bideokontsolari abantaila teknikoa emango ziola uste baitzuen.
1999ko maiatzaren 5ean, WebTV taldeko eta DirectX taldeko kideak bilera batean elkartu ziren Gates-ekin eta euren argudioak azaldu zizkioten. Hogei lagun baino gehiagok hartu zuten parte bilera hartan. WebTV taldeko kideen artean ziren Nick Baker, Dave Riola, Steve Perlman, Tim Bucher, eta Craig Mundie babeslea, besteak beste. Haien esanetan, askoz merkeagoa izango zen osagai bat sortzea, kontsola gehienak 300 dolar inguruko prezioan saltzen zirela azpimarratuz. Neurrira egindako txip grafiko bat ere erabili nahi zuten, etxeko hainbat gailutan partekatu ahal izango zena. Baina, Microsoft-eko jokoen ataleko buru zen Ed Friesek DirectX taldearen alde egin zuen. Ordenagailuetako disko gogor bat erabiltzeak Microsoft-en bideokontsola bere lehiakideen kontsoletatik bereiziko lukela argudiatu zuen eta horrek online sarbidea zuzenean inplementatzeko aukera emango lukela gaineratu zuen. Gates argudio horrekin ados agertu zen eta galdetu zuen ea ordenagailurako garatutako bideojokoak kontsola berrira eramatea posible izango zen. Blackleyk azaldu zuen makinak DirectX hardwarea erabiliko zuela, eta ondorioz, joko horiek bideokontsola berrira erraz egokitu ahal izango zirela. Gatesek nahiago izan zuen DirectX taldeko kideen proposamena, WebTV taldekoek Windows CErekin funtzionatuko zuen gailua zerotik eraikitzea proposatzen zutelako, baina Windows CE DirectX-rekin bateragarria ez zen Windows-en aldaera oso murritza zen. Hortaz, Gates-ek DirectX taldearen ideiaren alde egin zuen, eta bideokontsola berri bat sortzeko baimena eman zion Berkes-en taldeari. Hala ere, Xbox bideokontsola berriaren lehenengo merkaturatzean WebTV taldeak ere parte hartu zuen.[4][3]
Xbox plataformaren diseinua gainbegiratzeaz Rick Thompson eta Robert J. Bach arduratu ziren. DirectX taldea kontsolen prototipoak eraikitzen hasi zen, Dell ordenagailuak erosiz eta haien piezak erabiliz.[10] Hasiera batean aurreikusi zutenaren arabera, behin kontsolaren diseinua egina egongo zenean, ordenagailuen fabrikatzaile bat izango zen kontsolak modu masiboan ekoitziko zituena. Baina berehala konturatu ziren Microsoftek berak ekoitzi beharko zituela, eta ondorioz, ekoizpenaren kostua uste zutena baino askoz ere garestiagoa izan zen. Proiektua "Coffin Box" izenez deitzen hasi ziren (ingelesez, "hilkutxa"), Microsoft-ekin amaituko ote zuen beldur baitziren.[3] Gainera, Xbox-a bideojokoetarako kontsola bat izanik, ezin zen zuzenean Windows interfazea eskaini.
1999. urtearen amaieran, Thompson-ek eta Bach-ek hasierako proposamenari eskala handiko aldaketak egin beharko zitzaizkiola ohartarazi zituzten Gates eta Steve Ballmer, Microsoft-eko zuzendari exekutiboa. Hala ere, 2000ko otsailaren 14an egoera une kritikora iritsi zen. Egun hartan "San Valentin eguneko sarraski" moduan ezagun egin zen bilera bat izan zuten. Kontsolaren hasierako proposamenean adierazitakoari zenbat aldaketa egin zitzaizkion eta kostuak zenbat igo ziren ikusita, Gates haserre agertu zen, Xboxek Windows albo batera uzten zuela baitzirudien.[3] Hala ere, Gates-i eta Ballmer-i produktua Sony-rekin lehiatzeko sortzen ari zirela gogorarazi ondoren, proiektuarekin jarraitzea eta beharrezko merkaturatze-aurrekontuarekin babestea erabaki zuten.[3] Diseinuaren beste puntu polemiko bat Ethernet konektibitatea txertatzea izan zen, dial-up konexio soila jarri ordez. Garai hartan, etxe gehienek Interneterako sarbidea zuten, baina sare sozialak oraindik garatu gabe zeuden; kontu horrek gerora erabakiaren bideragarritasuna frogatuko zuen. Xbox-eko arduradunek argudiatu zuten, aurreikusita zegoen Xbox Live funtzionaltasunarekin, Ethernet atakari esker lagunek elkarrekin jolastu ahal izango zutela, ikasketak amaitu eta herrialdeko beste zonalde batzuetan elkarrengandik urruti egonda ere.[3]
Kontsolaren prototipoaren garapenean zehar, Microsoft-ek AMD (Advanced Micro Devices) multinazionalarekin egin zuen lan sistemaren prozesadorea (PUZ) sortzeko. Hala ere, sistema 2001eko urtarrilean aurkeztu baino lehen, Microsofteko ingeniariek Intel enpresaren prozesadorera aldatzea erabaki zutela adierazi zuen Blackley-k, nahiz eta haien erabakiaren berri ez zioten AMDri eman aurkezpena egin aurretik.[11]
Kontsola berria izendatzeko hainbat akronimo proposatu ziren: WEP (Windows Entertainment Project), MTG (Microsoft Total Gaming), MIND (Microsoft Interactive Network Device) eta MIC (Microsoft Interactive Center).[12][13] DirectX Box izena ere aipatu zen, sistemaren Direct X teknologiari erreferentzia eginez. Halako batean, Hase txantxetan aritu zen XXX-Box eta DirectXXX-Box izenekin, Sony-ren edo Nintendo-ren kontsolekin alderatuz Xbox-ak helduentzat egokiak ziren eduki gehiago zituelako. Posta elektronikoz izandako elkarrizketa batean, DirectX Box laburtzeko Xbox forma erabili zuten eta azkenean hori izan zen garapen-taldeari gehien gustatu zitzaion izena. Ortografiari dagokionez, hainbat aldaera eztabaidatu zituzten, hala ere: xBox, XboX eta X-box. Microsoft-eko marketin-sailari ez zitzaion izena gustatu eta 11-X edo Eleven-X iradoki zituen alternatiba gisa. Proben garaian, izen posibleen zerrendan "Xbox" jarri zuen enpresak, kontsumitzaileengan izango zuen harrera ikusteko eta zerrendako izenik arrakastatsuena izan zenez, produktuaren izen ofizial gisa hautatu zuten.[14]
Jokorako agintearen (kontrolagailuaren) diseinu fisikoari ekin zitzaionerako, aginterako zirkuituen plakak ekoitzita zituzten. Microsoftek Sonyren hornitzailea zen Mitsumi Electric enpresari Sonyren DualShock 2 agintearen antzeko zirkuitu-plaka tolestua eta trinkoa eskatu zion, baina enpresak ezetz esan zion. Ondorioz, agintearen hasierako diseinua Sonyrena baino ia hiru aldiz handiagoa izan zen eta ez zen inoiz Japonian merkaturatu. Zirkuituen plakarako trinkoagoa zen beste diseinu bat erabiliz beste aginte txikiagoa batekin atera zen agintea han, Controller S izenekoa.[15][16]
Xboxen diseinua finkatzen joan zenean, garapen-taldeak Flextronics multinazionalaren laguntza jaso zuen, bai diseinua berrikusteko eta baita produkzioa modu masiboan egiteko ere. Horretarako, fabrika bat sortu zuten Guadalajaran (Mexikon). Ekoitzi ziren lehenengo Xbox-ek akatsen tasa altua izan zuten, %25 ingurukoa. Flextronics arduratu zen akats horiek zuzentzeaz. Gerora, hardwarearen diseinuan aldaketak egin zituzten eta akatsak konpontzen joan ziren.[3]
Lehen aurkezpena eta bideo-jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999ko amaieran, Gates-ek elkarrizketa batean lehen aldiz Xbox-a publikoki aipatu zuen. Munduko bideojoko-garatzaile onenek eta sortzaileenek aukeratuko zuten plataforma izatea nahi zuela adierazi zuen.[17] 2000ko martxoaren 10ean, Gates-ek bideokontsola berria modu ofizialean iragarri zuen San Josen (Kalifornia), bideojokoen garatzaileen "Game Developers Conference" biltzarrean jendaurreko aurkezpen batean. Bertan sistemaren prototipo bat eta hardwarea erakutsi zituen.[18][4] Aurkezpenak eta sistema berriak harrera ona izan zuten, garatzaileak txundituta geratu baitziren sistemak zituen disko gogorrarekin eta Ethernet atakarekin; erabilerrazak ziren garapen-tresnak erakargarriak egin zitzaizkien.[4]
Microsoft-ek bere kontsolan jokatu ahal izateko bideo-jokoak garatuko zirela ziurtatu nahi zuenez, erosketa batzuk egitea eta elkarte batzuk sortzea aztertzen hasi zen.[3] 2000. urtearen hasieran, Sega-ren Dreamcast kontsolaren salmenta jaisten ari zen, neurri batean Electronic Arts bideo-jokoen enpresak Sega-ren kontsola albo batera uztea erabaki zuelako, baina baita Sonyren PlayStation 2 (PS2) Japonian salgai jarri berria zelako.[3][19] Gatesek elkarrizketak izan zituen Segako presidente zen Isao Okawa-rekin. Dreamcast kontsolarako garatutako bideo-jokoak Xbox plataformarako bateragarriak ote ziren eztabaidatu zuten, baina Dreamcast-en SegaNet lineako zerbitzua ezartzea komeni ote zen aztertzean, negoziazioek porrot egin zuten.[20] Bideo-jokoen garapenean ari ziren Electronic Arts, Nintendo, Square Enix eta Midway enpresak erosten ere saiatu zen Microsoft, baina ez zuen lortu.[3] Hala ere, Bethesda Game Studios eta Tecmo enpresetako garatzaileak Xbox kontsolaren ahalmena PS2arena baino handiagoa zela sinestaraztea lortu zuen, eta horri esker The Elder Scrolls III: Morrowind eta Dead or Alive 3 bideo-jokoak Xbox kontsolarako bakarrik ateratzea lortu zuen.[3]
Garai hartan bertan, Microsoftek Windows-erako bideo-jokoen garapenaz arduratzen zen taldeari izena aldatu eta aurrerantzean Microsoft Games izango zela iragarri zuen. Izena aldatzearekin batera, bideo-jokoak Windows-erako eta Xbox-erako sortzera pasa ziren.[21] Gainera, bideo-jokoen garapenean ari ziren hainbat estudio erosten eta bere taldera batzen hasi zen. 2000ko ekainean, adibidez, Bungie enpresa bereganatu zuen, Halo: Combat Evolved bideo-jokoa iragarri eta gutxira. Erosketa horrekin Halo ordenagailuetan jolasteko bideo-jokoa izatetik Xbox-ean bakarrik jolasteko izatera igaro zen, horrela Xbox kontsolaren salmenta bultzatuz.[22][23]
Aurkezpen ofiziala eta merkaturatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001eko urtarrilaren 3an Gatesek eta Dwayne Johnson borrokalari profesional gonbidatuak Xbox-a aurkeztu zuten modu ofizialean CES 2001 (Consumer Electronics Show) ekitaldian, Las Vegas-en.[24] 2001eko maiatzean egin zen E3 (Electronic Entertainment Expo) ekitaldian Xbox-a merkaturatzeko daten eta prezioen berri eman zuenak iragarri zituen. Xbox-erako merkaturatuko ziren bideo-joko gehienen aurkezpena E3 ekitraldi hartan egin zen, nabarmentzekoak izan ziren Halo eta Dead or Alive 3 jokoak.
2001eko azaroan merkaturatu ziren lehen kontsolekin oztopoak izan zituzten, irailaren 11ko atentatuen ondorioz hegaldietan arazoak sortu zirelako eta Microsoftek ezin izan zuelako Guadalajarako instalazioetara joan lehen kontsola haien probekin laguntzeko. Microsoften instalazioetan probatu ordez, kontsolen bidalketa modu lokalean antolatzeko gai izan ziren, merkaturatu ahal izateko.[3]
2001eko azaroaren 15eko gauerdian merkaturatu zen ofizialki kontsola, Nintendo GameCube kontsola atera baino hiru egun lehenago.[25] Aurreko gauean ekitaldi berezi bat egin zen New Yorkeko Times Square-n, Toys 'R' Us denda ospetsuaren irekiera-ekitaldi handiagatik. Dendara 1.000 kontsola bidali ziren, salmentekin unean bertan hasi ahal izateko. Bill Gates ekitaldian egon zen, berak saldu zuen lehen Xbox kontsola, ilaran zegoen jendea agurtzen egon zen eta haiekin jolasten ibili zen erakusketa moduan.[8][26][3]
Publizitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2002an, Erresuma Batuan telebista-iragarkiak erregulatzen zituen Independent Television Commission (ITC) entitateak Xbox-en telebista-iragarki bat debekatu zuen, iraingarria eta gustu txarrekoa zela zioten hainbat kexa jaso ondoren. Iragarkian ama batek haur bat erditu eta haurra leihotik hegan irtetzen zen, jaurtigai bat balitz bezala. Airean hegan zioala, haurra azkar zahartzen zen eta iragarkiaren amaierarako haur jaio-berria kolpetik aguretuta bere hilobian lurreratzen zen. Iragarkia honako esloganarekin amaitzen zen: "Bizitza laburra da. Jokatu gehiago " .[27][28]
Xbox-aren amaiera. Xbox 360 eta Xbox One
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005eko abuztuan Nvidia multinazionalak Xbox kontsoletarako GPUen ekoizpena eten egin zuen, eta horrek Xbox kontsolen ekoizpena amaitzea eragin zuen.[29] 2006ko martxoan merkaturatu zen Japonian Xbox-erako azken bideo-jokoa: The King of Fighters Neowave. Europako azkena Xiaolin Showdown izan zen, 2007ko ekainean argitaratua, eta Ipar Amerikako azkena Madden NFL 09, 2008ko abuztuan argitaratua. Garantiarik gabeko Xbox kontsolen euskarri teknikoa 2009ko martxoaren 2an eten zen. Xbox Live kontsolaren euskarri teknikoa 2010eko apirilaren 15ean amaitu zen.[30][31]
2005eko maiatzaren 12an Xbox kontsolaren ondorengoa aurkeztu zuten, Xbox 360. Aurkezpen ofiziala kable bidezko MTV telebista estatubatuarraren bidez egin zuten. Belaunaldi berriko lehen sistema izan zen. 2005eko azaroaren 22an jarri zen salgai Ipar Amerikan.
Xbox 360 kontsolak Xboxerako garatutako bideo-joko batzuk besterik ez ditu onartzen, jokalariak Xbox 360 disko gogor ofiziala badu. Xbox-en gordetako partidak ezin dira Xbox 360ra pasa. Xbox Live bidez Xboxeko jokoetara jolasteko aukera 2010eko apirilaren 15ean eten egin zen. System Link funtzionalitatea erabiliz gero, oraindik posible da Xbox jokoetara online jokatzea, Xbox kontsola originalarekin edo Xbox 360 kontsolarekin XLink Kai programa erabiliz.
2017ko E3 (Electronic Entertainment Expo) ekitaldian Xbox One Xbox-erako garatutako hainbat bideo-jokorekin jolasteko bateragarria izango zela iragarri zuten.
Sistema eragilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xbox plataformaren sistema eragilea Windows 2000 bertsioan oinarrituta dago, nahiz eta egokitzapen asko dituen. Erabiltzailearen interfazeak Xbox Dashboard izena du. Multimedia fitxategiak exekutatzeko gaitasuna du, eta horri esker musika CDak entzun daitezke. Gainera, bestelako ekintzak egin daitezke: edukiak deskargatu, etab.
Hardwarea eta osagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hardwarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xbox plataforma x86 arkitekturan oinarrituta dago, hau da, konputagailu pertsonaletan erabiltzen den Intel 8086 mikroprozesadoren teknologia berean. 32 biteko prozesatzeko unitate zentrala du, Pentium III-aren diseinuan oinarritua. DDR SDRAM motako 64 MiB-eko RAM memoria du, 733 MHz-eko erloju-abiadura du, eta 200 MHz-eko abiaduran doa.
Xbox-a ordenagailuen hardwarean oinarritzen denez, garai bereko beste bideokontsolak baino handiagoa eta astunagoa da, batez ere, DVD-ROM unitate handia eta 3,5 hazbeteko disko gogor estandarra zituelako. Segurtasun-neurrietan aitzindaria izan zen; agintearen haria (kablea), adibidez, bereizi egiten da, tiratzean kontsola bere azpiko gainazaletik ez irteteko.
Xbox izan zen disko gogor bat integratuta zuen lehen bideokontsola. Diskoa partidak gordetzeko eta Xbox Live bidez deskargatutako edukiak gordetzeko erabiltzen da. Kontsolaren hasierako modeloak 8 edo 10 GBeko tamainako disko gogorra zuen. USB portuak ditu, haridun agintea konektatzeko.[32]
Aginteetan erraz jartzeko eta kentzeko moduko SSD memoria-txartelak konekta daitezke. Hasierako modeloarenak 8 MBeko biltegiratze-ahalmena zuen eta jokaldiak gordetzeko erabiltzen dira. Jokatzen den bitartean, jokaldia bertan gordetzeko aukera ematen dute edo bestela, disko gogorrean gordetako jokaldiak bertan kopia daitezke. Gehienetan posiblea izaten da memoria-txarteletan gordetako jokaldiak beste Xbox kontsola batera eramatea, baina ez beti, zenbaitetan gordetako jokaldiak digitalki sinatuta egoten direlako. Xbox Live kontua ere gorde daiteke memoria-txartelean, beste Xbox kontsola batean erabili ahal izateko. Aginteen goiko aldeko atakak beste osagarri batzuek konektatzeko erabil daitezke; ohikoa izaten da Xbox Live bidez txateatzeko mikrofonodun entzungailua (kaskoa) konektatzea.
Xbox izan zen audiorako formato moduan Dolby Interactive Content-Encoding izenez ezagutzen den teknologia erabiltzen lehena. Teknologia horri esker, Dolby Digital kodeketa bideokontsoletan denbora errealean erabiltzea posiblea zen. Aurreko kontsolek Dolby Digital 5.1 baino ezin zuten erabili erreprodukzio labur ez-interaktiboetan. [33]
Osagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xbox kontsolarako osagarri ugari daude: memoria-txartelak, audiorako eta bideorako tresnak, kableak, etab.
- Xbox-erako RF egokigailua: Audiorako eta bideorako konexiorik ez duen telebistara Xbox kontsola konektatzeko aukera ematen duen tresna da.
- Audio/bideo konexiorako Xbox kablea: Xbox-a audio eta bideo konposatuko sarrera-terminala duen telebistara konektatzeko aukera ematen duen kablea da.
- Xbox memoria-txartelak: 8, 16 eta 32 MBko edukiera duten memoria-txartel eramangarriak dira. Partidak gordetzeko eta beste Xbox kontsoletara eramateko balio dute. Memoria-hedapeneko zirrikitua duten Xbox kontsoletan bakarrik erabil daitezke.
- Entzungailuak: Xbox Live bidez jokalari anitzeko partidetan komunikatzeko balio duen tresna da.
- DVD kontrola: Gailu honekin filmak ikus daitezke, DVD irakurgailu (erreproduzitzaile) batean bezala.
Bateragarritasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Diskoa: 8,5 GBeko geruza bikoitzeko DVDa, 4,7 GBeko DVDa, 700 MBko edukierako CDa.
- Musika: WMA (Jatorrizko CDetako musika disko gogorrera pasa eta joko jakin batzuetara jolastean erreproduzitzeko aukera ematen zuen), MP3
- Bideoa: DVD, DVD-R
- Irudia: JPG, JPEG, GIF, PNG, TIFF, BMP
- Bideoa: MPEG-2, MPEG-4, MKV, DivX, VCD, DVD, WMV, RM, RMVB, AVI, MOV, FLV
Bideo-jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen Xbox-erako garatu diren bideo-joko ezagunenen zerrenda txiki bat:
- Halo. Bungie Software-k eta Microsoft Game Studios-ek garatutako jokoa da. Xbox-en frankizia nagusia eta jokorik ezagunenetako bat da. Halo jokoek Microsoft-i Xbox kontsolaren salmenta kopurua handitzen lagundu izan diote.
- Halo 2. Bungie Software-k eta Microsoft Game Studios-ek garatutako jokoa da. Halo bideo-jokoaren familiakoa da, haren ondorengoa eta Xbox-erako bideo-jokorik salduena. Kritikariek eta erabiltzaileek gehien txalotu duten jokoetako bat da. Linean jokatzeko (2010eko apirilaren 14an amaitu zen) bikain egina zegoenez, online-jokoen iraultza ekarri zuen.
- Star Wars: Antzinako Errepublikako Zaldunak. Bioware eta Lucas Arts konpainiek garatu zuten. Star Wars familiako joko bat da. Istorioa "I. kapitulua: fantasmen mehatxua" baino 4.000 urte lehenago gertatzen da. 2003an "urteko joko"-aren saria irabazi zuen eta urte hartan Xbox-erako eta ordenagailuetarako gehien saldu zen jokoa izan zen.
- Star Wars: Antzinako Errepublikako Zaldunak 2: Sith Jaunak. Obsidian Entertainment-ek garatu zuen. Star Wars familiako lehen jokoaren jarraipena da, istorioa 4 urte geroago gertatzen da. Jedi gerra zibilaren ondoren, jedien garbiketak errepublikari eta galaxiari eragin zien. Jokoak software-errore asko zituen eta historiaren zatiak falta ziren, baina istorioa interesgarria zenez, arrakasta izan zuen.
- Doom 3. ID Software-k garatu zuen eta Xbox-erako Vicarious Visions-ek egokitu zuen. Jokoaren hedapen bat argitaratu zen, Resurrection of Evil izenburuarekin.
- Project Gotham Racing. Bizarre Creations-ek garatutako lasterketa-jokoa da. Xbox-erako bakarrik diseinatu zen, Dreamcast plataformarako garatutako Metropolis Street Racing jokoaren jarraipen gisa. Jokoaren helburua txapelketak irabaztea eta lortutako puntuekin ibilgailuak erostea da.
- Fable. Lionhead Studios-ek garatutako rol-jokoa da. Microsoft Windows-erako eta Xbox-erako diseinatu zen. Jokoan pertsonaia bat entrenatzen da eta pertsonaiak hartuko duen bidea erabaki daiteke: ongiarena edo gaizkiarena.
- Forza Motorsport. Microsoft-ek garatutako lasterketa-jokoa da. Xbox-erako bakarrik diseinatu zen eta bertan jokatzeko egindako azkenetakoa da. Turismo Handia jokoaren antzekoa, baina osotuagoa: kalteen ereduak ditu, grafikoen kalitatea hobea da, ibilgailuak aldatzeko (tuneatzeko) aukera ematen du, etab.
- The Elder Scrolls III: Morrowind. Bethesda Softwarorks-ek garatu zuen eta rol-jokoen zaleen bihotzera iristea lortu zuen. Argumentua epikoa da eta aurrekoarekin konparatuta (The Elder Scrolls II: Daggerfall) mundua ikaragarri handia da eta xehetasunez josia dago (aurreko saioarekin alderatuta). Pertsonaia editatzeko aukera handiak eskaintzen ditu jokoak eta perspektiba erabiliz diseinatua izan zen. Horrek guztiak jokoa maisulan bihurtu zuen. Argumentu nagusiaz gain, bestelako argumentu-lerroak ere badaude.
- Grand Theft Auto: San Andreas. Rockstar Games-ek garatutako jokoa da, jokalariari sormena erabiltzeko aukera handia ematen diona. Bideokontsoletan (Xbox, Xbox 360, PlayStation 2) eta ordenagailuan jokatzeko diseinatua izan zen. Argumentua aurreko bertsioen antzekoa da: Carl Johnson izeneko pertsonaiak San Andreas estatutik ihes egin zuen duela bost urte. Jokoaren helburua pertsonaia kontrolatzea da.
Xbox kontsolarekin batera bideo-jokoen katalogo bat dator. Bertan agertzen dira ofizialki salgai dauden 1.162 jokoak, besteak beste:[34][35]
Bestalde, Xbox-erako pentsatu ziren joko batzuk garapenaren hasieran bertan behera utzi ziren. Hona hemen batzuren aipamena:
- Bully
- Disney's Kim Possible: What's the Switch?
- King of Fighters 94 Rebout
- Looney Tunes: Back in Action
- Nicktoons Unite!
- Pac Man World Rally
- Power Rangers Dino Thunder (videojuego)
- Soulcalibur III
- Spyro: Enter the Dragonfly
Salmentak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Merkaturatu zenetik, Xbox kontsolak hazkunde ekonomiko azkarra izan zuen; Nintendo Game Cube-ren aurretik jarri zen eta merkatuaren zati handia lortu zuen.[36] Hala ere, ez zuen lortu Sony-ren PlayStation 2 (PS2) kontsolari aurrea hartzea (2008ko ekainaren 20an, 140.000.000 unitate baino gehiago saldu ziren, 50.000.000 AEBn), berandu merkaturatu zelako, ez zegoelako PS2rako adina bideo-joko eta Japonian eta beste herrialde batzuetan ez zuelako osperik lortu.
Xbox-a salmenten lehen postuan egon zen Erresuma Batuan (bideojokoen mundu-mailako merkatuan hirugarren herrialdea) eta beste herrialde batzuetan (Mexikon, Australian, Kolonbian eta Zelanda Berrian). Bigarren postuan egon zen AEBko merkatuan (sektorearen mundu-mailako lehen herrialdea) eta Puerto Ricon. Europako gainerako herrialdeetan salmenten hirugarren postura iritsi zen, Game Cubetik oso gertu. Espainian, adibidez, 300.000 Game Cube saldu ziren eta 240.000 Xbox. Frantzian edo Alemanian Nintendo-ren kontsola izan da nagusi, 600.000 unitate baino gehiagorekin, Microsoft-enaren bikoitza.
2004. urtearen amaieran, Xbox-a ekoizten zuen Microsoft-en Entertainment & Devices atalak 154.000.000 dolarreko galerak izan zituen.[37] Microsoft-en helburua irabazi ekonomikoa lortzea baino gehiago, Xbox bideokontsola merkatuan sartzea izan zela esaten da, batez ere ordura arte nagusi ziren Sony-ri eta Nintendo-ri aurrea hartzea AEBko merkatuan.
Eskualdea | Saldutako unitateak | Eskuragarri |
---|---|---|
Ipar Amerika | 16 miloi | 2001eko otsailaren 15a |
Europa | 6 miloi | 2002ko martxoaren 14a |
Asia eta Pazifikoa | 2 miloi | 2002ko otsailaren 22a |
Munduan (datu ofizialak) | 24 miloi | Ez dagokio |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eider, Carton Virto. (2001-02-01). «Xbox eta Whistler Microsoften berrikuntzak» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) published, Samuel Willetts. (2020-07-27). «How DirectX defined PC gaming... with help from a shotgun-toting Bill Gates» PC Gamer (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n (Ingelesez) «Xbox: The Oral History of an American Video Game Empire» Bloomberg.com 2021-01-06 (Noiz kontsultatua: 2023-11-12).
- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) «The making of the Xbox: How Microsoft unleashed a video game revolution (part 1)» VentureBeat 2011-11-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ (Ingelesez) «Microsoft reveals letter from that time it failed to buy Nintendo» Eurogamer.net 2021-11-24 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ (Ingelesez) Dudley, Brier. (2011). «Last of Xbox Dream Team, Otto Berkes Is Moving On» The Seattle Times ("Berkes and Hase were among a group of four who first pushed Microsoft to develop a Windows-based gaming system to compete with Sony's PlayStation 2, which was luring game companies from the Windows platform in the late 1990s. The other two were Seamus Blackley, who left in 2002, and Kevin Bachus, who left in 2001."): A12..
- ↑ (Ingelesez) Knoop, Joseph. (2018-05-16). «How the Xbox Was Born at 35,000 Feet – IGN Unfiltered» IGN (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ a b c (Ingelesez) «The History of the Xbox» Digital Trends 2021-03-16 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ (Ingelesez) Dyer, Mitch. (2011-11-23). «The Life and Death of the Original Xbox» IGN (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
- ↑ «Brier Dudley's Blog | Exclusive: Microsoft loses last Xbox founder, mobile PC visionary | Seattle Times Newspaper» web.archive.org 2011-05-26 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) «Report: Xbox's Last-Second Intel Switcheroo Left AMD Engineers Heartbroken» Kotaku 2021-10-12 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Warren, Tom. (2013-07-05). «The Xbox could have been named 11-X, original WEP and DirectX Box codenames revealed» The Verge (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ «Gamasutra - How Xbox got its start -- and its name» web.archive.org 2019-06-05 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ «Gamasutra - News - Interview: Former Microsoft Exec Fries Talks Xbox's Genesis» web.archive.org 2011-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ «The story of the Duke, the Xbox pad that existed because it had to» web.archive.org 2018-05-04 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ «Why Xbox Failed In Japan | Ghostarchive» ghostarchive.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) «Xbox Brings "Future-Generation" Games to Life» Stories 2000-03-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Takahashi, Dean. (2011-11-14). «The making of the Xbox: How Microsoft unleashed a video game revolution (part 1)» VentureBeat (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ «GameSpy.com - Article» web.archive.org 2009-04-25 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ «How Xbox Could Have Helped The Dreamcast Survive» web.archive.org 2017-08-25 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) «Xbox Brings "Future-Generation" Games to Life» Stories 2000-03-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Staff, I. G. N.. (2000-06-20). «Microsoft/Bungie Interview» IGN (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Kent, Steven. (2004). «Xbox Timeline» web.archive.org (GameSpy.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Becker, David. (2001). «Microsoft got game: Xbox unveiled» web.archive.org (CNET News) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) «Xbox hoopla begins with Gates at Times Square Toys R Us» bizjournals.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) «Xbox Arrives in New York Tonight at Toys "R" Us Times Square» Stories 2001-11-14 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) 'Shocking' Xbox advert banned. BBC News 2002-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Xbox, Pure. (2021-11-15). «Random: 20 Years Ago, This Xbox Ad Was Banned From British Television» Pure Xbox (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
- ↑ «Nvidia ends shipments of chips for Xbox» www.ft.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) «PSA: Microsoft ends original Xbox support on March 2» Engadget 2009-02-28 (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Pereira, Chris. (2010). «Xbox Live to Cut Off Original Xbox Support on April 15. Original Xbox will no longer have access to Live, nor will Xbox 1 games played on 360.» web.archive.org (1up.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Dominguez, Sebastian. (2020/11/09). «6 curiosidades de Xbox que quizá no conocías» SomosXbox (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Ingelesez) Jim Arnold (Dolby Laboratories), Tawana Clark (Weber Shandwick Worldwide). (2001). [https://web.archive.org/web/20060219162524/http://www.dolby.com/assets/pdf/press_releases/841_co.pr.0104.xbox.pdf «The Xbox Video Game System from Microsoft to Feature Groundbreaking Dolby Interactive Content-Encoding Technology Dolby and Xbox Set a New Standard for Gaming Audio»] web.archive.org (Dolby Laboratories, Inc. Press Release) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
- ↑ (Frantsesez) «Jeux Xbox et Xbox 360» web.archive.org (xbox-mag.net) 2006-04-15 (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
- ↑ (Ingelesez) «Xbox Games» web.archive.org (gamespot) 2006-04-06 (Noiz kontsultatua: 2023-12-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ferré, Jaime. (2003). «XBox experimenta el crecimiento más rápido de la historia de las consolas» web.archive.org (xbox.canaljuegos.com) (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Delgado, Daniel. (2005). «Microsoft reconoce las pérdidas de Xbox» web.archive.org (MeriStation) (Noiz kontsultatua: 2023-12-24).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- PlayStation 2
- Nintendo GameCube
- Sega Dreamcast
- (Ingelesez) List of Xbox games Wikipedia
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Xbox-en webgune ofiziala
- (Ingelesez) Xbox Curlie.org webgunean
- (Ingelesez) Xbox web.archive.org
- (Ingelesez) Xbox irudiak Wikimedia Commons-en
- Bideo-jokoak. Zertan jolasten dira nire seme-alabak?] Unai Arrugaeta, Lehen Hezkuntzako irakaslea, UPV/EHU, Weblearner ikerketa taldea
- Euskarazko bideojokoak Game Erauntsia
- Euskal Game Jam: 48 ordu bideojokoak euskaraz sortzeko Argia, 2023
Aurrekoa - |
Xbox 2001 - 2008 |
Ondorengoa Xbox 360 |