Erresuma Batuko historia
Erresuma Batuko historia ofizialki 1707ko maiatzaren 1ean hasten da, Ingalaterrako (Gales ere barne zela) eta Eskoziako estatuek bat egin zutenean. 1603tik erresuma biek errege bera zuten, nahiz eta bakoitzak bere parlamentua izan. 1707ko Batasun Itunak Britainia Handiko Erresuma sortu zuen eta parlamentu bakarra Westminsterren ezarri zen (Londresen). Erresuma horri 1800eko Batasun Aktaren bidez Irlanda batu zitzaion, Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batua sortuz.
1066ko normandiarren inbasioaren ondotik, Ingalaterra eta Eskoziako erresumek ez zuten kanpoko inbasiorik jasan. Horren ondorioz, bakoitzak bere erakunde politiko, administratibo eta kulturalak, lege sistemak eta zientzia eta ezagutzaren garapena oztoporik gabe aurrera eraman ahal izan zituzten. Zazpi Urteko Gerraren ostean (1756-1763) Inperio britainiarra munduko nagusi bihurtu zen, Frantziaren kaltetan; inperio horrek 1922rako mundu osoko biztanleriaren laurdena bere menpean izan zuen eta Erresuma Batuko hizkuntzaren, kulturaren eta eredu industrial zein sozialaren hedapen garrantzitsua suposatu zuen.
1922an Irlandako 32 konderrietatik 26k bere burujabetasuna aldarrikatu zuten, Anglo-irlandar Itunaren bidez. Beste sei konderriek Britainia Handiaren menpe jarraitu zuten eta, horregatik, 1927an Erresuma Batuak izena aldatu zuen; Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua bihurtu zen. Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerretan parte hartze erabakigarria izan zuen, aliatuen aldean (irabazle izan zen aldean, hain zuzen). 1945etik aurrera (bereziki 1960ko hamarkadatik aurrera) bere kolonia garrantzitsuenak estatu independente bihurtzen joan dira eta Inperio Britainiarra bertan behera gelditu da. Hala ere, kolonia ohi gehienak Commonwealth of Nations izeneko elkartean jarraitzen dute eta askok Erresuma Batuko monarka beraien estatu buru mantentzen dute. Horrez gainera, Erresuma Batuak nazioarteko erakunde garrantzitsuenetan (Europako Batasuna, Nazio Batuen Erakundea eta NATO, besteak beste) botere handia izaten jarraitzen du XXI. mendean.
XVIII. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma Batuaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britainia Handiko Erresuma Batua deituriko estatua 1707ko maiatzaren 1ean sortu zen, Ingalaterrako eta Eskoziako erresumek bat egin zutenean (Gales Ingalaterrako erresumako parte zen 1282tik). Batasun hori aurreko urtean negoziatu zen Batasuneko Itunaren arabera egin zen eta bai Ingalaterrako parlamentuak, baita Eskoziakoak ere, Batasuneko Akta bana onartu zuten.
Ordura arte estatu subiranoak izan ziren arren, 1603tik errege bera zuten, Eskoziako Jakobo VI.ak seme-alabarik gabe hil zen bere lehengusina Ingalaterrako Elisabet I.a erreginaren koroa jaso zuenean. Jakobo VI.ak Jakobo I.a izenez agindu zuen Ingalaterran. Epealdi horri (1603-1707) Koroen Batasuna izena eman zitzaion. Batasuneko Itunak erresuma bien arteko batasuna indartu nahi izan zuen, erresuma bakarra eta parlamentu bakarra lortzeko. Britainia Handiko Ana izan zen lehen erregina (1702-14). Hala ere, zenbait atal batasunetik kanpo gelditu ziren, hala nola, lege sistema, hezkuntza sistema eta Eliza. Izan ere, Eskozian Eskoziako Eliza Presbiteranoa zen ofiziala eta Ingalaterran Eliza Anglikanoa.
Jakobotarren altxamenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erresuma Batua sortu baino lehen, XVII. mendearen bigarren erdian, Ingalaterrako, Eskoziako eta Irlandako erresumetan gorabehera politiko eta erlijioso ugari bizi izan ziren. Karlos I.a erail ondoren, Oliver Cromwellek Commonwealth izeneko aldi errepublikarra ezarri zuen (1649-1660). Horren ostean, Ingalaterrako Karlos II.ak (Karlos I.aren semeak) boterea hartu zuen, nahiz eta 1649an bertan Eskoziako Parlamentuak Eskoziarren errege izendatu zuen. Ingalaterrako boterea hartu zuenean, Cromwellen lege puritanoen aurka egin zuen eta Eliza Anglikanoari bere botere tradizionala itzuli zion, nahiz eta tolerantzia erlijiosoko aldi bati hasiera eman. Hala ere, ezin izan zien katoliko eta protestanteei erabateko emantzipaziorik eman.
Karlos II.a hil ondoren, bere anaia Jakobo II.ak (Eskozian Jakobo VII.a) hartu zuen boterea baina katolikoa zenez bere menpeko askok ez zuten onartu. 1688ko abenduaren 11n erregetza uztera behartu zuten (Iraultza Gloriosoa). Bere alaba Maria II.ak eta honen senar Gillermo III.ak hartu zuten boterea. Mariaren eta bere ahizpa Anaren erregetzen ondoren, Britainia Handia Estuardo familiaren eskutik Hannover dinastiaren eskuetara pasa zen eta sistema parlamentarioa indartu zen.
Aldaketa horiekin ados ez zeudenek iraultza jakobotarrak abiarazi zituzten (1715ekoa eta 1745ekoa), Estuardoen dinastia berrezartzeko asmoz. Joera honek porrot nabarmena izan zuen 1746ko Culloden-eko borrokan.
Inperio Britainiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusia: Inperio Britainiarra
1756an hasitako Zazpi Urteko Gerra Europa, India, Ipar Amerika, Karibea, Filipinak eta Afrikako kostaldean zehar egin zen (historiako lehen gerra globaltzat hartu izan da). Britainia Handiak Prusia, Brunswick-Lüneburg eta Portugalekin batera, Frantzia, Austria, Errusia, Suedia, Saxonia eta Espainia garaitu zituen. Frantziak, bereziki, ordura arte izandako nagusitza galdu zuen Prusiaren eta Britainia Handiaren mesedetan. Azken honek Europatik kanpoko lurraldeetan nagusitza eztabaidaezina lortu zuen.
1760 eta 1770eko hamarkadetan Britainia Handiaren eta Ipar Amerikako Hamahiru kolonien arteko gatazka piztu zen metropoliak ezartzen zituen zerga altuak zirela eta. 1775ean Ipar Amerikako Iraultza piztu zen eta kolonoek metropoliari gerra deklaratu zioten, Frantziaren laguntzaz. Gerra irabazita, 1783an Ameriketako Estatu Batuak sortu ziren.
Kolonia horien galerak Inperio Britainiarra fase berri batera eraman zuen. Ordutik aurrera, Inperioaren gunea Asia eta Pazifikoko eskualdeetan (geroago, baita Afrikan ere) jarri zen. Adam Smith eta bere teoria liberalak arrakasta izan zuen; izan ere, Estatu Batuen independentziak Ipar Amerikaren eta Britainia Handiaren arteko harreman ekonomiko gero eta sendoagoak sortu zituen eta, beraz, argi gelditu zen botere politikoa ez zela ezinbestekoa eragin ekonomikoa izateko.
Sistema bera bultzatu nahi izan zuten Indiaren kasuan ere, baina Frantziak botere geroago eta handiagoa izateko arriskua zela eta. Horregatik, lurralde berriak konkistatzera eta bertan menpeko agintariak jartzera jo zuten.
Aldi berean, Britainia Handiak bultzatuta lurralde berriak ezagutzeko espedizioak egin ziren. Horien artean garrantzitsuena 1770ekoa izan zen. James Cook Australiako ekialdeko kostaldera iritsi zen eta lurraldea britainiarrentzat konkistatu zuen. 1787tik aurrera presondegiak ezarri ziren lurralde hartan.
XIX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irlanda eta Britainia Handiaren arteko batasuna (1800)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1800eko urtarrilaren 1ean Irlandak Erresuma Batuarekin bat egin zuen eta Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batua sortu zen.
Irlanda lurralde independentea zen, baina 1170etik hasita Ingalaterran agintean zeuden errege normandoek inbasioak egiten zituzten. XVII. mendearen hasieratik kolonoak kokatu ziren Irlandako Ulster probintzian. Hauek Eskozia eta Ingalaterratik zetozen eta erlijioz protestanteak eta anglikanoak ziren. Irlandako jatorrizko populazio katolikoa lurralde horietatik bota egin zuten. Kolonizazio horrek Irlanda Britainia Handiarekiko menpetasun egoeran jarri zuen.
1641ean irlandar katolikoek matxinada bat antolatu zuten beraiek sufritzen zuten diskriminazioari aurre egiteko. Matxinada horrek porrot egin zuen eta ordurako agintean zeuden protestanteek katolikoen aurkako Lege Penalak onartu zituzten 1691n. Horien ondorioz, besteak beste, katolikoek Parlamentuko kide izatea debekatuta zuten. 1703an eta 1709an lege horiek indartu egin ziren eta eliza anglikanotik kanpo zeuden talde protestanteen aurka ere aplikatu ziren. Horregatik, 1798an lege horiek kaltetutako katoliko eta protestanteek bat egin zuten erabat burujabea izango zen Irlanda errepublikarraren 1798ko Irlandako matxinada egiteko. Frantziako Iraultza hartu zuten eredu. Matxinada horrek ere porrot egin zuen, baita Irlandar Batuen Elkarteak (Society ofUnited Irishmen) Lege Penalak ezabatzeko egindako eskaerek ere. Britainiar gobernuak erabaki zuen onena Irlandaren independentziarekin behin betiko amaitzea zela.
Napoleondar Gerrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusia: Napoleondar Gerrak
Napoleon Bonapartek Frantziako Iraultzaren eragina Europa osora zabaldu nahi izan zuen. 1803ko maiatzaren 18an Britainia Handiaren eta Frantziaren arteko gerra hasi zen; Erresuma Batuko gobernuarentzat ezinbestekoa zen Napoleonen asmo errepublikarrak geldiaraztea.
Europaz gain, gatazka hauek Karibera eta potentzia europarren beste lurraldeetara ere zabaldu ziren. Zentzu horretan, zenbait historialariren arabera, gerra hauek mundu gerrak izan zirela esan daiteke.
Napoleonen helburua Britainia Handiaren eta Europaren arteko merkataritza harremanak apurtzea zen. Erresuma Batuak ezin izan zion hasiera horretan (1806an, Berlingo Dekretuak sinatu zirenean) militarki aurre egin, armada napoleondarra baino. Baina Europako merkatuak itxita zituenez, ahalegin guztia kanpoko merkataritzara bideratu zuen, baita lehen garapen industrialera ere (azken hau Frantziarena baino askoz handiagoa zen).
Erresuma Batuak parte hartze garrantzitsua izan zuen Napoleonen aurkako borroka askotan, besteak beste, Waterlooko batailan.
Aro Viktoriarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industria Iraultzaren garapen garrantzitsuena Victoria I.aren erregetza aldian gertatu zen (1837-1901), nahiz eta horren aurrekariak 1832ko Erreforma Aktarekin hasi. Garai hori, gainera, Inperio Britainiarraren gailurra izan zen, India inperioaren parte izatera pasatu zelako, besteak beste.
Kolonietan gatazka garrantzitsuak zeuden arren, metropolia bake egoera egonkorrean zegoen. Garai horri Pax Britannica izena ematen zaio horregatik. Erreforma liberalak gauzatzen joan ziren eta sufragio eskubidea hedatu egin zen. Hala ere, landa guneetatik hirietara joandako jende multzoak masifikazio arazoak sortu zituen hiririk handienetan, bereziki Londresen.
Victoria erreginak eraginda, gizartean joera moralista sakonak ezarri ziren: emakumezko eta gizonezkoen arteko bereizketa argia, gai sexual ia guztiak tabu bihurtu ziren... Hala ere, aurpegi garbi horren atzean bestelako fenomenoak ere agertu ziren; prostituzioa nabarmen igo zen klase apaleneko emakumeen artean.
Irlandaren autonomia (Home Rule)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1800eko Batasun Aktaren arabera, Britainia Handiak Irlandan ezarritako Lege Penalak ezabatu eta katolikoen emantzipazioa burutu behar zuen. Hala ere, orduko erregeak, George III.ak, neurri horiek errege izendatu zuteneko zinaren aurkakoa zirela uste zuen, bera anglikanismoaren babesle sendoena izan behar baitzen. Daniel O'Conell abokatuak bultzatuta egin zen emantzipazioaren kanpainak 1829an lortu zuen bere helburua, George III.a hiltzean. Orduan lortu zuten katolikoek Irlandako parlamentuan parte hartzea (nahiz eta populazioaren ia erabateko gehiengoa izan).
1846ko Patataren izurriteak nekazari asko hirietara bultzatu zituen. Britainia Handian joera ekonomiko liberalak ziren nagusi eta gaizki ikusten zuten estatuaren esku hartzea goseteari aurre egiteko. Karitatezko ekintza handiak bultzatu ziren arren, gobernuaren esku hartze faltak izurritea katastrofe bilakatu zuen.
Irlandako boto-emaileek (garai hartan emakumezkoek eta maila batetik beherako behartsuek ezin zuten botorik eman) nagusiki alderdi liberalaren eta kontserbadorearen alde egiten zuten. Isaac Buttek gidatuta, kontserbadore batzuek alderdia utzi eta Irlandako Alderdi Parlamentarioa sortu zuten. 1870etik aurrera Chales Stewart Parnellek gidatuta Irlandako alderdi garrantzitsuena izatera iritsi zen. Alderdi hau Home Rule edo autonomiaren aldeko borrokan nabarmendu zen. Hala ere, ez zuen arrakastarik izan, Lord-en Ganberak bai 1886an, baita 1893an ere Komunen Ganberak onartutako proposamenak baztertu zituelako. Irlandan bertan ere, bereziki Ulsterren, autonomiaren aurkakoak indarra hartzen jarraitu zuten, bereziki autonomiak beraien pribilegioak (populazio protestantearenak, alegia) murriztuko zituen beldurrez).
XX. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo Mundu Gerra (1914-18)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irlandaren zatiketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX eta XX. mendeetan Irlandako abertzaletasuna indartuz joan zen. Daniel O'Conellek gidatutako mugimenduak katolikoen emantzipazioa eta eskubide berdintasuna bermatu nahi zituen. Geroago, Charles Stewart Parnellen gidaritzapean, Irlandako nazionalisten helburua Home Rule edo autonomia lortzea izan zen.
1912an Britainia Handiko gobernuak Home Rule delakoaren proposamen berri bat egin zuen, baina, 1893ko ahaleginean bezala, Lorden Ganberak ez zuen onartu. Hala ere, ordurako Lorden Ganberak ez zuen legegintza atzera botatzeko eskumenik; gehienez jota, urte biz proposamena atzeratzeko ahalmena zuen.
1914rako Lehen Mundu Gerra lehertu zen eta Britainia Handiak Home Rule-erako proposamena baztertu egin zuen gerrak iraun bitartean. Gerra horretan, bai Ipar Irlandako unionistek, baita errepublikarrek ere, Britainia Handiaren tropekin batera borrokatu zuten.
1916ko Aste Santuan Irlandako abertzale batzuek Erresuma Batuaren aurkako altxamendua egin zuten Dublinen eta "Irlandar Errepublika" aldarrikatu zuten. Britainiarrek altxamendua gogor zapaldu zuten eta bertako partaide gehienak hiltzera kondenatu zituzten. Hala ere, gertaera horrek irlandarren independentzia nahiak areagotu egin zituen. Horrela, 1919an egindako hauteskundeetan, Sinn Féineko hautetsiek uko egin zioten Westminster-eko parlamentura joateari eta Dublinen Dáil Éireann izeneko parlamentua sortu zuten. Honek Irlandaren independentzia aldarrikatu zuenean Britainia Handiak gerra deklaratu zion (Irlandako Independentzia Gerra).
1921ean Britainia Handiak bake ituna proposatu zien buruzagi irlandarrei. Irlandako gobernuaren ordezkariek Anglo-irlandar Ituna lortu zuten Londresko negoziazioetan; honen ondorioz, Irlandako Estatu Askea sortu zen, hegoaldeko 26 konderrietan. Estatu aske hau Britainia Handiaren baitako dominium-a bihurtu zen, bertako erregearen menpe baina barne politika ia independentearekin. Iparraldeko 6 konderriek, aldiz, Britainia Handiaren menpe jarraitu behar izan zuten. Itun horrek Irlandako gizartean zatiketa gogorra ekarri zuen, aldeko eta aurkakoen artean. 1922 eta 1923 bitartean Irlandako Gerra Zibilak aurreko gatazkak baino hildako gehiago utzi zituen eta azkenean itunaren aldekoek garaipen argia lortu zuten.
Irlandako gobernu berriaren proiektua Britainia Handiarekin harremanak hobetzea zen baina bere independentzia bermatuz. Horrela, pixkanaka gobernuak botere gehiago hartu zituen bere gain, harik eta 1948an Commonwealth elkartea utzi eta ofizialki errepublika bihurtu zen arte.
Depresio handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo Mundu Gerraren eta Bigarrenaren arteko urteak egoera ekonomiko gogorra ekarri zuten, hasierako susperraldi arin baten ostean. Britainia Handian egoera gogorrena Ingalaterra iparraldean eta Galesen bizi izan zuten; lurralde horietako zenbait eskualdetan langabezia tasa %70era iritsi zen. 1926an mehagintzako langileen egoera larria salatzeko greba orokorra egin zen baina ez zen hobekuntza nabarmenik lortu. Areago, krisia larriagotu egin zen eta Britainia Handian ikatzaren produkzio eta kontsumoa gainbehera hasi zen. Gerra ezin saihesteak armamentu industriaren bizkortzea areagotu zuen 30eko hamarkadatik aurrera.
Bigarren Mundu Gerra (1939-45) eta berreraikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britainia Handiak eta bere koloniek (nagusiki, Indiak) Hirugarren Reichari gerra deklaratu zioten 1939ko irailaren 1ean, azken honek Polonia inbaditu ondoren. Gerra garaian (1939-1945) nazien kontrolpetik at egon zen arren, bonbardaketa gogorrak jasan zituen 1940ko irailaren 7tik 1941eko maiatzaren 10era. Urtebeteko bonbardaketa horietan, zuzenean 43.000 zibil baino gehiago hil ziren eta milioi bat zibil baino gehiago zauritu. Gertaera larrienak Londres hiriburuan izan ziren arren, Erresuma Batuko beste hainbat hiritan ere bonbak jaurti zituzten Ardatzeko armadek, besteak beste, Belfast, Birmingham, Bristol, Cardiff, Clydebank, Coventry, Greenock, Sheffield, Swansea, Liverpool, Hull, Manchester, Portsmouth, Plymouth, Nottingham eta Southampton-en.
Erresuma Batua Aliatuen taldekoa zenez, gerran garaile atera zen, Ameriketako Estatu Batuekin, Sobietar Batasunarekin eta Frantziarekin batera. Ondorioz, zeregin garrantzitsua izan zuen gerra osteko berreraikuntza garaian, bereziki Alemaniako ipar mendebaldea kontrolatu baitzuen. Garaile izan arren, hala ere, 67.100 zibil eta 382.700 militar baino gehiago galdu zituen gudan.
Gerra ostean egindako lehen hauteskunde orokorretan, ordura arte lehen ministro izandako Winston Churchill kontserbadorearen ordez, Clement Attle laboristak lortu zuen garaipena. Gobernu laborista berriak berreraikuntzarako proposamen berriak bultzatu zituen, besteak beste Osasun Zerbitzu Nazionala (ingelesez, National Health Service edo NSH) zabalduz. Ekonomia une oso larrian zegoen, industria gehienak nazionalizatu egin ziren eta elikagaien errazionamendua martxan jarri zen. Kontuan izan behar da, gainera, gerra amaitu eta hurrengo negua (1946-1947koa ordura arte neurtutakoen artetik gogorrena eta hotzena izan zela.
1950eko hamarkadatik aurrera, inperio britainiarreko lurraldeetatik hainbat etorkin etorri ziren lan bila Erresuma Batura, batez ere eraikuntzan lan ugari zegoelako. Horrek Britainia Handiaren kultur aniztasunaren hasiera eragin zuen. Suezko krisiak Britainia Handiak nazioartean zuen eragin zuzena galarazi zuen arren, 50 eta 60 hamarkadak hazkunde handiko garaiak izan ziren Erresuma Batuarentzat.
Inperiotik Commonwealth-era
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusia:Britainiar Inperioa
Bi Mundu Gerren arteko garaian, Britainia Handiaren inperioa ahultzen joan zen. Nazionalismoa indartzen zihoan, gehienbat Egipto eta Indian. 1910erako, Inperioko hainbat lurralde handi (Kanada, Australia eta Zeelanda Berria, besteak beste) dominium bihurtu ziren (barne autonomia ia erabatekoa zuten lurraldeak, atzerri gaietan metropoliaren menpe jarraitu zuten arren). 1926an Commonwealth izeneko elkartea sortu zen (jatorrizko izena Brittish Commonwealth of Nations, 1949tik aurrera Commonwealth of Nations).
Bigarren Mundu Gerratik aurrera, bereziki India eta Pakistanen independentziatik aurrera (1947), inperio britainiarra desegiten joan zen deskolonizazioaren ondorioz. Herrialde independente gehienek Commonwealth-eko kide izaten jarraitzen dute eta horietako askok (Kanadak eta Australiak adibidez) Britainia Handiko monarka dute estatu burutzat. Herrialde txiki batzuetan, aldiz, monarka berezia dute (Brunei, Lesoto, Tonga...) eta beste batzuk errepublikak dira (India, Pakistan, Nigeria, etab.).
Inperioko beste lurralde batzuk beraien erabakiz Britainia Handiaren menpe jarraitzea erabaki dute, besteak beste, Gibraltar, Bermuda, Falkland Uharteak...
Ipar Irlandako gatazka eta Belfasteko hitzarmena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusia: Ipar Irlandako gatazka
1922an Irlandako Estatu Askea sortu zenean, Ulster probintziako sei konderrik Britainia Handiaren menpe jarraitu zuten. Lurralde horretan katoliko errepublikazale eta nazionalisten kontrako diskriminazio larriak jarri ziren abian. Nazionalistak gobernutik kanpo eduki zituzten eta hezkuntza, etxebizitza eta eskubide sozialetan protestante unionisten bizi maila baino kaskarragoa zuten.
1966ko maiatzean Ulster Voluntary Force talde paramilitar armatua sortu zen. Taldearen helburua IRAren aurka borrokatzea zen, baina beraien ekintzen biktima izan ziren komunitate bietako pertsonak.
1960ko hamarkadan Eskubide Zibilen aldeko Ipar Irlandako Elkartea sortu zen, komunitate nazionalistak jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzeko. Elkarte honek hainbat martxa eta manifestazio antolatu zituen, baina 1968tik aurrera talde terrorista unionisten erasoak jasaten hasi ziren. Urriaren 5ean Derryn poliziak baimenik ez zuen martxa baten kontra eraso egin zuen eta hiru egunez istilu gogorrak izan ziren. Unionista erradikalen erasoak jasaten zituzten arren, poliziak ez zituen martxak babestu nahi.
1969 eta 2001 urte bitartean, Ipar Irlandako gatazka armatuak 3.526 hildako utzi zituen; horietatik %60 errepublikarrek erailak, %30 unionistek eta %10 segurtasun indarrek eta britainiar polizia (RUC) eta armadak. Hildako gehieneko urteak 1971 eta 1979 bitartekoak izan ziren.
Gatazka konpontzeko hainbat ahalegin egin izan dira, euretariko asko nazioarteko potentziek (AEBk besteak beste) bultzatu eta babestuak. Horietatik garrantzitsuena 1998an sinatu zen Ostiral Santuko Hitzarmena.
Britainia modernoaren hazkundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950 eta 1960ko hamarkadetan, Britainia Handiak aurrerapen ekonomiko nabarmena egin zuen eta Bigarren Mundu Gerraren osteko arazoak gainditzea lortu zuen. 1973an Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, Irlanda eta Danimarkarekin batera, baina, aldi berean, 1973ko Petrolioaren Krisiak gogor eragin zion. Gainera, Ipar Irlandako egoera krudelago bihurtu zen, Troubles izeneko garaian; IRAk, Irlandan ez ezik, Britainia Handian ere hainbat atentatu egin zituen.
1979an Margaret Thatcherren eskutik kontserbadoreek boterea lortu zuten. Thatcherren agintaldian ekonomiaren lehentasuna industriatik finantza eta zerbitzuen sektorera pasatu zen. Enpresa estatal gehienak pribatizatu egin ziren. Ipar Itsasoan aurkitutako petrolioaren ondorioz, ikatzaren industria behin betiko desagertu zen, meatzariek egindako protesta ugariak izan arren. 1980ko hamarkadak hazkunde ekonomikoa ekarri zuen, klase ertaina burtsan inbertsioak egiten hasi zelako. 1991 eta 1992an krisialdi larri baina labur bat izan zen John Major lehen ministroaren agintaldian, baina 1992tik aurrera hazkunde handiko 16 urte izan ziren. 1997an Alderdi Laboristak hauteskundeak irabazi zituen, Tony Blairren gidaritzapean. Honek laborismoaren berritze bat ekarri zuen; merkatu askea onartu zuten, baina erreformak egin beharra azpimarratu zuten, ongizatea bermatzeko.
Eskozia eta Galesko autogobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XXI. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2014ko urriaren 16an, EBtik ateratzeko erreferenduma onartu zuen Erresuma Batuko Parlamentuak. Erresuma Batua Estatu kide izaten jarraitzea nahi baldin bazuen, EBk Londresekin zituen akordioak aldatu beharko zituen eta “mamitsua” zen zerbait barneratu beharko zuen, Atzerri ministroak adierazi zuenez[1].
Azaroaren 13an, HIESaren proba egitera deitu zituzten odontologo baten 22.000 paziente, izan ere, klinika “higiene arazoengatik” itxi zuten[2].
Azaroaren 26an, jihadistak Erresuma Batura itzultzea oztopatzeko lege proiektua aurkeztu zuen David Cameronek[3].
Azaroaren 28an, Europar Batasuneko mugimendu askatasunaren “gehiegikeriekin” bukatzeko migrazio-sistema “zorrotzago” bat eskatu zuen David Cameronek eta “eskaleak, maula-egileak eta komenientziazko ezkontzak egiten dituzten pertsonak” kanporatu nahi zituela ere esan zuen[4]. Sei hilabeteko epean lana aurkitzen ez zuena kanporatu nahi zuen eta baita laguntzak jasotzeko aukera gehienez lau urtez edukitzea[5].
Abenduaren 3an, Googleren irabaziak zergak edukitzeko lege bat egin zuen Erresuma Batuak[6].
Abenduaren 12an, arazo tekniko batek kaosa eragin zuen Erresuma Batuko aireko espazioan. Arazoa informatikoa izan zen eta hegaldiak atzeratu eta bertan behera utzi behar izan zituzten[7].
Abenduaren 15an, UKIPeko hautagai batek dimisioa aurkeztu zuen grabazio polemiko batzuengatik. Wouth Basildon eta East Thurrockeko zerrendetan joateko asmoa zuen[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «EBtik ateratzeko erreferenduma onartu du Erresuma Batuko Parlamentuak», EiTB, 2014-10-17
- ↑ «Hiesaren proba egitera deitu dituzte odontologo baten 22.000 paziente», EiTB, 2014-11-13
- ↑ «Jihadisten ustezko itzulera eragozteko lege proiektua aurkeztu du Cameronek», Berria, 2014-11-27
- ↑ «Migrazio-sistema 'zorrotzago' bat defendatu du Cameronek», EiTB, 2014-11-28
- ↑ Xabin Makazaga, «Muturreko neurriak proposatu ditu Cameronek immigrazioa mugatzeko» Berria, 2014-11-29
- ↑ «Googleren irabaziak zergapetzeko lege bat egin du Erresuma Batuak», Berria, 2014-12-04
- ↑ «Arazo tekniko batek kaosa eragin du Erresuma Batuko aireko espazioan», EiTB, 2014-12-12
- ↑ «UKIPeko hautagai batek dimisioa eman du grabazio polemiko batzuengatik», EiTB, 2014-12-15
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Info Britain.co.uk
- Erresuma Batuko dokumentu historikoak
- http://www.british-history.ac.uk
- Batasuneko Akta (1800)
- Act of Union virtual library
Europako historia herrialdearen arabera | ||
---|---|---|
Albania • Alemania • Armenia • Andorra • Austria • Azerbaijan • Belgika • Bielorrusia • Bosnia-Herzegovina • Bulgaria • Danimarka • Erresuma Batua • Errumania • Errusia • Eslovakia • Eslovenia • Espainia • Estonia • Finlandia • Frantzia • Georgia • Grezia • Herbehereak • Hungaria Estaturik gabeko nazioak: Bretainia • Eskozia • Euskal Herria • Flandria • Gales • Galizia • Irlanda • Katalunia • Korsika • Okzitania • Sardinia |