Bigarren Mundu Gerra
Bigarren Mundu Gerra 1939-1945 urteen artean mundu osoan hedatu zen gerra izan zen.[1] Munduko herrialde gehienek, tartean potentzia handi guztiek, aurkako bi aliantza militar osatu zituzten: Aliatuak eta Ardatza. Gerra egoera sortu zen, zuzenean 30 herrialdetako 100 milioi pertsonari eragin ziona. Parte-hartzaile handienek euren ekonomia, industria eta zientzia gaitasun osoa jarri zuten gerra irabazteko esfortzuaren alde, zibilen eta militarren baliabideen arteko muga lausotuz. Gizateriaren historian hildako gehien eragin duen guda izan da[2], munduko biztanleen % 2 hil baitzen (50 eta 85 milioi pertsona artean), horietako gehienak Sobietar Batasuneko eta Txinako zibilak. Gerra honen barnean sarraskiak, Holokaustoa bezalako genozidioak, bonbardaketa estrategikoak, planifikatutako gosete eta gaixotasunak izan ziren; historian bonba nuklearrak erabili diren gerra bakarra izan da[3][4][5][6].
Japoniak Asia eta Ozeano Barea kontrolatu nahi zituen, eta gerran zegoen Txinarekin 1937tik[7], nahiz eta ez zen egon gerra deklarazio formalik[oh 1] . Horregatik, Alemaniarekin batera borrokatu zuen Japoniak, zehatz mehatz Estatu Batuen aurka. Bigarren Mundu Gerra ofizialki 1939ko irailaren 1ean hasi zela esan ohi da, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, Frantziaren eta Erresuma Batuaren gerra deklarazioak ekarri zuena. 1939aren amaieratik 1941eko hasierara, kanpaina eta itun ezberdinen bidez, Alemaniak Europa kontinentalaren zatirik handiena konkistatu zuen, eta Italia eta Japoniarekin batera Ardatza eratu zuen. 1939ko Molotov-Ribbentrop Itunaren ondorioz, Alemaniak eta Sobietar Batasunak Polonia, Finlandia, Errumania eta Estatu baltikoak anexionatu eta banatu zituzten. Ipar Afrika eta Ekialdeko Afrikako kanpainen ostean, eta 1940aren erdialdean Frantziaren erorketarekin, gerrak Europako Ardatzeko potentzien eta Britainiar Inperioaren artean jarraitu zuen. Balkanetako Kanpainak, airez eman zen Ingalaterrako Gudua, Blitza eta Atlantikoko Guduak jarraipena eman zion gerrari. 1941eko ekainaren 22an Ardatzeko potentziek Bizargorri Operazioa abiatu zuten Sobietar Batasuna inbadituz, historia osoan zehar gerra batean egondako eremurik handiena irekiz. Ekialdeko Fronteak Ardatza geldotu zuen, batez ere Alemaniako Wehrmachta, erresistentzia gerra batean sartuz. 1941eko abenduan Japoniak Pearl Harborko erasoa egin zuen Ameriketako Estatu Batuen eta Europar kolonien aurka. Erasoaren ondorioz AEBk gerra deklaratu zion Japoniari, Erresuma Batuaren babesarekin; Europako Ardatzek AEBren aurkako gerra abiatu zuten, Japoniar aliatua babesteko helburuarekin. Japoniak Ozeano Barean arrakasta azkarra izan zuen, kolonia askotatik Europa kenduz; armada lokal askok Japonia babestu zuten dominazio honetatik askatzeko.
Ardatzak aurrera egin zuen Ozeano Barean ahalik eta 1942an Japoniak Midwayko Gudua galdu zuen arte; beranduago, Alemania eta Italiak porrota izan zuten Ipar Afrikan eta, ondoren, Stalingradeko Guduan Sobietar Batasunean. 1943an Alemaniak porrot gehiago izan zituen Ekialdeko Frontean, Aliatuek Sizilia eta Italia inbaditu zituzten eta Ozeano Barean hainbat garaipen izan zituzten, Ardatza erretiratze estrategikora bultzatuz. 1944an Mendebaldeko Aliatuek Alemaniak okupatutako Frantzia inbaditu zuten, Sobietar Batasunak bere lurralde osoa berreskuratu zuen eta Alemania eta bere aliatuen aurka ekin zion. 1944 eta 1945 bitarte Japoniak porrot garrantzitsuak izan zituen Asian, bereziki Txinako Hegoaldean eta Erdialdean zein Birmanian, Aliatuek Pazifikoan Japoniako Itsas-armada murrizten zuten bitartean.
Gerra Europan Mendebaldeko aliatuek eta Sobietar Batasunak Alemania inbaditu zutenean amaitu zen, Sobietar tropek Berlingo guduan garaitu, Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin eta 1945eko maiatzaren 8an Alemaniaren errendizioa sinatu zuenean. Aliatuek 1945eko uztailaren 26an Potsdameko Adierazpena sinatu zuten, baina Japoniak ez zituen errenditze-terminoak onartu; Ameriketako Estatu Batuek, orduan, Hiroshima eta Nagasakiren gainean bi bonba nuklear jaurti zituzten, abuztuaren 6an eta 9an. Japoniaren inbasioa gertu zen, bonba atomiko gehiago eror zitezkeen eta Sobietarrak Japoniaren aurka gerran sartu ziren Mantxuriako Guduan, Japonia errenditzera behartuz 1945eko abuztuaren 15ean. Gerra krimenak epaitzeko epaitegiak eratu zituzten Aliatuek, eta Alemaniaren eta Japoniaren aurkako epaiketak egin ziren.
Bigarren Mundu Gerrak munduaren egitura politikoa eta soziala guztiz eraldatu zuen. Nazio Batuen Erakundea sortu zen nazioarteko kooperazioa bultzatzeko eta etorkizunean gatazka berriak egotea ekiditeko; Txinak, Frantziak, Sobietar Batasunak, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua osatu zuten, kide egonkor gisa. SESB eta AEB bilakatu ziren superpotentzia etsai berriak, mende erdi iraun zuen Gerra Hotza piztuz. Europaren suntsiketa erraldoiaren aurrean, euren boterearen gainbehera etorri zen, Afrikaren eta Asiaren deskolonizazioa piztuz. Industria kaltetuta ikusi zuten herrialde gehienek berreskurapen ekonomikoa ikusi zuten. Integrazio politikoa, bereziki Europan, errealitate berri bat izan zen, gerra aurreko etsaitasunetik identitate komun bat sortzeko ahaleginarekin[8].
Aurrekariak
aldatuEskuarki, Bigarren Mundu Gerrako azken kausatzat Alemaniak Polonia inbaditzea eta Japoniak Ozeano Bareko hainbat punturi (AEBei eta kolonia britainiar zein herbeheretarrei) eraso egitea jotzen dira. Nolanahi ere, gerrara eraman zuen bidea luzeagoa izan zen.
Europan
aldatuLehen Mundu Gerrak erradikalki aldatu zuen Europako mapa politikoa. Alde batetik, Erdialdeko Inperioen gainbehera eman zen, Austria-Hungaria deseginez, Alemaniar Inperioaren ordez Weimarko Errepublika errepublika sortuz, eta Otomandar Inperioa desegin eta Turkia sortuz. Errusiar Iraultzaren amaieran Urriko Iraultza eman zenean Boltxebikeek hartu zuten boterea Errusian, ondoren Sobietar Batasuna sortuz. Bitartean, Lehen Mundu Gerrako Aliatuek, tartean Frantzia, Belgika, Italia, Errumania edo Grezia, lurraldea irabazi zuten, eta nazio-estatu berriak sortu ziren Europa osoan zehar.
Mundu gerra berri bat ekiditeko, Nazioen Liga sortu zen 1919ko Parisko Bake Biltzarrean. Erakunde honen helburu nagusiak segurtasun kolektiboaren bidez gatazka armatuak ekiditea, desarmatze militar eta nabala eta nazioarteko gatazkak ekiditeko negoziazioa eta arbitrajea ezartzea ziren[9].
Lehen Mundu Gerraren ostean sentimendu bakezalea orokortu zen arren[10], irredentismoa eta errebantxismoan oinarritutako nazionalismoak ugaritu ziren Europako hainbat herrialdetan. Sentimendu hau bereziki garrantzitsua izan zen Alemanian. Versaillesko Itunean, herrialde garaileek zigor ekonomiko eta politiko larriak ezarri zituzten herrialde garaituen gainean. Alemanian, jende askoren ustez bidegabekeriak eta umilgarriak izan ziren. Itun horren ondorioz, Alemaniak bere lurraldearen %13 inguru galdu zuen eta itsasoz-haraindiko lurralde guztiak, espresuki debekatu zitzaion beste lurralde batzuk anexionatzea, kalte-ordainak ezarri zitzaizkion eta herrialdeak izan zezakeen armadaren tamaina mugatu zen.[11]. Agintariak zigor horiek arrazoizko egoerara eramaten saiatu ziren arren, 1929ko krakak eragin zuen krisialdia zela medio[12], ahalegin horiek guztiak alferrikakoak izan ziren.
Alemaniar Inperioa Azaroko Iraultzaren ondorioz desegin zen, gobernu demokratiko bat sortuz, beranduago Weimarko Errepublika gisa ezagutuko zena. Gerra arteko garai honetan errepublika berriaren defendatzaileek aurkari zuzenak izan zituzten ezker politikoan zein eskuin politikoan. Bitartean, Aliatuen parte izan zen Italiak lurralde batzuk eskuratu zituen; hala ere, Italiar nazionalismoa haserre zegoen, Erresuma Batuak eta Frantziak Italia gerran sartzeko egindako promesak ez zirelako bete. 1922 eta 1925 bitartean Benito Mussolinik gidatutako mugimendu Faxistak boterea eskuratu zuen Italian, agenda nazionalista, totalitario eta klase-kolaborazionistarekin, demokrazia ordezkatzailea deseginez, sozialismoaren, ezkerreko alderdien eta liberalen aurkako errepresioa bultzatuz, eta politika espantsionista indartsu batekin, Italia mundu mailako potentzia batean bilakatzeko asmoz, eta Erromatar Inperio Berria proposatuz[13].
Alemanian, zilegitasun txikiko errepublika horretan, krisialdi ekonomikoan itota, jende askok sistemaren kontrako alderdietara jo zuen. Arrakastatsuena Adolf Hitlerren alderdi nazia (NSDAP) izan zen. Hitlerrek 1933ko urtarrilaren 30ean hartu zuen boterea Alemanian. Mein Kampf (Nire borroka) liburuan adierazi zuen bezala, bere helburua Versaillesko Ituna iraultzeaz gain, Alemaniarako etorkizun loriatsua eta oparoa lortzea zen. Horretarako, Alemaniaren inguruko lurraldeak (Lebensraum - Bizitzeko tokia) konkistatu eta alemaniar bihurtu nahi zituen.
Adolf Hitlerrek Municheko Putscha egin zuen 1923an gobernua kanporatzeko, baina ez zuen lortu; hamar urte beranduago Alemaniako Kantziler berria izatea lortu zuen. Demokrazia ezeztatu zuen eta Ordena Berria ezarri zuen, arrazan oinarritutako erreforma erradikal bat; laster hasi zen Alemaniaren berrarmatzearekin[14]. Bitartean, Frantziak bere aliantzak segurtatu nahi zituen, eta Italiari baimena eman zion Etiopian esku-hartze osoa izatea, Italiar kolonialismoa areagotuz. Egoera okerrera egin zuen 1935aren hasieran, Sarreko arroaren lurraldea Alemaniarekin legalki batu zenean, Hitlerrek Versaillesko Ituna errefusatu zuenean, bere berrarmatze programa azkartu zuenean eta soldaduzka berriro ere sartu zuenean[15].
Asian
aldatuVersalleseko Hitzarmenean botere kolonial gisa harturik, Japoniako politiko eta militar askok Asia konkistatzeko eta batzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Hori zela eta, Mantxuria 1931n eta Txina 1937an inbaditu zituen Japoniak.
Bigarren Txina-Japonia Gerra hori 1937ko uztailaren 7an hasi zen hain zuzen ere. 1931tik bere menpe zegoen Mantxuriatik eraso zuen Japoniak. Lehengo aurrerapenak Shangai hirian moteldu ziren, nahiz eta abendurako japoniarren eskuetan erori. Nanjing hiriburua ere hartuta, txinatar nazionalistek Chongqingera mugitu zuten gobernua gerra bukatu arte. Nanking hirian egundoko sarraskia burutu zuten japoniarrek, hilabetean 300.000 lagun garbitu baitzituzten.
Ameriketako Estatu Batuen eta Erresuma Batuen erreakzioa Txinari (Kuomintangi hain zuzen ere) laguntza ekonomiko eta militarra igortzea izan zen. 1940tik aurrera, Japoniaren aurkako enbargoa ere ezarri zuten abian.
Enbargoari aurre egiteko, Asia eta Ozeano Barean lurralde berriak inbaditu zituen Japoniak, Frantziak, Herbehereak, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak Europako gerra beste kezkarik ez zutelakoan, eta AEBek, gerrarako prest egon gabe, akordioa bilatuko zutelakoan. Japoniako agintariek adierazi zuten bere asmoa Ekialdeko Asia Elkarren Kooperazio Gunea sortzea zela, Europako menpe inperialistatik askea.
AEBak gerran sartzera eraman zituen kausa zuzena Pearl Harborren erasoa izan zen, 1941eko abenduaren 7an. Lau egun geroago Alemaniak gerra deklaratu zien AEBei. Sobietar Batasunaren aurka 1939ko udaberrian baino ez zuen Japoniak jardun. Mongolian egin zuten topo. Japoniako hazkundea Ekialde Urrunean mehatxutzat jo zen Moskun. Japoniako erasoa atzera eraman zuten sobietarrek, Georgi Zhukov jeneralaren agindupean. Horren ostean, bakeak iraun zuen bi estatuen artean. Historialari batzuen arabera, bi fronteko gerraren beldurrak bultzatu zuen Sobietar Batasuna Alemaniarekin akordioa sinatzera.
Gerraren garapena
aldatu1939: Gerraren hasiera Europan
aldatuPoloniaren inbasioa
aldatuEuropan gerra 1939ko irailaren 1ean hasi zen, Alemaniak Poloniari eraso egitean. Hitlerren asmoak Danzig hiri askea (non alemaniarrak eta poloniarrak bizi ziren) menderatzea eta hiri hau Alemaniarekin lotzeko korridorea lortzea izan ziren. Nazioarteko komunitatearen aurrean, mugan aldez aurretik prestatutako gatazka erabili zuen. Irailaren 3an, Erresuma Batuak zein Frantziak gerra deklaratu zioten Alemaniari. Erresuma Batuak itsas blokeoa ezarri arren, ez Londresek ez Parisek ez zuten Alemania inbaditzeko gogo sendorik erakutsi.[16] Frantzia, motel mugituta, Sarren burutu zuen eraso txiki bat. Poloniari laguntzeko troparik ez zuten igorri.
Bitartean, Polonian, armada alemaniarrak Blitzkrieg edo Tximista Gerra burutu zuen. Estrategia militar horretan, hegazkineriak gogor bonbardatu ondoren, lurreko armadak, batez ere gerra-gurdiek, ustekabean egiten du eraso. Alemaniarrek hiri eta gune estrategikoak hartuta, armada poloniarrak, lurraldean sakabanatuta eta elkarrekin bat egin gabe, pixkanaka pixkanaka amore eman zuen. Varsovia irailaren 27an erori zen, eta azken tropa poloniarrak urriaren 6an errenditu ziren.
Irailaren 17an, Alemaniarekin hitzartutako akordioari eutsita, Sobietar Batasunak ekialdetik eraso zion Poloniari. Bigarren frontea irekian, Poloniako defentsak amildu ziren. Hurrengo egunean Poloniako presidenteak eta aginteko komandanteak herrialdea utzi zuten. Polonia, berriz, ez zen ofizialki errenditu. Aldameneko herrialdeetan babestu ziren armadaren apurrak, eta Polonian barnan, erresistentzia gogorra sortu zen.
Horren ostean, 1939-1940ko neguan Alemaniako armadak biltzen ziren bitartean, Frantziak eta Erresuma Batuak ez zuten erasorik egin. Kazetari batzuek “Phoney war”, “Sitzkrieg” edo Gerra Faltsua deitu zioten epe horri, hain eskasa zen buruz buruko borroka.
Neguko Gerra
aldatuNegu horretan, 1939ko azaroaren 30ean hain zuzen ere, Sobietar Batasunak Finlandiari eraso zion. Sobietar Batasuneko armada Finlandiakoa halako lau zen arren, Armada Gorria lotsagarri gelditu zen aurrera egiteko orduan. Finlandiako defentsak herrialde osoko inbasioa saihestu zuen, nahiz eta, azkenean, sobietarrek garaitu eta Finlandiak Leningrad inguruko eremu estrategikoak eman behar izan. Nolanahi ere, Armada Gorriaren ahalmena zalantzan jarri zen Europako kantzelaritza askotan, tartean Berlinen.
Sobietar Batasunak, Molotov-Ribbentrop itunaren azpian, 1940ko ekainean Estonia, Letonia eta Lituania herrialdeak okupatu zituen, baita Errumaniako Besarabia eta Ipar Bukovina eskualdeak ere.
1940: Gerraren hedapena
aldatuNorvegia eta Danimarkaren inbasioa
aldatu1940ko apirilaren 9an hasi zen naziek burututako Danimarka eta Norvegiaren kontrako erasoa. Alemaniarrek, alde batetik, Suediako burdin hornidurak ziurtatu nahi zituen, Alemaniara Narvik portu norvegiarretik baitzekarten. Baina beste alde batetik, horrela Norvegia ez aliatuen eskuetara eroriko, Alemaniako portuen aurkako enbargoa indartzeko asmoa izanez gero. Danimarkaren balio estrategikoa ez zen hain handia, baina herrialde horretako kaietatik aise iristen zen Norvegiara.
Danimarka berehala errenditu zen, armada alemaniarrari aurre egitea alferrik zelakoan, alferrikako odol-jarioa saihestu nahi baitzuen. Hori zela eta, nazien okupazioa arina izan zen, beste herrialdeek nozitu zutenaren aldean bederen. Danimarkako instituzioek, hein handi batean, autonomia gorde ahal izan zuten, eta juduen deportazioa atzeratu zen. Nolanahi ere, esku zabaleko joera hau 1943an amaitu zen, Stalingrad eta El Alamein porroten ostean okupazioaren kontrako protestak eta istiluak hedatu baitziren, eta, nazien ustez, Danimarkako gobernuak ez zituen behar bezain gogor itzaltzen.
Norvegiako inbasioa korapilatsuagoa izan zen. Portuak hiru egunetan okupatu arren, armada norvegiarra barnealde menditsuan babestu zen, naziei aurre egiteko prest. Gainera, Erresuma Batuak zein Frantziak hainbat dibisio igorri zituzten laguntza ematera. Hala ere, aliatuen egoerak okerrera egin zuen, eta apirilaren 28an, britainiarrek Norvegiaren hegoaldetik alde egiteko erabaki zuten. Maiatzaren 28an aliatuek Narvik iparraldeko portua hartu bazuten ere, Frantziako inbasioarekin batera, aliatuen lehentasunak irauli ziren. Ekainaren 8an, portuko instalazioak suntsitu ondoren, Norvegiako iparraldetik atera ziren tropa aliatuak. Azkenean, Norvegia, ekainaren 10ean, errenditu zen.
Frantziako bataila
aldatuPoloniako inbasioa burututakoan, naziak Frantziaren kontrako borroka prestatzen hasi ziren. Euren egitasmoa zen Belgika eta Luxenburgo artean dagoen Ardenak izeneko lurralde oihantsuan armadaren multzo nagusia kokatzea, gerra gurdiek zeharkatu ezin izango zutelakoan, zakar defenditu baitzuten aliatuek. Horretarako, naziek Herbehereak, Belgika eta Luxenburgo herrialde neutralak inbaditu behar izango zituzten.
Erasoa 1940ko maiatzaren 10ean hasi zen, alemaniarrek aurreikusi zuten bezala. Ardenetan zeharkako ibilaldia sumatu gabe, 12an Mosa ibaian, Sedandik hurbil, saiatu ziren frantziarrak alferrik inbaditzaileak geldiarazten. Frantziako iparralde osan egin zuten aurrera, Mantxako kanalera iritsi arte (maiatzaren 20a). Honela, aliatuen armadaren zati handi bat Belgikan geratu zen inguratuta. Gainera, atzera egitearen ondorioz, Dunkerque eskala masiboan hustu behar izan zuten aliatuek: maiatzaren 26tik ekainaren 3 arte, 338.226 soldadu atera zituzten Frantziako kostaldetik.
Ekainaren 5ean, Parisa jo zuten alemaniarrek geldiezin. Frantziaren porrota saihestezina zela ikusita, Mussoliniren Italiak probestu zuen ekainaren 10ean Frantziari gerra deklaratzeko. Ekainaren 14ean Parisen sartu ziren naziak. Armistizioa ekainaren 22an sinatu zuten Frantziak eta Alemaniak. Alemaniaren menpean Frantziako iparraldea eta mendebaldeko kostaldea geratu zen. Horren hegoaldean, gobernu kolaboratzailea eratu zen, zeinek Vichy zuen hiriburua eta Philippe Petain gobernuburua. Haien aurrean, Charles de Gaulle jenerala zegoen, Erresuma Batuko herbestetik “Frantzia Askea”ren buruan, Vichyko gobernua onartu gabe.
Ingalaterrako Gudua
aldatuFrantzia garaituta eta Erresuma Batuko armadaren hornigai eta arma gehienak Dunkerquen galduta, Hitlerrek uste zuen Erresuma Batua errenditzekoa zela. Nolanahi ere, Winston Churchill buru zuen gobernu britainiarrak borrokatzen jarraitzea erabaki zuen, bakarrik bazen ere. Beraz, alemaniarrak Itsas Lehoi izenpean Bretainia Handiaren inbasioa prestatzen hasi ziren. Itsas armada britainiar boteretsua menderatuko ez zutelakoan, airean nagusitasuna lortzea ezinbestekotzat jo zen zen, eta, hortaz, hegazkineria hutsezko Ingalaterrako bataila borrokatu zen.
1940ko udan burututa, Alemaniako hegazkineria (Luftwaffe) Britainia Handiko aireportuak eta radar estazioak bonbardatzen hasi zen. Nolanahi ere, hegazkineria britainiarra (RAF), pilotu gutxiago edukita ere, espero baino kementsuago aritu zen. Emaitza argirik gabe eta Berlinen jasandako bonbardaketei adinako erantzuna eman nahian, Hitlerrek Londresen bonbardaketa (Blitz) agindu zuen. Hala ere, RAF nagusitu zen azkenean, Mantxako kanala kontrolpean edukita. Irailaren 17an, Erresuma Batuko inbasioa atzeratu zuen Hitlerrek, eta hasiera batean hurrengo urterako egitekoa bazen ere, azkenean ez zen berriro burutu.
Italiako erasoak
aldatuMussolini ere ez zen geldirik geratu. 1940ko irailaren 13an, Libiako kolonia italianarretik Egipto (Erresuma Batuko kolonia) eraso zuten. Estrategikoki, oso gune garrantzitsua zen, Suezko kanalari esker ekialdeko Commonwealtheko herrialdeek (Indiak, Zeelanda Berriak edo Australiak besteak beste) hornigaiak eta armak garraiatu ahal izaten zituzten Britainia Handira. Italiarrek mendebaldeko eskualde txikia okupatu ahal izan zuten, Sidi Barrani hiri egiptoarrean defentsak paratuta. Alabaina, abenduaren 9an, britainiarrek kontraerasoa burutu zuten. Italiarrek El Agheila (Libia) hirira egin behar izan zuten atzera.
Urriaren 28an, Greziaren kontra jardun zuen Italiak, Albaniako baseetatik eraso eginda. Hala ere, armada greziarrak ofentsiba geldiarazteaz gain, kontraerasoa ere burutu zuen, eta Albaniako hegoaldeko hainbat hiri hartu zituen. Neguarekin batera, dena den, borroka gelditu zen.
1941: Mundu gerra bihurtuta
aldatuIpar Afrikako kanpaina
aldatuItaliako armadaren porrota zela medio, Hitlerrek errefortzuak bidali behar izan zituen ipar Afrikara. 1941eko otsailean, Afrika Korps izenpean lehenengo tropa alemaniarrak iritsi ziren Libiara, Erwin Rommel jeneralaren agindupean. Hasiera batean, arerioen erasoen aurrean egoera gordetzeko agindua baino ez zeukan Rommelek. Baina erresistentzia ahula jaso zuela ikusita, erasoari ekin zion, britainiarrak Egiptoko mugaraino eraman arte. Hainbat alferrikako kontraerasoren ostean, abenduaren 18an, britainiarrek Gurutzatu Operazioa (Operation Crusader) burutu zuten, non udaberrian galdutako lurralde osoa berreskuratu zuten.
Balkanetako kanpaina
aldatuSobietar Batasunari eraso egin baino lehen, Hitlerrek uste zuen hegoaldea menpean edukitzea ezinbestekoa zela. Hau da, Italia eta Greziaren arteko gatazka bukatu behar zen. 1940-41eko neguan, Hungaria, Errumania, Bulgaria eta Jugoslaviako gobernuekin negoziatu zuten alemaniarrek Ardatzarekin bat egiteko. Alabaina, 1941eko martxoaren 27an, Jugoslavian Ardatzaren aurkako estatu-kolpe bat burutu zen, eta, hortaz, Greziaz gain Jugoslavia ere jarri zuten jomugan.
1941eko apirilaren 6an tropa alemaniarrek, italiarrek eta hungariarrek batera Jugoslavia eta Greziaren kontra egin zuten. Britainiarrek Greziari laguntza luzatu arren, Ardatzeko aurrera egitea geldiezina zen. Jugoslavian, gainera, erresistentzia ez zen oso gogorra izan. Belgrado, hiriburua, apirilaren 12an hartu zuten, eta herrialdea apirilaren 17an errenditu zen.
Grezian ere Ardatzeko erasoa azkarra eta eraginkorra izan zen. Hilabetearen bukaerako, nazien menpea zegoen jada. Maiatzaren 20an, alemaniarrak Kretaren aurkako erasoari ekin zioten. Ekainaren 1erako guztiz okupatuta zegoen. Luftwafferen nagusitasunaren aurrean, RAF britainiarrak hornigaiak eta pertsonak Egiptora garraio zituen, hurrengo borroketarako gorde nahian.
Alemaniarren garaipena bizkorra eta zalantzarik gabekoa izan arren, Balkanetako kanpainak bost aste atzeratu zuen Bizargorri Operazioa, Sobietar Batasunaren inbasioa alegia.
Sobietar Batasunaren inbasioa
aldatu1941eko ekainaren 22an, Napoleonek aukeratutako egun berean, hasi zen Bizargorri Operazioa. Ustekabean harrapatu zuten Mosku, nahiz eta erasoa egunen batean espero. Izan ere, Molotov-Ribbentrop itun sekretua zela eta (1939ko abuztuan sinatua), SESB eta Alemania aliatuak ziren.
Erasoa hiru frontetan zegoen antolaturik: lehenengoa iparraldera begira, Leningradera; bigarrena, Moskuko bidera; eta hirugarrena, Donetsk industria eskualdera eta Kaukasoko petrolio zelaietara. Adolf Hitlerren asmoa Armada Gorria Bielorrusia eta Ukrainako lautadetan ixtea eta azkar garaitzea zen. Gero, Sobietar Batasunako alde europarra okupatu nahi zuen, Ozeano Artikotik Kaspiar Itsasoa arte. Horretarako, 140 dibisio prestatu zituzten alemaniarrek, guztira 3.200.000 soldadu, 625.000 zaldi, 7.100 kainoi, 3.300 gerra-gurdi eta 2.770 hegazkin. Hainbat aliatuk, Italiak, Hungariak, Errumaniak edo Bulgariak dibisioak ere erantsi zituzten. Armada Gorriak, beste aldetik, 134 dibisio zituen: 2.500.000 soldadu, 24.000 gerra-gurdi eta 8.000 hegazkin. Zalantzarik gabe historiak operazio militarrik handiena.
Estraineko asteetan alemaniarren aurrerapena bizkorra eta eraginkorra izan zen. Iparraldean, Baltikoko estatuak okupatuta, Leningradeko setioa irailaren 8an hasi zen (1944ko urtarrilera arte irautekoa zen). Erdialdean, Bielorrusia osoa azpiratuta, Smolensk uztailaren 16an hartu zuten. Hegoaldean, berriz, Ukrainan zeharkako martxa uste baino motelagoa izan zen. Hori zela eta, Hitlerrek erdialdeko fronteko tropei gelditzeko agindu zien, hegoaldekoei lagun ziezaieten. Jeneral alemaniar gehienak ez zatoz bat egitasmo horrekin, Mosku jomuga nagusitzat hartzen baitzuten. Azkenean, behin Kiev hartuta, irailaren 19an, Moskuraino jarraitzeko agindua eman zen. Nolanahi ere, ekialdeko frontean eguraldi txarra hasi zen, eta alemaniarren aurrerapena motelduta suertatu zen. Gainera, hirira hurbildu ahala, sobietarren erresistentzia gero eta gogorrago bilakatu zen. Naziak Kremlindik 30 kilometrora iritsi ziren, baina ez haratago. Abenduaren 5ean, Hitlerrek geldialdi orokorra agindu zuen, hurrengo udaberrian ekitzeko asmotan.
AEBen sarrera
aldatuJaponia eta Txinaren arteko gerrak, 1940rako, ez zuen ez aurrera ez atzera egiten. Irailaren 22an, Frantziako Indotxinaren iparraldeari eraso zion Japoniak. Mendebaldeko botereekiko harremanak gaiztotu ziren azken urteotan, AEBek, Erresuma Batuak eta Herbehereek petrolio eta beste hornigaien salmentetan enbargoak ezarri baitzizkioten Japoniari.
Abenduaren 3an, Japoniako Egoitza Nagusiak baimendu zion Yasuji Okamura jeneralari Ekialdeko Asian gerra orokorra hedatzeko. Horrela, Hong Kong, Filipinak eta Britainia Handiko hainbat kolonia (Malaia, Borneo eta Burma) konkistatu zituzten japoniarrek, petrolio zelaiak bereganatu nahian. Commonwealtheko herrialdeen erresistentzia gorabehera, leku horiek guztiak japoniarren eskuetara erori ziren hilabete gutxiren buruan. Erresuma Batuko 80.000 kide inguru atxilotuta, kontzentrazio-zelaietara bidali zituzten. Churchillen ustetan, Singapurreko porrota historia britainiarraren umiligarrienetakoa izan zen.
Abenduaren 7an, Thailandia, Malasia eta Hong Kongekin batera, Japoniak Hawaii irletan kokatutako AEBetako Pearl Harbor itsas baseari ere eraso egin zion. Amerikarren galerak gogorrak izan ziren: hildakoen kopurua 2.400ra hurbiltzen da, gerraontzi asko kaltetuta suertau ziren eta baseko hegazkineria gehiena suntsituta. Nolanahi ere, erasoaren jomuga nagusia izan ziren lau hegazkin-eramaileak salbatu ziren, basean ez zeudelako. Gainera, Pearl Harborko portuko kalteak aise konpondu ziren, eta erregai biltegiak, ezinbestekoak itsas armada hankamotz ez ibiltzeko, ukitu gabe utzi zuten. Hurrengo egunean, abenduaren 8an, AEBek eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Japoniari. Abenduaren 11n, Alemaniak AEBei deklaratu zien gerra, nahiz eta Japoniarekin hitzartutako akordioaren arabera beharrezkoa ez izan. Honela, mundu gerra bihurtu zen.
1942: Ez aurrera ez atzera
aldatuIpar Afrikako kanpaina
aldatuGurutzatu Operazioa zela eta, Afrika Korpsek atzera egin behar izan ostean, bazirudien alemaniarren porrota erabatekoa zela. Nolanahi ere, Ekialde Hurbileko hainbat gatazkak Ipar Afrikatik tropa batzuk eramatera behartu zituzten britainiarrak. Bitartean, Ardatzak hornigai bidaltzeari ekin zion berriro Tripolitik.
Rommelek, orduan, 1942ko urtarrilaren 21ean bigarren erasoa jarri zuen martxan. Gazalaraino eraman zituzten aliatuak, eta horren ostean, Egiptoraino, non Alam Halfa bataila burutu zen (uztailaren 1tik 27 arte). Alemaniarren aurreratzea geldiaraztea lortu arren, tropa eta mota guztietako hornigaiak igorri zituzten aliatuek, porrotak ekar litzakeen ondorioen beldurrez.
Gainera, Bernard Montgomery 8. armada britainiarraren buru izendatu zuten. Urrian iritsita, soldaduen kopuruaren aldetik aliatuen nagusitasuna jadanik agerikoa zen. Urriaren 23tik azaroaren 4 arte El Alamein bataila burutu zen, non aliatuek garaipen osoa eta erabakigarria eskuratu zuten. Afrika Korpsetik geratzen zen apurra Libia eta Tunisia aldera abiatu zen ihesean.
Azaroaren 8an Suziri Operazioa (Operation Torch) burutu zuten aliatuek (AEBek eta Erresuma Batuak batik bat) Aljeria eta Maroko gaineko kontrola beregatu nahian, Casablancan, Oranen eta Aljerian batera lehorreratuta. Gainera, alemaniarrei erretaguardiatik eraso egitea espero zuten, Ipar Afrikako kanpainia azkar amaitzeko. Aljeria eta Moroko Vichyko Gobernuaren mendean egon arren, oso erresistentzia urria erakutsi zuten, eta berehala Henri Giraud jeneral frantsesaren aginpean geratu ziren. Ondorioz, Hitlerrek Vichy Gobernuko Frantzia okupatu zuen.
Tunisiako tropa alemaniarrak zein italiarrak inguratuta geratu ziren aliatuek mendebaldetik eta ekialdetik aurrera egiten baitzuten. Abendurako Ardatzako egoera larria zen oso, baina eskarmentu txikiko tropa estatubatuarrak garaituta (Kasserineko igarobideko bataila, 1943ko otsailaren 19tik 25 arte), uste baino luzeago iraun zuen alemaniarren erresistentziak. Azkenean, aliatuen nagusitasunak, bai hornigaien aldetik bai soldaduen aldetik, Ardatzaren porrota ekarri zuen, eta 1943ko maiatzaren 13an, 250.000 soldadu alemaniarrak eta italiarrak errenditu ziren.
Ekialdeko Frontea
aldatu1941-42ko neguan, Sobietar Batasunak Mosku inguruko lurralde pixka bat berreskuratu ahal izan zuen, baina ezin izan zuten gehiagorik alemaiarrak atzera eragin, Stalinek nahi zuen bezala. Eguberrian, frontea egonkortu zen, bi aurkariek udako erasoa prestatzen zuten bitartean.
Hitlerrek aurreko urteko helburua aldatu zuen, eta Kaukaso aldeko petrolio zelaiak hartzen ahalegindu zen. Honela, sobietarrak erregai horniketarik gabe utzi nahi zituen, eta bide batez, petrolioa lortzeko alemaniarrek zeuzkaten arazoak konpondu. Bere egitasmoa Itsaso Beltza eta Kaspio eta Kaukaso Mendilerroaren artean dagoen eskualdea hartzea zen. Bitartean, armadako beste zati bat Volgan gora joatekoa zen, Stalingraderaino, alemaniarren aurreratzea babestu ahal izateko.
Erasoa 1942ko ekainean hasi zen, eta abenduan amaitu zen Groznin, petrolio-zelaietatik hurbil, zeren, ironikoki, Alemaniako gerra-gurdiak erregairik gabe geratu baitziren. Gainera, alemaniarrek sortu zuten frontea luzeegia zen, sobietarren kontraerasoetatik babesik gabe. Honela, atzera egiteari ekin zioten, hasieran motel, baina bueltarik gabe.
Volgara abuztuaren 20an iritsi ziren alemaniarrak. Stalingraden aurkako erasoa segituan hasi zen. Stalinek hiria kosta ahala kosta defendatu behar zela agindu zuen. Horrela, hiru hilabetez, kalez kale borrokatu zen, sobietarren defentsek atzera egiten zuten bitartean. Hala ere, azaroaren 19an kontraerasoa jarri zuen Armada Gorriak, zeinek Alemaniako 6. Armada hirian inguratuta utzi zuen. Hitlerrek ez zuen ihes egitea baimendu, okupatutako lurraldea uzteak tropen nahigabea eragiten zuelakoan. Setioa apurtzeko kanpotik egin ziren ahaleginei eutsi zieten sobietarrek. Hilabete horietan, setiatutak airez hornitu zituzten, baina behar baino arma eta janari gutxiagoa jasotzen zuten, eta, urtearen bukaerako, kinka benetan larria zen Stalingradeko alemaniarrena.
Ozeano Bareko Frontea
aldatuJaponiako Inperioa Asiako Hego-Ekialdean eta Ozeano Barean hedatu zen 1942ko erdialdera arte. Pearl Harboren erasoaren hurrengo sei hilabeteetan ia-ia helburu guztiak lortuta zituzten. Bere itsas armadak aski ongi zirauen eta AEBetako gerraontzi gehienak kaltetuta edo ondoratuta zeuden. Erresuma Batuko zein Herbehereetako itsas armadak ere suntsituta zeuden, eta Australiakoa kaietara itzuliarazia zen. Hala ere, aliatuen armadek hiru eremutan (Midway, Ginea Berria eta Guadalcanal) geldiarazi zuten.
Bere nagusitasunean konfidaturik, japoniarrek Midway uhartera bidali zuen itsasarmadaren zati bat, AEBei geratzen zitzaizkien gerraontziak borrokara erakartu nahian. Ekainaren 5ean, Japoniako hegazkin-eramile hoberentako lau hondoratu zituzten estatubatuarrek, haietako baten ordainetan. Arrakasta itzel honek Ozeano Bareko fronteari buelta eman zion. AEBetako arma eta gerraontzi ekoizpena Japoniakoa baino askoz boteretsuagoa zen, eta Japoniarrek ez zuten berriro horren alde handia izan.
Ginea Berrian, Japoniako helburua Port Moresby hartzea zen, Australiari eraso egin ahal izateko. Nolanahi ere, euren egitasmoak bitan zapuztu zituzten aliatuek. Lehenengoan, Koral Itsasoko guduan (maiatzaren 4-8) estatubatuar tropek japoniarren lehorreratzea galarazi zuten. Bigarrenean, Kokoda batailan (abuztu eta irailean) oihanean elkarren kontra borrokatu ziren. Port Moresbytik 50 kilometrora iritsi ondoren, hornigai eta errefortzuen faltak atzera eragin zituen japoniarrak.
Guadalcanal uhartea 1942ko uztailean hartu zuten japoniarrek. Amerikarrak abuztuaren 7an iritsi ziren, eta, hortik aurrera, lur, ur eta aire borroka gogorrak suertatu ziren. Bajen erritmoari eutsi ezinean, 1943ko urtarrilean irla husteko agindu zen. Porrot hauen ostean, japoniarrek eraso egiteko gaitasuna galdu zuten, okupatutako lurraldeak defenditzera mugatuta.
1943: Norabide aldaketa
aldatuItaliako kanpaina
aldatuIpar Afrikako kanpainia bukatutzat jota, aliatuek Italia inbaditzeko deliberoa hartu zuten. Siziliatik hasita, 1943ko uztailaren 10ean lehenengo tropa britaniarrak eta estatubatuarrak lehorreratu ziren. Hilabete baten buruan irla bere menpe zegoen. Horren aurrean, Vittorio Emanuele III.ak, Italiako erregeak, Mussoliniren atxiloketa agindu zuen, Pietro Badoglio mariskala bere karguan ordezkatzeko. Italiako gobernu berria berehala bake-elkarrizketetan hasi zen aliatuekin, nahiz eta sekretupean gorde ziren Hitlerren beldurrez. Irailaren 3an, Italia ofizialki errenditu zen.
Egun berean, aliatuek Messinako itsasartea zeharkatu zuten, Calabriako penintsulan gora. Dena den, aliatuen indar nagusia irailaren 9an lehorreratu zen, Salernotik hurbil. Ordurako, italiarren traizioaz ohartuta, armada alemaniarrak Italia okupa zezan eta armada italiarra desarma zezan agindu zuen Hitlerrek. Bitartean, paraxutista alemaniarrek Mussolini askatu zuten, Milan hiruburua zuen Ipar Italiako Estatu Faxista eratu ahal izateko. Italiako hegoaldetik atzera egitean, defentsa fronte bat (Gustav Marra) osatu zuten Cassino hiriaren inguruan, Erromatik 100 kmra hego-ekialdean. Aliatuak marra horretan 1944ko maiatza arte egon ziren geldituta.
Ekialdeko Frontea
aldatuStalingradeko azken tropa alemaniarrak 1943ko otsailaren 2an errenditu ziren. Alemaniak 6. armada osatzen zuten 300.000 soldatutik 96.000 besterik ez ziren Stalingradetik bizirik atera. Hauxe izan zen Bigarren Mundu Gerrako norabidea aldatu zuen une garrantzitsuenetako bat.
Sobietar Batasunak 1943ko hasieran erasoari ekin zion berriz, Don ibaitik hurbil. Hasieran aurrera egitea lortu zuen Armada Gorriak, harik eta alemaniarrak sobietarren armada hedatuegiaz eta egoera ahulaz baliatu ziren arte. Kontraerasoan, alemaniarrek Kharkov hiria eta aldameneko eremua berreskuratu zituzten. Nazien azken garaipen inportantea izan zen.
Udaberrian euriteek borroketan hastea galarazi zuten, baina bi aldeak denboraz probestu ziren udan etortzekoa zen bataila prestatzeko. Erasoaren data behin eta berriro atzeratu ostean eta gerra osoko indar handiena bildu ondoren, uztailaren 4an ekin zioten alemaniarrek erasoari Kursken. Asmo horiek ezagutua, sobietarrek lubaki-sare erraldoia industu zuten defentsarako. Kurskeko bataila gerrako tanke-borroka handiena bilakatu zen. Errefortzurik gabe, alemaniarrek sobietarren kontraerasoari ezin izan zioten eutsi.
Porrot honen ostean, Ekialdeko Frontean eta gerra bukatu arte alemaniarrek atzera egiten zuten sobietarrek aurrera egin ahala. Abuzturako Hitlerrek Dnieperrera itzultzeko agindu zuen. Baina urrian Dniper ere ezin izan zuten defendatu. Azaroran Kiev berreskuratu zuten sobietarrek.
Ozeano Bareko Frontea
aldatuGuadalcanal uhartea hartu ostean, AEBek, Zeelanda Berriak eta Australiak Solomon Uharteak, Ginea Berria eta Herbehereetako Ekialdeko Indiak berreskuratzeari ekin zioten.
Ekainaren 30ean, Cartwheel Operazioa martxan jarri zuten aliatuek, Ozeano Bareko hegoaldea eta hegomendebaldea menderatzean Japoniako Rabaul basea isolatu nahian. Ondoren, uhartez uharte Japonia arte joan nahi zuten. Horretarako, Tulagi eta Santa Cruz irlak, Ginea Berriko iparraldeko kosta eta aipatutako Rabaul basea helburu nagusiak izan ziren.
Azaroan, ABEk Tarawako bataila, Ozeano Barean lehen anfibio-eraso ezagutu zuen borroka, irabazi zuten. Bajen kopuru handiak protestak eragin zituen AEBen barnan, lehen bistadizoan garrantzi txikiko irla ñimiño batengatik horrenbeste hildako izatea ez ulertuta. Orduan, aliatuek japoniarren hainbat gotorleku inguratu zituzten hornigaien eta tropa berrien faltak Japoniari amore emanarazi ziolakoan.
1944: Amaieraren hasiera
aldatuMendebaldeko Frontea
aldatuEkialdeko Frontean Alemaniako presioa arintzeko eta gerraren bukaera lehenago iristeko, 1944ko ekainaren 6an aliatuek Mendebaldeko Europan beste fronte bat zabaldu zuten Normandiako kostaldean lehorreratze masiboren bidez. Hiru milioi soldaduk parte hartuta, historiako tropa lehorreratze handiena izaten jarraitzen du Overlord Operazioa ezkutuko izena zuen lehorreratze hark.
Tropa alemaniarren %85-90 Ekialdeko Frontean zegoen, eta VII. Armada eta Panzer V. Armada besterik ezin zuen ekialdetik mugitu aliatuen lehorreratzeari aurre egiteko. Gainera, kostaldean gotorleku andana eraikita zituzten naziek, baina zenbait tokitan amaitu gabe zeuden. Dwight D. Eisenhower buru zuten aliatuek lehorreratzea Calais aldean gertatzekoa zen plana zabaldu zuten. Horrela, 50.000 soldadu alemaniar baino ez zeuden Normandia aldean lehorreratzearen egunean.
Nolanahi ere, alemaniarren erresistentzia gogorra zen oso, hainbat hondartzatan aliatuek egundoko bajen kopuruak izan baitzituzten. Uztailaren bukaerako frontea ongi garatuta zegoen. Normandia menderatuta, Frantzia hartzea erraza izan zen. Abuztuaren 25ean Parisa sartu ziren aliatuak. Irailerako Belgika eta Frantziako zati nagusiak aliatuen menpe zeuden berriro.
Irailean bertan, aliatuek, izugarrizko azpiegituraz baliaturik, ofentsiba zabal bat abiatu zuten Herbeheretan. Ofentsiba honi, Market Garden Operazioa deitu zioten, eta helburu gisa herrialdea zeharkatzea zuen, Rhin ibaira heldu eta Alemaniako lurretan sartzeko. Aitzitik, operazio honek izaniko aurrikuspen eta antolakuntza eskasa zela medio, aliatuek sekulako porrota jasan zuten Holandan, eta gerraren amaiera ia urte betez luzatu zitzaien.
Abenduan alemaniarrek kontraerasoa burutu zuten, Bulgeko bataila izenekoa, Anberes hiria berreskuratzeko asmotan, zeren, hala gertatuz gero, aliatuen hornigai-bidaltzea etenda gertatuko litzatekeen eta aliatuen frontea erdibituko litzatekeen. Hasierako garaipenak gorabehera, nazien hegazkineria oso kaltetuta atera zen, eta, urtarrilerako, galdutako lurraldea berreskuratu zuten aliatuek.
Bitartean, Italian, Anzion lehorreratu ziren aliatuak. Gustav Marrak pairatu zituen erasoak zirela eta, alemaniarrek atzera egin behar izan zuten, eta Erroma 1944ko ekainaren 4an hartu zuten aliatuek. Nolanahi ere, alemaniarrek beste defentsa-fronte bat osatu zuten, Marra Gotikoa izenekoa, Apeninoetan, Florentziatik ipar eta ekialdean. Gogor ahaleginduta, aliatuak mendateak bereganatzen hasi ziren, Po ibaira jaisteko prest. Alabaina, Frantziaren inbasioak hainbeste tropa eskatzen zuenez, moteldu zen Italiako kanpaina. Negurako, Boloniako hegoaldean zeuden aliatuak.
Ekialdeko Frontea
aldatuSobietarrek fronteko hegoaldean oso azkar egin zuten aurrera 1943ko irailetik 1944ko maiatza arte, Ukraina osoa berreskuratu baitzuten, Errumania eta Poloniako mugetaraino. Fronteko iparraldean, Leningradeko setioa hautsita, Estonia eta Letonia aldera abiatu ziren. 1941ean Finlandiak hartutako lurraldea ere berreskuratu zuen SESBk. Ondorioz, Finlandia irailaren 4an errenditu zen. Fronteko erdialdean, Bagration Operazioan Alemaniako armada suntsiturik suertatu zen. Sobietar Batasunak 600 km egin zuen aurrera, Bielorrusia zeharkatuta, Lituania, Polonia eta Hungariaraino.
Fronteko hegoaldean, Errumaniako armada garaituta, Karlos II. erregeak bakea eskatu zien sobietarrei. Horrean aurrean, naziak erregea hiltzen saiatu ziren. Ekintza horrek Errumania aliatuen aldera eraman zuen, Alemaniari gerra deklaratuta. Aste baten buruan, Bulgaria ere aliatuen aldera igaro zen. Sobietarrek Jugoslaviarantz jo zuten, Belgradera urriaren 15ean iritsirik. Greziak alemaniarren menpe jarraitzen zuen arren, isolaturik ez geratzeko, naziek utzi behar izan zuten.
Polonian, alemaniarren agintearen kontrako matxinada sortu zen abuztuaren 1ean, Varsovian hain zuzen ere. Poloniarrek matxinadak egun batzuk irautea espero zuten, Armada Gorria hirira iritsi arte. Baina Stalinen asmoa bestelakoa zen, zeren, naziak kanporatuta, Poloniak gobernu komunista izan zezan nahi zuen, eta matxinatuak Poloniako herbesteko gobernuaren aginduetara jarri ziren. Bitartean, alemaniarrek tropa berriak igorri zituzten hiriaren gaineko kontrola berreskuratzeko. Honela, urriaren 2an, azken matxinoak errenditu ziren.
Ozeano Bareko Frontea
aldatuJaponia 1944ko martxoaren 8an India, oraindik ere Erresuma Batuko kolonia, hartzen saiatu zen Birmaniatik eraso eginda. Imphal setiatzea eta Kohimarekiko komunikazioa etetea lortu arren, hilabete batzuen ostean aurrerapenik gabe, japoniarrek atzera egin zuten hornigaien faltan. Guztira 55.000 hildako izan zituzten japoniarrek, historiako kopuru okerrena.
Ozeano Barean bertan, Ameriketako Estatu Batuek aurrera jarraitzen zuten. Marshall uharteak 1944ko otsailean bereganatuta, ekain eta abuztuaren bitartean Mariana uharteak eta Saipan konkistatu zituzten. Saipan uhartea edukitzeak Japonia bera bonbardatzea ahalbidetu zien AEBei. Japoniako erantzuna Filipinetako Itsasoko bataila izan zen, non geratzen zitzaien gerraontzi gehienak erabili zituzten japoniarrek, AEBetako armada Mariana uhartetatik egotzi nahian. Garaituta atera ondoren, Japoniako hegazkin-eramaileak suntsiturik edo larriki kalteturik suertatu ziren. Ondorioz, urriaren 20an Filipinetako konkista hasi zen AEBen partez. Borroka horietan, japoniarrek kamikazeak lehen aldiz erabili zituzten.
1945: Gerraren amaiera
aldatuApirilean Alemania errenditu zen, Hitler hil eta bi egunetara. Hau eta gero, Japonia izan zen gerran jarraitzen zuen ardatzeko estatu bakarra eta Estatu Batuak hauen kontra jo zuten. Okinawa inbaditu eta gero Estatu Batuetako lehendakariak ikusi zuen Japoniako irlak inbaditzerakoan soldadu asko hilko zirela eta honegatik "Fat Man" (uraniozkoa) eta "Little boy" (plutoniozko) bonba atomikoak jaurti zituen Hiroshima eta Nagasakin[17]. Bitartean Errusiak Mantxuria inbaditu zuen eta Kurilak ere. Hau eta gero Japonia "USS Missouri" gerra-ontzian Japoniako presidentea eta komitiba batek errendizioa sinatu zuen.
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Europa askatuaren adierazpena | |
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009 |
« |
Askatutako herriek eskubide horiek gauzatzeko behar dituzten baldintzak ezartzeko, hiru gobernuek batera lagunduko diete Europan askatutako estatuetako herriei edo Ardatzaren antzinako sateliteetakoei, behar den beste aldiz eta helburu hauekin:
|
» |
—[18]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Mendebaldeko Frontea
aldatuItalian aliatuen azken erasoa 1945eko apirilaren 9an hasi zen. Po ibaiko lautada osoa okupatuta, naziek Alpeetara jo zuten. Mussolini, Clara Petacci amorantearekin, Milandik Suitzara ihesean joan zen, baina bidean partisano italiarrek atzeman zituzten. Fusilatuta, euren gorpuak Milan erakutsi zituzten. Italiako armada alemaniarra 1945eko maiatzaren 2an errenditu zen.
Frantzian, 1945eko otsailean eta martxoan, aliatuek Rhin aldera egin zuten aurrera, Herbeheretatik Suitzara zihoan frontean. Rhin zeharkatuta, apirilean Alemaniako defentsa amildu zen, eta Rhin eta Elba ibaien arteko eremua, Iparraldeko Itsasotik Alpeetara, aliatuen mendean geratu zen. Dwight D. Eisenhower aliatuen buruak Berlinen konkista Armada Gorriaren esku uztea erabaki zuen. Apirilaren 25ean aliatuen bi armadak elkartu ziren lehen aldiz.
Ekialdeko Frontea
aldatuVistula ibaian trabaturik geratu ondoren, 1945eko urtarrilaren 12an Poloniaren kanpainari ekin zion berriro SESBk. Ordu gutxiren buruan, Alemaniako defentsa amildu zen, eta harrigarri asko egin zuten aurrera sobietarrek. Ekialdeko Prusia okupatuta, milioika alemaniar jatorrizko biztanleek ihes egin zuten, errusiarren errepresioaren beldurrez. Urtarrilaren 19an gerraren aurretiko Alemaniako muga zeharkatu zuten. Oder ibaian, Berlindik 70 kilometrora gelditu ziren indarrak biltzearren. Fronteko gainerako zonaldeetan ere ziztu bizian egiten zuten aurrera sobietarrek. Budapest otsailaren 13an hartu zen, setio luze baten ostean. Austrian martxoaren 30ean sartu ziren, eta Viena apirilaren 13an bereganatu.
Apirilaren 16an Berlinen kontrako azken erasoa hasi zen iparraldetik, ekialdetik eta hegoaldetik, hiria inguratzeko asmotan (ikusi, Berlineko bataila). Defentsa alemaniarra zibilek, horietako asko nerabeek, osatua zen. Auzoz auzo eta kalez kale, pixkanaka pixkanaka hiriburua menderatuz joan ziren. Hitlerrek ihes egiteari uko egin zion, eta, apirilaren 30ean, sobietarrak kale batzuk haratago zeudela, bere buruaz beste egin zuen. Berlin maiatzaren 2an erori zen.
Karl Dönitz almiranteak, Hitlerren ondorengoak, maiatzaren 7an baimendu zuen Jodl jenerala Alemaniaren baldintzarik gabeko errendizioa onar zezan. Honela, Europako frontean amaitu zen gerra.
Ozeano Bareko Frontea
aldatuTxinako armada lagun, 1944ko bukaeratik Erresuma Batuak Birmaniaren birkonkistatzeari ekin zion Indiatik eta herrialdeko hartu gabe zirauten lurraldeetatik eraso eginda. Mandalay 1945eko martxoaren 20an hartu zuten, eta Rangun, hiriburua, maiatzaren 2an, japoniarrak Birmaniatik ateraraziz.
Filipinetan, Luzonera, irla handienera, lehorreratuta, Manila martxoaren 3an bereganatu zuten aliatuek. Irletako konkista osoa uztailean bukatu zen. Hori burutu baino lehen, halere, beste aurrerapauso batuk eman zituzten estatubatuarrek. Iwo Jima irla estrategikoki oso garrantzitsua zen, hortik B-29 bonbardatzaileei laguntza eman ahal baitzitzaien. Hor, japoniarren defentsa bereziki gogorra izan zen, eta aliatuen hildakoen kopurua oso altua izan zen (ikusi, Iwo Jimako bataila). Okinawan, hurrengo helburuan ere, bajen kopurua oso handia izan zen.
Ozeano Barean zehar erresistentzia gune andana geratu arren, AEBetako komandantziak Japoniako inbasioa azarorako zeukan aurreikusita. Nolanahi ere, Iwo Jiman eta Okinawan aurkitutako aurkaritzak beste plan bat pentsatzera eraman zituen.
Uztailean, Manhattan Proiektuari esker, munduko lehen bonba atomikoa sortu zen. Harry S. Truman AEBetako presidente berriak arma berri hori erabiltzeko deliberoa hartu zuen, Japoniak lehenbailehen amore ematera behartzeko. Abuztuaren 6an Hiroshima hirian lehertu zuen asmo belikoak zituen lehen bonba atomikoak. Hiria erabat txikituta eta 75.000 hildako zituen ondorio. Abuztuaren 9an Nagasakin, paretsuko hondamendia eraginda, bigarrenak lehertu zuen.
Abuztuaren 8an, Jaltako Batzarrean hitzartutakoari eutsita, Sobietar Batasunak gerra deklaratu zion Japoniari eta Mantxuria inbaditu zuten.
Abuztuaren 15ean, Hirohito Japoniako enperadoreak irratian herrialdeari errendizioa jakinarazi zion, nahiz eta gobernuko zati bat borrokan jarraitzearen alde egon. Irailaren 2an errendizio ofiziala sinatuta amaitu zen Bigarren Mundu Gerra.
Gerraren ondorioak
aldatuSuntsipenak eta gehiegikeriak
aldatuHildakoen kopuruen gaineko estimazio guztiak ez datoz bat, heriotzen gehiengoa dokumentatu ez zelako, baina esan daiteke 60 milioi lagun inguru hil zirela gerra honetan; horietakoak 20 milioi soldaduak eta 40 milioi zibilak ziren. Zibil guztiak armen ondorioz ez ziren hil, izurriteaz, goseteaz edo genozidioaz baizik. Holokaustoko biktimak 12 milioi izatera irits daitezke.
Bigarren Mundu Gerrak zibilen gainean jarri zuen sufrimenduen parte handiena: judu, homosexual, ijito, eslaviar eta ezinduen kontzentrazio-esparruetan biltzea Alemaniaren aldetik; japoniarren kontzentrazio-esparrutan biltzea Estatu Batuetan; Txinako biztanleriarengan eragindako sarraskiak Japoniar soldaduen aldetik; gizakien gaineko esperimentazio zientifikoak mediku nazi eta japoniarren aldetik; zibilen kontrako airetiko bonbardaketak, lehenengo Ardatzen partetik Rotterdam eta Londresen, eta gero Aliatuen partetik Tokion, Dresdenen edota Hanburgon, besteak beste; eta lehenengo aldiz bonba atomikoaren erabilpena, Estatu Batuen aldetik, Hiroshima eta Nagasakiren kontra.
Galtzaileen krimenak zigortzeko, 1945tik 1951 arte, Alemaniako eta Japoniako zenbait ofizial eta funtzionario epaitu zituzten gerra krimenak leporatuta. Alemaniakoak Nurembergen eta Japoniakoak Tokion epaitu ziren. Garaileen sarraskiak, hala nola Dresdenen bonbardaketa edo bonba atomikoaren jaurtiketak, nazien adinekoak ez izan arren, ez ziren inon epaitu.
Hondamendi ekonomikoa
aldatuGatazkan parte hartu zuten herrialde gehienek oso krisialdi ekonomiko larria pairatu behar izan zuten, hain ziren handiak gerra ahaleginak. Batzuk, Alemania esaterako, erabat suntsiturik zegoen.
Europako herrialde horien ekonomia berpizteko (eta, bide batez, matxinada komunistak suertatzeko arriskua uxatzeko), 1947an Marshall Plana (izena George Marshall AEBetako Estatu Idazkaritik datorkio) abian jarri zuten AEBek. Sobietar Batasunari eta haren aliatuei ere eskaini zitzaien laguntza, baldin eta erreforma ekonomiko eta politikoak burutzen baziren. Alabaina, dolarren inperialismoaren beldurrez errefusatu zuten. 1948tik 1952 arte indarrean, garaiko 13 mila milioi dolar banatu ziren Mendebaldeko Europako herrialde horien artean. Alemaniak izan ezik, gainerakoek gerra aurreko maila ekonomikoa berreskuratu zuten 1952rako.
Muga berriak
aldatuGerraren bukaeran inperio kolonialetako lurralde frankok, India Erresuma Batutik edo Indonesia Herbeheretatik esaterako, independentzia aldarrikatu zuten Asia eta Afrikan zehar batez ere. Horren aurrean, herrialde inperialisten politikak desberdinak izan ziren. Frantziak, adi bidez, huts egin zuen Indotxinako kolonien gaineko kontrola berreskuratu nahi izan zuenean.
Baina Europan bertan sortu ziren muga berriak. Alsazia eta Lorena Frantziakoak izatera itzuli ziren. Sarre ere hartu zuen Frantziak protektoratu gisa, harik eta 1957an Mendebaldeko Alemaniari itzuli zion arte. Poloniako mugak berriz marraztu ziren, gerra aurreko Alemaniako zati batzuk (tartean Ekialdeko Prusia eta Goiko Silesia) hartuta eta ekialdean batzuk galduta, Molotov-Ribbentrop itunari jarraituta Sobietar Batasunak bereganatu zituen gehienak hain zuzen ere. Stalinek Finlandiako, Alemaniako (Ekialdeko Prusiaren zati bat) eta Japoniako hainbat lurraldeak ere irabazi zituen.
Alemaniak Austria galdu zuen, 1938ko Anschluss gertatu baino lehengo mugetara itzuliz. Txekiak eta Eslovakiak estatu bat osatu zuten berriro, oraingo honetan alemaniarrik gabeko Sudeteekin. Izan ere, galdutako lurralde horietatik (Austriatik izan ezik) alemaniar jatorrizko miloika lagun emigratu ziren Alemaniara, agintari berrien beldurrez. Halaber, Alemania okupazioko lau esparrutan zatitu zen, Frantziak, Erresuma Batuak, AEBek eta SESBk banaren gaineko kontrola hartuta. Geroago lehenengo hirurak batu ziren Mendebaldeko Alemania konstituzio-demokrazioa osatzeko. Laugarrena, Ekialdeko Europako zati handiena bezala, SESBen influentzia esparruaren azpian geratu zen, Mendebaldearen isilpeko onarpenarekin.
Gatazka berriak
aldatuHerrialde guztietan bake iraunkorra ez zen lortu. Txinan, komunisten eta nazionalisten arteko gatazka 1946an berpiztu zen, Japoniako inbasioak bi etsaiak batu ostean. Mao Zedongen Alderdi Komunista garaile atera zen, 1950erako kontinenteko Txina (Hainan irla barne) mendean baitzeukan. Nazionalistek Taiwan eta beste irla txikien gaineko kontrola konformatu behar izan zuten. Oraindik ere bake-hitzarmenik ez da sinatu bi alderdiren artean, nahiz eta hartu-eman ekonomikoak sustatu.
Japoniarrek Koreatik alde egitean, Sobietar Batasunak eta AEBek erabaki zuten, ia-ia korear guztien oposizioaren gainetik, herrialdea erdibitzea 38. paraleloan, iparraldeko eremua komunisten menpe eta hegoaldekoa amerikarren menpe geratuta. Nahiz eta estatu bakarra eta independentea sortzeko asmoa adierazi, bi superbotereek lider desberdinak bultzatu zituzten, eta bi estatuen egoera sortu zen, zeinek elkarren gaineko autoritatea aldarrikatzen zuten. Egoera ezegonkor horrek Koreako Gerrara eraman zuen.
Izan ere gudan sortu ziren superbotere berriak Ameriketako Estatu Batuak eta SESB izan ziren, Erresuma Batua munduko botere nagusia izateari utzi baitzion. Bi botere handien arteko tirabirek gora egin zuten gerra bukatutakoan, 1991 arte irautekoa zen Gerra Hotza izeneko gatazka sortuz. Lehia hainbat arlotan gertatu zen: ideologian, botere industrialean, espazioan, ekonomian, armen garapenean... Bien arteko buruz buruko borroka ez zen inoiz suertatu, baina ohikoak izan ziren beste herrialdeetan alde bakoitzak babestutakoen artekoak.
Nolanahi ere, Bigarren Mundu Gerraren gertakari latzen ostean, diplomaziako bideak hobetu nahi izan zituzten. Horretarako, Nazio Batuen Erakundea sortu zen, Nazioen Elkartea ordezkatuta. Izan ere, Nazioen Elkarteak ezin zuen ezer egin izan gatazka ekiditeko. Halaber, 1929ko krakak eragindako pobrezia orokorra berriro gerta ez zedin, Bretton Woods hitzarmenetan hainbat instituzio ekonomiko, Mundu Bankua edo Nazioarteko Diru Funtsa esaterako, sortu ziren.
Oharrak
aldatu- ↑ Txina eta Japoniaren arteko erasoak 1937tik aurrera ohikoak ziren, baina ez zen egon gerra deklarazio formalik Pearl Harborko erasoa gertatu zen arte, 1941ean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ Second World War: Fatalities Secondworldwar.co.uk
- ↑ The Oxford companion to World War II. (New ed. argitaraldia) Oxford University Press 2005 ISBN 0192806661. PMC 61175901. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ 1966-, Tyner, James A.,. (2009). War, violence, and population : making the body count. Guilford Press ISBN 9781606230374. PMC 243601948. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ «BBC - Tyne - Roots - Non-Jewish Holocaust Victims : The 5,000,000 others» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Sommerville, , Donald. (2008). The complete illustrated history of World War II : an authoritative account of the deadliest conflicts in human history with analysis of decisive encounters and landmark engagements. Lorenz ISBN 9780754818984. PMC 232365751. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ China in the anti-Japanese War, 1937-1945 : politics, culture and society. Peter Lang 2001 ISBN 0820445568. PMC 43913162. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «The Nobel Peace Prize 2012» NobelPrize.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Erik., Goldstein,. (2013). The First World War Peace Settlements, 1919-1925.. Taylor and Francis ISBN 9781317883678. PMC 870591151. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ The Columbia history of twentieth-century French thought. Columbia University Press 2006 ISBN 0231107919. PMC 61458354. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ R., Kantowicz, Edward. (1999). The rage of nations. Eerdmans ISBN 0802844553. PMC 39464791. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «Unemployment in Nazi Germany» Spartacus Educational (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ 1973-, Shaw, Antony,. (2000). World War II day by day. MBI Pub. Co ISBN 0760309396. PMC 44550609. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Brody, Kenneth J.. (1999-2000). The avoidable war. Transaction Publishers ISBN 156000374X. PMC 40199844. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Michael., Zalampas,. (1989). Adolf Hitler and the Third Reich in American magazines, 1923-1939. Bowling Green State University Popular Press ISBN 0879724617. PMC 20926163. (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Whyte, Bert; Hannant, Larry. (2011). Champagne and Meatballs: Adventures of a Canadian Communist. Edmonton: Athabasca University Press, 17 or. ISBN 978-1-926836-08-9. OCLC .691744583.
- ↑ (Ingelesez) Jones, Vincent C. (1985). Manhattan, the Army and the atomic bomb. Center of Military History, U.S. Army : For sale by the Supt. of Docs., U.S. G.P.O. (Noiz kontsultatua: 2018-02-20).
- ↑ a b Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..